Landa eremua espazio seguru bilakatu dute espainiar zinemagile gazteek azken bolada honetan. Hirigunetik alde egin eta "lurrarekin, beren bizitza propioekin eta iraganarekin duten harremanaz hitz egin" nahi izan duten sortzaileen lanak ari dira karteldegiak betetzen, eta ondorioz, joerak eskatzen du hausnarketa. Mundua are ulergaitzago, kaotikoago, estresanteago (gehitu nahi dituzuen '-ago' guztiak) gertatzen ari den honetan, ihes egitea premiazko bihurtu zaigu, arnasa hartu eta abiadura moteltzea. Gugan pentsatzea, ongizate emozionalari eta osasun mentalari lehentasunez heltzea ez da batere ariketa erraza, eta askotan, behin muturrera iristean soilik ausartu ohi gara erabakiak hartzera, azken aukera gisa.
Hala egingo du Avelina Prat zinemagile valentziarraren Una quinta portuguesa filmeko protagonistak. Manolo Solok interpretatutako Fernando geografia irakaslea da, baina emaztearen bat-bateko desagerpenak kolpatuta, norabiderik gabe geldituko da, hainbeste maite dituen mapetan ere ezingo du biderik aurkitu, eta ondorioz, alboratu egingo ditu. Izan ere, berauek dira istorioa kontatzeko erabilitako motibo narratibo giltzarriak. Munduaren kaosa ordenatzeko eta nolabaiteko argazkia egiteko tresna dira, baina azken finean, mugak ezartzen dituzte (geografikoak, politikoak, historikoak, topografikoak…).
"Isiltasun eta hutsunei eutsiz, arnasguneetan sustengatu da kontaketa"
Portugaleko kostaldean, eta itsaso zabalari begira Manuel ezagutuko du, bat-batean hilko dena. Haren nortasuna ordezkatuko du, eta landetxe bateko lorezain gisa hasiko da lanean. Bertan, ustekabeko harreman estua egingo du Amalia etxeko jabearekin (Maria de Medeiros), zeinari esker bere tokitxoa aurkitu nahiko duen. Mamuak dira denak: bai Fernando/Manuel, desagertutako emaztea, Amalaia, haren lagunak… babes bila dabiltzan iparrik gabeko arima galduak. Hala, erbesteratzearen ideia maila bisualera ekarri digu Pratek. Asfaltozko eta auto hotsez kutsatutako hiritik txorien kantu eta landare, zuhaitz eta itsasoak transmititzen duten lasaitasunera bidaia egingo du filmeko protagonistak, eta haren barne egoeraren ispilu izango da filmaren erritmo kontenplatiboa ere. Isiltasun eta hutsuneei eutsiz, arnasguneetan sustengatuko da kontaketa.
Bada, lan intimo bezain poetikoa ondu du zinemagile valentziarrak, bizitzak eskaintzen dizkigun "bigarren aukerez", norberaren barne ezagutzaz, bakea aurkitzeko beharraz. Zentzu honetan, identitate migrazioen inguruan espainiar zinemagintzak zabaldutako leihotxoaren baitan koka dezakegu pelikula, nolabait, Ana de día, Cerrar los ojos, Marco edota Molt Lluny filmek lerrokatutako ildoari jarraiki. Aldendu egingo dira egunerokotasuneko neketik, urgentzia sozialetatik, biziaruteko azken aukera baliatu nahian.
Ander Makazaga.
Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.