Iritzia

'La Chimera'

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2024ko mai. 10a, 10:26

Irudia: 'La Chimera'

"Ameslariak dira (zentzurik utopikoenean), inozentzia puntu batekin bizi duten errealitatea eraldatu eta ongizate indibiduala zein kolektiboa bilatzen duten funanbulista abegikorrak"

Fabula itxura duen Lazzaro felice (2018) filmarekin ezagun egin bazen ere, bere aurreko lanak berrikusiz nabarmen sentituko dugu Alice Rohrwacherren pertsonaiek transmititzen duten hurbiltasuna eta goxotasuna. Ameslariak dira (zentzurik utopikoenean), inozentzia puntu batekin bizi duten errealitatea eraldatu eta ongizate indibiduala zein kolektiboa bilatzen duten funanbulista abegikorrak. Eta noski, horrelakoxeak dira La Chimeran aurkeztuko dizkigun Arthur (Josh O’Connor) eta bere tombaroli bandako kideak, antzinako hilobi etrusko eta aztarnategien lapurrak. 80ko hamarkadan girotuta, lan egiteari utzi eta ahalegin handirik egin gabe –lortutakoak merkatu beltzean salduta– aberastea dute bizimodu.

Gaur egun sortzaile gutxi batzuek soilik duten askatasunez dihardu alemaniar jatorriko sortzaile italiarrak, kontzientzia politiko eta sozial kritikoa sendo mantentzeko gaitasuna erakutsiz. Pietro Marcello eta Francesco Munzirekin batera zuzendutako Futuran (2021) ez bezala, non, gazteria italiar garaikidearen gogo-aldartearen erradiografia zuzena proposatu zuen, oraingoan, lur-azpian mamituko da bistaratu nahi duen gizarte modernoaren diru-gose kapitalista eta merkantila: hilobiak eta altxorrak "pobreziatik atera gaitzaketen lurperatutako pasaporteak" dira pertsonaien esanetan, baina Italiaren identitatearen eta antzinako zibilizazioen (etruskoak eta erromatarrak) ondarearen jabetzaz (eta dugun erantzukizunaz) hausnartzeko balio izan diote Rohrwacherri.

La Chimeran, berezkoa duen idazkera liriko eta poetikoarekin logika narratibo tradizionalak hautsi ditu beste behin, kontaketa mitologikoaren alde eginez. Mamu izaera duten tombaroli lapurren abenturek trobalariek abestu ohi zituzten kantu homerikoen bidez egingo dute aurrera, pelikula analogikoen –33 mm, Super16 mm eta 16 mm– arima hilezkorra, kamera arinaren bizitasuna eta musika elektroniko zein operistikoaren uztarketa lagun. Bada, lehen instantzian errealismo gordina iradokitzen duten irudiek alegiazko mundura egingo dute aldaketa, konturatu orduko, bertatik ihes egiterik izango ez dugun dimentsio magikora. Eta nahi ere ez, egiatan.

 

"Lehen instantzian errealismo gordina iradokitzen duten irudiek alegiazko mundura egingo dute aldaketa, konturatu orduko, bertatik ihes egiterik izango ez dugun dimentsio magikora"

Lapurretak, negozio ilunak, azpi-jokoak eta festak ez dira faltako filmean, baina sentimenduek ere beren tokitxoa dute. Gaizkile txikiak izanagatik ere, beste ezer baino lehen, gizatiarrak baitira pertsonaiak. Arthur protagonistak noizbait galdutako eta delirioen pean soilik aurki dezakeen Beniamina maitearen bilaketa modu eliptiko eta isilean kontatuko du Rohrwacherrek, eta guk ere gure desira, ilusio eta ametsen alde egin dezagun gonbidatuko gaitu. Gure chimera propioan sinistu dezagun.

Bada, La Chimerako protagonistaren azalean jarriko da zinemagilea, bera ere, nola edo hala, arkeologoa baita. Italiaren historia berreraikitzen eta berrinterpretatzen ari da bere erara –Le meraviglie (2014) eta Lazzaro felice-rekin batera nolabaiteko trilogia landatarra itxiko du filmak-, baina ez hori bakarrik, herrialdeko zinemagintzaren gizatasuna eta nostalgia erromantikoa aldarrikatzen ari da etengabe, zer esanik ez azken lan honetan: Federico Felliniren festa-giroko mundu transgresore eta xelebrea, Pier Paolo Pasoliniren antiheroi periferikoak, Ettore Scolaren brutti, sporchi e cattivi marjinalak zein Roberto Rosselliniren ikusmira espirituala ditu arnasgune.

Azken honen alaba Isabella Rossellini aktoreak, gainera, sinbolismoz betetako aitortza miretsia dauka La Chimeran, italiar historia, zinemagintza, eta orokorrean, kulturalaren lotune bilakatuko baita haren pertsonaia mistikoa. Gauzak horrela, Rohrwacherrek bere herrialdearen iraganarekiko eta ondarearekiko duen maitasuna partekatu nahi izan digu, errealismo magikoz blaitutako unibertso zoragarrian gu murgilduz.

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago