Eskola Txikia egokitzeko lanak lehiaketara atera ditu Barrundiako Udalak

Erredakzioa 2020ko mai. 18a, 15:58
Ekinbide eraikina, Barrundiako udaletxe izandakoa. / euskadi.eus

Barrundiako Udalak 100.000 euro inguruko inbertsioa egingo du Ekinbide eraikina egokitzeko. Lanak lau hilabetez luzatuko dira, eta, dena ondo bidean, Eskola Txikiak irailean irekiko ditu bere ateak, 21 haurrekin.

Gaur egun 3 urte bitarteko umeen haurreskola hartzen du behinola udaletxe zaharra izandako Ekinbide eraikinak. Dagoeneko eraikina egokitzeko eta bertan Eskola Txikia egiteko lanak lehiaketara atera ditu Barrundiako Udalak. Guztira 100.000 euro inguru inbertituko dituzte "datorren ikasturtean Barrundiak Eskola Txikia izan dezan".

Behin obrak amaituta, Eskola Txikiak Haur Hezkuntzako gela bat eta Lehen Hezkuntzako beste bat izango ditu. Haurren gela beheko solairuan egongo da, sarbide independente batekin, eta 561 metro koadroko lorategi batera zuzenean sartzeko aukera izango du. Gainera, etorkizunean ataripe bat eraikitzea ere aurreikusi dute.

Lehen solairuak Lehen Hezkuntzako gela, erabilera anitzeko gela bat, bulegoetarako gunea, laguntza-gela eta jolas-lekua hartuko ditu.

21 haur irailetik aurrera

Barrundiako Landa Eskolan 21 haurrek eman dute izena dagoeneko, gehienak udalerrikoak: hamabost Haur Hezkuntzan eta beste sei Lehen Hezkuntzan.

Horrela, barrundiarren aspaldiko aldarrikapena gauzatuko da. Izan ere, udalerriak 880 bizilagun inguru ditu, eta horietatik 85 dira 2 eta 12 urte bitarteko haurrak.

Koronabirusa iritsi baino lehen, udalerria osatzen duten 13 herrietatik beste udalerrietara joan behar ziren 3 urtetik gorako haurrak egunero, ohiko hezkuntza jarduera egiteko. Bitartean, txikiagoek Haur Eskola dute Ozaetan.

Osasun krisia amaitzen denean, hurrengo ikasturteari begira, errealitate bat izatetik hurbilago egongo da Barrundiako Eskola Txikia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide