Iritzia

Father Mother Sister Brother

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2026ko urtarrilaren 21a

'Father Mother Sister Brother'. Argazkia: AVALON

"Giza sentimenduen barrenetara bidai metaforikoa dakarkigu Jarmuschek"

Zinema estatubatuar independeteko aurpegi emankorrenetakoa den Jim Jarmuschek bere unibertso propioaren baitan bildu ditu bere ohiko kolaboratzaile zein motibo narratiboak. Atal ezberdinetan zatituta, familiarteko harremanak, elkartze forzatuak eta konpondu gabeko tentsioak harakatu ditu Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia irabazi duen Father Mother Sister Brother lan zoragarrian.

Giza sentimenduen barrenetara bidai metaforikoa dakarkigu Jarmschusek, geruza ezberdinetan aletu daitekeena. Bidaiak, ohi bezala, auto bidezkoak izango dira, non filma egituratzen duten hiru istorietako protagonistek elkarrizketa hutsalak izango dituzten. Night on Earth (1991) maisulana gogoan, munduan barrena -AEB, Irlanda, Frantzia- aurkeztuko dizkigu pertsonaiak, denak ere, urteak elkar ikusi gabe igaro ondoren gurasoekin (edo horien oroitzapenarekin) berriro bilduko dira. Kotxeetako azaleko intimitaeak talka egingo du, nolabait, elkargune diren apartamentuetako itxurakeriarekin.

Eszenaratze hutsa gara, zinema bera bezala. Eta zuzendari estatubatuarrak ezinhobeto eraman du ideia hau pantailara

Zinemagile estatubatuarren artean Jarmusch europarrena dela esan izan da, eta bere filmografia luzean zehar erakutsi du 60ko eta 70eko zinema berrien kontsientzia autoerreflexiboa bere egin duela. 80ko hamarkadakoak ditu bere lehen pelikulak, eta denetan ere nabari zaio sentsimilitate eta begirada gizatiarra. Gertaeretan baino, pertsonengan jarri izan du fokua, are, bere film berrienean: Eric Rohmerrren zinemagintzako premisa zuhurrenari atxikita, portaerek ezkutatzen duten egiaz arituko zaigu Jarmusch. Beren bizitza performance bilakatu eta (kasu honetan) urruneko edota arrotz dituzten senideen aurrean antzeztuko dute Father, Mother eta Sister Brother ataletako pertsonaia guztiek.

Eszenaratze hutsa gara, zinema bera bezala. Eta zuzendari estatubatuarrak ezinhobeto eraman du ideia hau pantailara. Ezjakintasuna eta sorpresa dira nagusi -ustekabeko irakurzaletasunak, ezkutuko maitasun harremanak, dokumentu falsifikatuak…-, eta isilune sotilak, enkoadratze eta aktoreen artikulazio espazial eleganteak eta jantzi eta koloreen joko sinbolikoak istorio batetik bestera joango dira errepikatzen, zatikatutako diskurtsoaren unibertsaltasuna azpimarratu nahian.

Hiperkonektatutako gizarte garaikide honek pairatutako gaixotasun kroniko larriena du Father Mother Sister Brotherek ardatz, komunikazio eza, alegia; eta familia bera da biktima sentikorrena.

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago