Aztoratu dezake film batek herrialde oso bat? Badirudi baietz, Ridley Scott zinemagile britainiarrari esan bestela. 85 urte luzerekin bere sortzaile nortasuna aldarrikatu eta polemikei aurre egiteko gai dela erakutsi du, Napoleon Bonaparteren bizitzaren interpretazio guztiz pertsonala ekarriz. Herrikideen gustuko ez da izan hurbilketa, istorioak "akats" historiografiko ugari dituelako; benetako gertakarietatik aldendu eta Korsikako uhartean jaiotako enperadorearen konkista eta maitasun harremanak "asmatu" dituelako. Zinemagileak baina, argi eta garbi hitz egin du auziaz, "bere Napoleon" aurkeztu duela defendatuz; ingelez hiztuna gainera. Nola ez dira egongo ba frantsesak haserre!
Hollywooden baitan ondutako mainstream begirada ukaezina bada ere, interesgarria da Scottek Napoleon-en egingo duen berrirakurketa. 200 urte baino gehiagoz elikatzen joan den agintariaren inguruko errelato ofiziala deseraiki du, heldulekua aldatuz. Lan literarioetan ardaztu ordez, margolanak izan ditu abiapuntu, nolabait, Andrew Dominikek Blonde-n (2022) bezala: Joyce Carol Oatesek idatzitako fikzio biografikoaren egokitzapenerako Marilyn Monroeren argazkiak izan zituen oinarri bisual.
Eta izan dezake zentzurik apustuak, nolabait, Scotten epopeia napoleonikoak edertasunean eta espekakularizazioan aurkituko baitu babesa. Ikusizko arloa lehen lerrora ekarriz, filma artelanen segida gisa uler daiteke, mugimendudun koadroek bere horretan izango baitute zer kontatua. Hala, enperadorearen kanpaina europarrak –batailak, konkistak, inperioen arteko talkak– modu independentean disfruta daitezke. Ordainetan, lider militarraren dimentsio psikologikoa gutxietsi egingo da, beronen gizatasuna deuseztatuz, Robert Bressonen pertsonaiek zuten adierazkortasun ezaren pare.
"Hollywooden baitan ondutako mainstream begirada ukaezina bada ere, interesgarria da Scottek Napoleon-en egingo duen berrirakurketa"
Joaquin Phoenixek haragituta, Napoleonek ez du apenas aurpegi-keinurik egingo, zurrun mantenduko da bi ordu t’erdi irauten duen filmean. Joséphine (Vanessa Kirby) emaztearekin duen maitasun harremanean ere pasiorik ez dago. Bada, haren gorpuzkera zurbil eta parodikoak enperadorearen izaera totalitario, lunatiko eta psikotikoa azaleratuko du, Pablo Larrainen Pinochet banpirikoarekin (El Conde, 2023) eta Paolo Sorrentinok karikaturizatutako Giulio Andreottirekin (Il divo, 2008) zein Silvio Berlusconirekin (Loro, 2018) ere gertatu legez. Eta ezinbestean, protagonistaren emozio-izpi hutsalek zuzenean eragingo dute Napoleon filmaren kontaketa narratiboan. Aipatutako pasarte ikusgarriak alde batera utzita –uste edo espero baino gutxiago dira– 1789 (Frantziako Iraultza) eta 1815 (Waterlooko gudua) bitarteko kronika militarra hotza izango da, negu errusiarra bezainbestekoa.
Bazterrak nahasteko inpultsoa eta intuizioa izan du Ridley Scottek, eta 200 milioi dolar inguruko kostua izan duen proiektu handinahia errentagarri izango zaion ikusteke dago. Gaur gaurkoz, Frantzia sutan aurkitu duela dakigu, tropa napoleonikoek 1812an Mosku bezala. Merezi izan ote du?
Ander Makazaga.
Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.