Iritzia

'Conclave'

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2025ko urt. 17a, 10:00

Argazkia: 'Conclave'.

"Argumentuaren eta istorioaren hari klasikoak berau prebisiblea eta azalekoa bilakatuko ditu, emoziorik gabekoa, lausoa"

Aita Santuaren hautaketa prozesua zinemarako bazka izan da beti. Istorio konspiranoikoak utzi dizkigu, baina baita gizatiarrak zein espiritualak ere. Azken hamarkadan ugaritu egin dira Vatikanoari eta Eliza Katolikoari buruzko lanak, ez horrenbeste herritarrongana mundu eklesiastikoa irisgarriago egiteko asmoarekin, erakundearen eta gizabanakoaren haustura existentzialetan sakontzekoarekin baizik.

Berezkoa duen izaera humanistatik egin zigun hurbilketa Nani Moretti italiarrak Habemus Papam-en (2011), eta gertuko sentitu genituen Fernando Meirellesen The Two Popes-eko (2019) bi protagonistak ere. Baina agian, 72. Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean Urrezko Maskorraren lehian izan genuen Conclave-k Paolo Sorrentinoren telesail ziniko ezagunaren antza har dezake asko apuratuz gero. The Young Pope (2016) eta The New Pope (2020) errealitate distopiko baten menpe dauden bezala, Edward Bergerrek aurkeztutako lana ere aurpegi ilun eta interes kontrajarrietan murgilduta dago.

"Eszenaratze noir-a, argi-itzaletan babestutakoa, ederra eta erakargarria bada ere, estetikak ez du zulo narratiboa estaliko"

Ustekabeko heriotzaren ostean, Aita Santu berria aukeratzea dagokie elizgizonei, eta Lawrence kardinalak izango du konklabea zuzentzeko ardura. Ralph Fiennesek interpretatuta, haren aurpegi zimurtua, begirada zurruna eta jokamolde zuhurra izango ditugu jarraituko dugun hautaketa prozesu korapilatsu eta politikoa askatzeko bidelagun.

Thriller eklesiastiko baten itxurarekin hasiko den kontaketan Kabuleko sakristau mexikar misteriotsu bat agertuko da ezustean, boterearekin amesten duen hautagai tranpati bat dago tartean, eta erlijio-gerra betean daudelakoan borrokarako dei egingo duenik ere bada. Elizaren beraren galderei, oinarriei eta hausnarketei erantzuna eman nahian, etorkizunean erakundeak nolakoa izan beharko lukeen eztabaidatuko dute, bakoitzak bere ikuspegia eta pentsaerak defendatuz.

Lawrence kardinalari segika fedea baino Eliza bera (eta etorkizuna) ezbaian jartzen tematuko da Berger Conclave-n, baina argumentuaren eta istorioaren hari klasikoak berau prebisiblea eta azalekoa bilakatuko ditu, emoziorik gabekoa, lausoa. Bada, filma janzteko landutako eszenaratze noir-a, argi-itzaletan babestutakoa, ederra eta erakargarria bada ere, estetikak ez du zulo narratiboa estaliko.

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago