21 umek hasiko dute hurrengo ikasturtea Barrundiako eskola txikian

Erredakzioa 2020ko ots. 13a, 14:00
Ozetan eskola txiki bat zabaltzeko lanean ibili dira azken urteetan. / Susana Lopez de Ullibarri

Ekinbide eraikina egokitzeko 74.600 euroko inbertsioa egingo du Barrundiako Udalak. Haur Hezkuntzan hamabost ume egongo dira eta Lehen Hezkuntzan beste sei.

2020/2021 ikasturtean zabalduko da Barrundiako Eskola Txikia, eta matrikulazio kanpaina amaituta, 21 umek eman dute izena. Gehienak udalerrikoak dira, eta horietako hamabost Haur Hezkuntzan egongo dira eta beste sei Lehen Hezkuntzan. Otsailaren 25ean argitaratuko dira zerrendak.

Hurrengo ikasturtean ateak zabaldu ahal izateko, proiektu teknikoa esleitu nahi du Barrundiako Udalak datorren astean. Ondoren, hilabeteko epean aurkeztu beharko dute proiektua lanak esleitu eta gauzatzeko.

Urteetako lanaren ondorioz lortu dute Barrundian eskola txiki bat izatea: "Herri biziak nahi baditugu, gure geroa zaindu behar dugu ezinbestean eta umeak hemen hazteko aukera izan behar dugu", adierazi du alkate Igor Medina Isasak. "Funtsezko proiektua zen herri eskola bat zabaltzea", azaldu du.

Barrundiako udalerriak 880 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 85 dira bi eta hamabi urte bitarteko umeak. Gaur egun, udalerria osatzen duten 13 herrietatik beste udalerrietara joan behar dira hiru urtetik gorako haurrak egunero ikastera.

Bestalde, Haur Eskola badute Ozetan, baina bertako gurasoek Etxeako elkartea sortu eta Ozetan eskola txiki bat zabaltzeko lanean ibili dira azken urteetan.

Beste eskoletan bezala, eskolatik bi kilometrotik gorako distantzian bizi direnek garraiorako aukera izango dute. Bertako jantokia, aldiz, guraso elkartearen esku geldituko da. Tartean, Hezkuntza Sailaren ardura izango da irakasleen plazak betetzeko deialdia.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide