Emaitza batekoa zein bestekoa izan, arriskatzen duten proiektuek beti izango dute zerbait berezia. Konpromiso artistikoaren defentsan, arauak hautsi eta zerbait berria sortuz eragiteko ahalmena dutenek –izan maila pertsonalean, sozialean zein kulturalean– ongi merezia dute errekonozimendua. Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguezi 2024ko Malagako Zinema Jaialdian iritsi zitzaien aitortza, ekitaldiko zuzendari onenak izendatu baitzituen epaimahaiak. Ez hori bakarrik, elkarlanean ondutako Segundo Premio filmak Urrezko Biznaga ere lortu zuen.
90eko hamarkadako musika panorama espainiarra irauli zuen Los Planetas talde granadarra ardatz duen lanak nagitasuna sor dezake. Beharbada gurean ez ditugu horren ezagun, eta pentsa dezakegu hirukotearen historia ez zaigula erakargarria egingo; ezaxolakeriak har gaitzake. Baina egin kasu (edo ez, zuek ikusi), aurreiritziak apurtzera dator indie banda arrakastatsuaren nondik norakoez gaindi eraikitako obra inspiratzaile hau.
Fernando Navarro idazlearen sinadura dakar Segundo Premiok. Hasiera batean Jonas Truebak zuzendu behar zuen, baina honek Lacuestaren begirada gizatiarraren esku utzi zuen eginkizuna; azkenerako, zinemagile kataluniarrak Rodriguez izan du bidelagun. Navarrorekin batera jatorrizko gidoia berridatzi eta honen sorterriari egindako omenaldi sentikorra bilakatu dute istorioa. Izan ere, ez da nolanahikoa Granadak filmean duen garrantzia eta presentzia. Los Planetas taldearen habia ere izanik, musikarion bidez zeharkatuko ditugu kaleak, aldiriak, tabernak, mendiak… beren identitatearen parte baitira ezinbestean, etengabe aipatuko den Federico García Lorcarenak izan ziren bezala.
"Aurreiritziak apurtzera dator indie banda arrakastatsuaren nondik norakoez gaindi eraikitako obra inspiratzaile hau"
Mai (Stephanie Magnin) baxu-jotzaileak taldea utziko duela iragartzen duenean ekingo dio filmak, eta haren agurrarekin batera murgilduko gara mamuz eta banpiroz betetako historia posible guztietan. Una semana en el motor de un autobús hirugarren diskoaren sorkuntza prozesu bete-betean dabiltza abeslaria (Daniel Ibañez) eta gitarrajolea (Cristalino) –halaxe aurkeztuko zaizkigu, sekula izenik aipatu gabe–, Mairen hutsunea bete eta bateria-jotzaile berri bat lortu bitartean. Baina taldearen benetako historiarekin lotura zertan izan ez duten gertaerak aitzakia bilakatuko dira auzi unibertsalez eta giza kontraesanez hausnartzeko: adiskidetasuna, maitasuna eta desamodioa, drogak eta adikzioak, botere-nahia, talde-dinamikak…
Azken urteotan ezagutu ditugun biopic anglosaxoien –Bohemian Rhapsody (Bryan Singer, 2018), Rocketman (Dexter Fletcher, 2019), Elvis (Baz Luhrman, 2022), Back to Black (Sam Taylor-Johnson, 2024)- kodeetatik urrun, oso urrun, Segundo Premiok hasiera hasieratik utziko du argi mitoaren kontaketaren baitan eraikita dagoela, eta ez dela Los Planetas-en ibilbideari buruzko pelikula zurruna. Komunikatzeko, mundura irekitzeko eta amets egiteko beharrizanetik jaio da filma, egiten dugun horri diogun maitasunetik.
Klasizismoaren zamatik askatuko da Lacuestaren eta Rodríguezen narratiba, fikzioaren eta dokumentalaren arteko mugak urratuta orotariko erregistroak beldurrik gabe esploratuko dituelarik. Hala, aipatuako biopic arruntak baino gertuago sentituko ditu I’m Not There (Todd Haynes, 2007) edota Leto (Kirill Serebrennikov, 2018) bezalako proposamen hipnotiko, fantastiko eta iradokitzaileak: zientzia fikzioa dirudi batzuetan, drama erromantiko bat besteetan, komedia absurdoaren zantzuak ere baditu, eta noski, musika ez da sekula faltako. Ezeren gainetik, baina, arteari eta bere adierazpide moduei gorazarre egingo dien obra askea da Segundo Premio.
Ander Makazaga.
Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.