Abere artean, egun pasa ederra

Mirian Biteri 2019ko urr. 6a, 08:30

Egilea: Marta Martinez de Gereñu.

Asteartean, hilak 8, egingo dute Aguraingo abere azoka ospetsua.

Jaietan murgilduta dago berriro ere Agurain. Larunbatean, urriak 5, hasiko dira herriko festak, eta urtero moduan, hamaika jarduera prestatu dituzte egunotarako; tartean, 624 urte betetzen dituen astearteko abere azoka.

Bertako Kultura teknikari Josu Perez de Villarrealek azaldu du 250 abere inguru izango direla 11:00etatik aurrera  ikusgai. Ez da faltako Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako XII lehiaketa: "Hitzordu garrantzitsuena da Aguraingoa, eta beraz, abere onenak bilduko dira, adierazi du. Horrez gain, arraza ezberdineko behi, ardi, ahuntz, asto, oilo eta txerrien erakusketak izango dira.

Aguraindarren eta ingurukoen artean ikusmin handia sortzen duen beste lehiaketa bat ere antolatu dute; hain justu, Arabako XXXIII. Artzain Gazta  lehiaketa: "Euskal Herriko txapelketarako puntuagarria da; lehen  hamarrek lortuko dute txartela. Ingurune honetan oso gazta ona egiten da, eta ikusteko dago aurten zeinek irabazten duen".

Eskulturen zozketa

Bestalde, motozerrarekin egindako eskulturen lehiaketa ere egingo dute; berrikuntzekin dator gainera ekimena, aurten eskulturak zozkatuko direlako eta lortutako dirua gizarte larrialdietarako funtsera bideratuko da. 

Azoka hitzordu esanguratsuena baldin bada ere, bestelako jarduerak ere izango dira egun osoan zehar. Goiz eta eguerdi partean, Aguraingo musika eskolako ikasleek erakusketa gunea alaituko dute trikitiekin.

Arratsaldean, pilota partiduak jokatuko dira, 17:00etan; besteak beste, Olaizola II-Mariezkurrena II eta Bengoetxea VI-Albisu bikoteen arteko norgehiagoka jokatuko da. Ordubete beranduago, magia saioa izango da txosnagunean; eta 19:00etan, San Juan plaza girotuko du Xaiborrek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago