Eskola Txikiko matrikulazio zerrenda eskatu dio Barrundiako Udalak Jaurlaritzari

Erredakzioa 2020ko mar. 25a, 17:40
Barrundiako udaletxea, Ozaetan. / euskadi.eus

Hezkuntza Sailak martxoaren 17an jakinarazi behar zien behin-behineko zerrenda gurasoei eta Udalari, alegazioak egiteko aukera emateko. "Ez dugu inolako azalpen ofizialik jaso", adierazi du Barrundiako alkateak.

Barrundiako Udalak Eskola Txikiko behin-behineko matrikulazio zerrenda eskatu dio Hezkuntza Sailari. Izan ere, martxoaren 17an Hezkuntza Sailak Udalari zein gurasoei jakinarazi behar zien zerrenda hori, astebeteko epean egin beharreko alegazioak egin ahal izateko.

"Ez dugu inolako azalpen ofizialik jaso, eta ez dugu ulertzen zergatik ez den behin-behineko zerrenda publiko egin", azaldu du Barrundiako alkate Igor Medina Isasa.

Lehenbailehen jakinaraztea eskatu diote Hezkuntza Sailari, Barrundiako Udalak igorritako idazki batean. Bertan alegazioak egiteko ezarriko den epe muga zehaztea ere eskatu diote, atzerapenaren inguruko azalpenak eskatuz.

21 ume Barrundiako Eskola Txikian

Matrikulazio kanpaina amaituta, 21 umek eman zuten izena 2020/2021 ikasturtean zabalduko den Barrundiako Eskola Txikian. Ia gehienak udalerrikoak dira: horietako hamabost Haur Hezkuntzan eta beste sei Lehen Hezkuntzan.

Urtetako lanaren ondorioz lortu du Barrundiak eskola txiki bat izatea, eta Ekinbide eraikinean egongo da. Eraikina egokitzeko 74.600 euro inbertituko ditu Barrundiako Udalak.

880 bizilagun inguru ditu Barrundiak, eta horietatik 85 dira 2 eta 12 urte bitarteko umeak. Koronabirusa iritsi baino lehen, udalerria osatzen duten 13 herrietatik beste udalerrietara joan behar ziren 3 urtetik gorako haurrak egunero, ohiko hezkuntza jarduera egiteko. Bitartean, txikiagoek Haur Eskola dute Ozaetan.

Osasun krisia amaitzen denean, hurrengo ikasturteari begira, errealitate bat izatetik hurbilago egongo da Barrundiako Eskola Txikia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide