'1936'

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2026ko apirilaren 9a

Argazkia: '1936'

"Hiru ordu eta erdi irauten du. Ez beldurtu, eta egin kasu, ikusi. Gozatu. Hausnartu"

Aldarrikatzen zuten XX. mendeko lehen hamarkada haietako pentsalari eta idazleek zinemak modua bilatu behar zuela "antzerki filmatua" izatetik urrundu eta arte propio bilakatuko zuena aurkitzeko, eta iritsi zen: planoen arteko elkar-eragitea, muntaia, finean. Pasatu dira ordutik 100 urte baino gehiago, eta zinemak lortu du bere esentzia aldarrikatzea.

Hala ere, ez ditu sekula baztertu beste arte modalitateak; are gehiago, horiekin bizitzen ikasi du. Antzerkia aipatu dugula, Jean Renoir dugu adibiderik esanguratsuena, haren filmografia zeharkatzen baitu taula gaineko dramatizazioak; 1962ko Le carrosse d’or lanean, esaterako, modu axolagabean barneratzen du ikus-entzulea agertokian, eta gero, bukaeran, hor dira gortinak, nola ez.

Bestetik, Federico Garcia Lorcaren, Tennessee Williamsen, William Shakespeareren edota Rainer Werner Fassbinderren obrak sarri ikusi ditugu pantaila handian. Azken honek, gainera, berak espreski moldatu eta zuzendu izan ditu, lagunartean betiere, eta estilo oso partikularrarekin: errepresentatutakoak ez ditu ezkutatzen dispositiboaren erraiak, eta haren diskurtso zapaltzaile bezain parte-hartzaileek gogor kolpatzen gaitu.

Azkenean iritsi gara gaurko testuaren muinera! Zinemaz aritzen gara hizketan Zinean, badakizue. Baina, noizean behin ez dago gaizki salbuespentxoak egitea. Izan ere, Fassbinderren egiteko modua ekarri dit gogora ekoizpen zinematografikoa duen 1936 antzezlanak; beste norbaitena (edo inorena) iradokiko dizue zuei, agian.

Antzerkiaren Munduko Egunaren harira, RTVEk zuzenean emititu du Espainiako Gerra Zibila goitik behera errepasatzen duen obra kritiko eta zorrotzaren ikus-entzunezko egokitzapena, eta korporazioaren streaming plataforman duzue orain ikusgai. Hiru ordu eta erdi irauten du, ez beldurtu, eta egin kasu, ikusi. Gozatu. Hausnartu. Gomendatu. Zur eta lur utziko zaituzte.

Albert Boronat, Juan Cavestany, Andres Lima eta Juan Mayorgak idatzitako antzerki trilogiaren itxiera da 1936. Txileko estatu kolpea abiapuntu duen Shock 1 eta Thatcher eta Reaganen gobernuak ardatz dituen Shock 2 obren ondorengoa.

Memoria historikoa berreskuratzeko ariketa erraldoi honek erabat baztertuko du azaleko dikotomietan nagitzea. Batzuen zein besteen ahotsak biltzen ditu (Franco, Yag¸e, Miaja, Mola, Ibarruri…), eta zaurietan, humanitatean, jarriko du azpimarra. Ez soilik diskurtsoan, baizik eta dispositiboan.

1936 ez da zinemarako film bat. Ez nuke esango grabatutako antzerki obra soil bat denik ere. Beste zerbait da, pantaila txikian zein handian disfrutatzeko ahalmena eta baliabideak dituena.

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago