Iritzia

'Franz'

Erabiltzailearen aurpegia Zinea 2026ko otsailaren 15a

Argazkia: 'FRANZ'

"Ur nahasietan sartu da zinemagilea, ez baita planteamendu ulerterrazena honakoa"

Nola aurre egin XX. mendeko idazle garrantzitsuenetako baten bizitza erakusteari? Ez da batere lan erraza hamarkadaz hamarkada luzatuko den istorioa laburbiltzea trazu erreduntanteetan erori gabe, eta zer esanik ez autorearen unibertso literarioa filmaren eszenaratzearen bidez iradoki nahi bada. James Marshkek Samuel Beckett –Dance First (2023)- erretratatzeko saiakera hutsala aurrekari hartuz, Agnieszka Hollandek erronka onartu du, bere inoizko proiekturik anbiziotsuena oparituz.

Idazle txekiarrari buruzko biopic aspergarri eta monotonoa izatetik urruti, Franz-ek erabateko askatasun formal eta estetikoa proposatuko digu. Bai, kaotikoa zen Kafka, irudimentsua, atormentatua, erreserbatua, fantastikoa. Eta adjektibo horiek guztiak baliogarri zaizkigu zinemagile poloniarraren filma ere deskribatzeko. Kausa-efektuaren logika narratiboaz arduratu gabe, muntaketa lan bizi eta barrokoarekin egingo du salto, aurrera zein atzera. Nobelagilearen haurtzarora zein gaur egungo Pragara, non hari eskainitako museoko gidariei segika ikusiko ditugun milaka bisitari.

Narratibaren demiurgo da Holland, eta horrela soilik uler daiteke autorearen desmitifikazio estimulatzaile honek eragin dezakeen disonantzia. Ur nahasietan sartu da zinemagilea, ez baita planteamendu ulerterrazena honakoa. Baina ausardiak definitu izan du beti poloniarra, konformismo ezak, eta Franz-ekin erakutsi du, beste behin, konbentzioetatik at dagoen zinema egiteko gaitasuna duela.

Zatikiak eta elementuak puzzle bateko piezak bailiran elkartuz, nahaspila orden bilakatuko da, literatura garaikideko jeinuari ezagutu izan zaion larritasun opresiboa maila bisualera ekarriz. Esentzia kafkianoari gorazarre baino, Franzi, pertsonari, egingo dio filmak ohore: ez artistari, baizik eta gizakiari. Kanpo begiradez hornitua, haren inguruko pertsonaiek guganako konplizitate erabatekoz hautsiko dute laugarren pareta, narratzaile bilakatuz, ikuspuntua emanez, lapurtu diogu isiltasuna berreskuratuz.

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago