Elvis Presleyren bizitza pantaila handira ekarri zuen duela pare bat urte Baz Luhrmannek (Elvis, 2022), eta bertan ezagutu zuten belaunaldi berrienek rock and rollak inoiz eman duen izen handienetakoaren goraldia zein gainbehera. Baina filmak bigarren maila batean alboratuta utzi zuen erabat bere emazte gaztearekin zuen hartu-emana, behar besteko interesik pizten ez zuelakoan edo. Hala gertatu izan da maiz zinemaren historian, mitoen gainean eraikitako errelatoek mami gehiago dutelakoan, eta ahaztu egiten zaigu inguruan dituztenen bizitzak ere haienak bezainbeste balio duela. Priscilla Beaulieu izan zuen Elvisek ezkonkide, baina inork gutxik jakin du Mendebaldeko Alemaniako kanpamendu militar batean elkar ezagutu zutenetik honek pairatu zuen amesgaiztoa.
1985ean argitaratu zuen Elvis and Me memoria-liburuan oinarritu du Sofia Coppolak Priscilla, menpekotasun-harreman kroniko baten kontaketa beldurgarria eratuz. Emakumeen ahotsa lehenesten ondu du bere filmografia zinemagile estatubatuarrak –The Virgin Suicides (1999) edota Marie Antoinette (2006) kasu-, eta oraingoan ere aukera baliatu du Priscillari ukatu izan zaion tokia aldarrikatzeko. 14 urte zituela ezagutu zuen 10 urte zaharragoa zen Elvis, oraindik ere ikaslea zela, eta rock izarrak neskatoaren zaurgarritasuna/inozentzia paternalismo osoz nola aprobetxatu zuen erakutsiko digu Coppolak. Bere neurrira eta beharretara diseinatutako emaztea eratu izana leporatuko dio rock izarrari, neskatoaren zoriontasuna ‘erostea’, berarenganako zuen maitasun itsuaz probetxu ateratzea.
1985ean argitaratu zuen Elvis and Me memoria-liburuan oinarritu du Sofia Coppolak 'Priscilla', menpekotasun-harreman kroniko baten kontaketa beldurgarria eratuz
Cailee Spaenyk interpretatutako Priscillaren askatasun-galera eta bizi izan zuen isolamendua zein bazterkeria egikaritu egin ditu Coppolak pantaila handian, protagonista erabat bakartuz. Zer egin ez dakiela, ordu-egun-hilabete hilei nola aurre egin jakin gabe Graceland jauregi erraldoian giltzaperatuz; kontrapuntua lagunez inguratutako Elvisek (Jacob Elordik) jarriko du, bere isolamenduaren errudun miretsiak. Etengabe errepikatuko diren pasarteek -eskolarako irtenaldiak, korridore hutsetako joan-etorriak, soineko garestien probaldiak, otorduak-, pertsonaia ia guztien aurpegiak (batez ere, begiak) garbi ikustea galarazten duen argiztapen deserosoak, eta soinu bandaren hautu kasualak areagotu egingo dute Priscilla tokiz-kanpo dagoenaren sentsazioa, onartzen ez duen mundu toxiko batean harrapatuta egotearena.
Hartutako erabaki estetikook, baina, ezer gutxi dute berritzailetik, guztiz kanoniko eta klasikoak baitira. Arrisku formalik ezak irisgarriago bilakatzen du Priscilla, izan ere, intentzio osoz jardun du Coppolak, jakin baitaki publiko orokorrarengan eragiteko aukera duela horrela. Menpekotasun harreman latza bistaratzeko edukian jarri du fokua, baina kuriositatez (hala esaterik bada), bere jatorrizko asmokoak zapuztu dituen ezetzak bultzatuta etorri da azkenerako zentzukoa eta logikoa iruditu dakiguke berezitasun aipagarriena. Zinemagile estatubatuarrak ez du Elvis Presleyk interpretatutako abesti bat bera ere pelikulan sartu, familiak baimenik eman ez diolako (haren irudia erakusteko moduarekin ados ez zegoelako), baina ezina ekinez egina, filmaren begirada kritikoaren alde egiten lagundu dio ukazioak Coppolari: atera ditzagun Elvis eta gisakoak behingoz erdigunetik, eta ausartu gaitezen horiek deseraikitzen, desmitifikatzen; aldiz, bidelagun izan duten emakume oro errespetu osoz errekonozitzen.
Ander Makazaga.
Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.