Sei ume Barrundiako Eskola Txikitik kanpo utzi dituztela salatu dute gurasoek

Erredakzioa 2020ko eka. 5a, 16:01
Mobilizazioa egin dute ostegun honetan Hezkuntza Ordezkaritzan. / @Kilimak_igeampa

Kilimak gurasoen elkarteak salatu du Lehen Hezkuntzako sei haur onartzeari ateak itxi dizkiola Eusko Jaurlaritzak. Matrikulatutako ikasle guztiak onartzea eskatu eta proposamen zehatz bat helarazi diote Hezkuntza Sailari.

"Bi urtez Barrundian eskola publiko bat irekitzeko lanean aritu ondoren, prozesuaren azken fasean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ateak itxi dizkio Lehen Hezkuntzako sei haur onartzeari, nahiz eta aurretik matrikularen eskaera eginda izan", salatu du Kilimak gurasoen elkarteak ostegun honetan Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Azaldu dutenez, joan den ostegunean, maiatzaren 28an, jakinarazi zieten Haur Hezkuntzako 15 haurrak onartu zituztela, baina ez, ordea, Lehen Hezkuntzako beste 6 haurrak: "Erabaki horri buruz ez zaigu inolako justifikaziorik eman, eta babesik gabe sentitzen gara", deitoratu dute. Hasiera batean, irailean 21 umerekin hasi behar zuen Eskola Txikiak ikasturte berria.

Barrundiako Udalak Hezkuntza Saileko Ikastetxeen Zuzendaritzarekin izan dituen idatzizko elkarrizketa eta komunikazio ez-ofizialetatik, arrazoia Haur Hezkuntzako umeen kopurua dela ondorioztatzen dute gurasoek. Izan ere, 21/2009 Dekretuan oinarrituta, ziklo horretarako bi gela izatea eskatuko luke Eusko Jaurlaritzak.

Etorkizuneko eskola birgaitzeko proiektuak bi gela ditu. Hasieran, Haur Hezkuntzako bat eta Lehen Hezkuntzako beste bat izango zituen, baina, modu honetan, bi gelak soilik Haur Hezkuntzara bideratzea erabaki du Hezkuntza Sailak.

Gurasoen proposamena: hiru gela

Udalak eta Kilimak gurasoen elkarteak proposamen bat egin dute, 64 metro koadroko gela handiena 34 eta 30 metro koadroko bi gelatan banatzea. Horrela araudia beteko litzateke, Haur Hezkuntzako bi taldeak hartu ahal izateko, eta Lehen Hezkuntzako hirugarren gela bat libre gera dadin.

"Proposamen horretatik ez dugu erantzunik jaso", deitoratu dute gurasoek. Gainera, behin betiko matrikulazio-prozesua oraindik amaitu ez dela ohartarazi dute: baliteke Haur Hezkuntzako bi gela sortzeko behar adina ikasle ez egotea, eta, kasu honetan, gela bat hutsik geratuko litzateke.

Azalpenak ematea, proposamena baloratzea eta aurrez matrikulatutako ikasle guztiak onartzea eskatzeko mobilizatu dira gurasoak Arabako Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide