Bertako Kultura teknikari Josu Perez de Villarrealek azaldu zuen bezala, 250 abere inguru izan dira 11:00etatik aurrera ikusgai. Ez da falta Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako XII lehiaketa: "Hitzordu garrantzitsuena da Aguraingoa, eta beraz, abere onenak bilduko dira", adierazi zuen. Horrez gain, arraza ezberdineko behi, ardi, ahuntz, asto, oilo eta txerrien erakusketak ere izan dira.
Aguraindarren eta ingurukoen artean ikusmin handia sortzen duen beste lehiaketa bat ere antolatu dute; hain justu, Arabako XXXIII. Artzain Gazta lehiaketa: "Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria da; lehen hamarrek lortuko dute txartela. Ingurune honetan oso gazta ona egiten da, eta ikusteko dago aurten zeinek irabazten duen".
Eskulturen zozketa
Bestalde, motozerrarekin egindako eskulturen lehiaketa ere egingo dute gaur; berrikuntzekin dator gainera ekimena, aurten eskulturak zozkatuko direlako eta lortutako dirua gizarte larrialdietarako funtsera bideratuko da.
Azoka hitzordu esanguratsuena baldin bada ere, bestelako jarduerak ere izan dira egun osoan zehar. Goiz eta eguerdi partean, Aguraingo musika eskolako ikasleek erakusketa gunea alaitu dute trikitiekin.
Eta azkenik, arratsaldean, pilota partiduak jokatuko dira, 17:00etan; besteak beste, Olaizola II-Mariezkurrena II eta Bengoetxea VI-Albisu bikoteen arteko norgehiagoka jokatuko da. Ordubete beranduago, magia saioa izango da txosnagunean; eta 19:00etan, San Juan plaza girotuko du Xaiborrek.