Iritzia

Past Lives

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2023ko aza. 17a, 08:14

Arg: 'Past LIves'

"Songek nahikoa izan du protagonisten arteko besarkada bat gure begiak malkoz bustitzeko"

Urtero dago kritikarien zein ikus-entzuleen arreta eta miresmena bereganatzen duen ekoizpen indie arrakastatsu bat sariketa denboraldiari begira indarra hartzen duena; sorpresa ematera deitua dagoena. Aurten ere hala izaten ari da, nola ez. Laudorioen zurrunbiloan harrapatuta, denon ahotan dago jatorri hego korearra duen Celine Song zinema zuzendari eta dramaturgo kanadarraren Past Lives. Baina, zergatik erakartzen gaituzte gisa honetako film txikiek? Beharbada, espektakularizazioa lehenesten duten ekoizpenen menpe bizi garen heinean, arnasa hartzeko beharra sentitzen dugulako; estimuluen bonbardaketa etengabeak eta gehiegikeria estetiko-narratiboek akitu egiten gaituzte, emozioen galera eragiteraino.

Zinema eta bizitza elkarren osagarri direla aldarrikatzen duten sortzaileek argi dute istorioek ez dutela errealitatean fundamenturik aurkitu beharrik, beronen interpretazioa ikus-entzunezko lengoaiarekin estalitako fartsa bat dela baizik. Horregatik, besaulkian eroso, segituan konturatuko gara proiektoreak erakusten digun unibertsotik aldentzen gaituen begiradatik ari garela kontakizunak jasotzen. Baina zinema-egile sena duten artisau gutxi batzuek badakite fikzioaren berezko izaera tranpatia saihesten, eta lortzen dute pantaila/harresia hautsi eta zuzenean gure bihotzetara zuzentzea, zinema eta bizitza parekide bihurtzea. Songek, adibidez, nahikoa izan du bere opera primako protagonisten arteko besarkada bat gure begiak negar-malkoz bustitzeko.

"Lehen maitasunek gorde dezaketen sentimendu nostalgikoen hausnarketa zintzoak proposatuko ditu"

Ez-maitasun baten istorioarekin egin du debuta, bere bizipen propioetan oinarritutakoa. Hiru alditan girotuta –flashback erara kontatuta–, denboran zehar luzatuko da pelikula, baina maitasun gaiak erdigunean dituztenetan sarri erakusten diren harreman toxiko eta mingarriak ekidinez, haurrak zirenean elkarrenganako sentimendu afektibo sendoak zituztenak izango dira pertsonaia nagusiak. Bata, familiarekin Kanadara tokialdatu ostean, AEBetan finkatuko da; bigarrenak Seulen bizitzen jarraituko du. Elkarren berri izateko nahia piztuko zaie banandu eta zenbait urtetara, eta New Yorken hitzartuko dira. Hala, bi kultura, giro eta bizimodu aurrez aurre jarriko ditu Songek, pertsonaien identitateak ere birdefinituz.

Erromantizismo merkearen tentazioan ez da eroriko, aldiz, iraganeko oroitzapenekin jolasean, lehen maitasunek gorde dezaketen sentimendu nostalgikoen hausnarketa zintzoak proposatuko ditu: maitatzeak eta maitatua izateak dakarren korapiloa, maitasunak zoriarekin duen lotura… Behin atzera bueltarik gabeko despedida iragarriko zaigunean, distiratsu azalduko zaizkigu begiak, eta konturatuko gara biak bananduko dituen ozeanoa bezain erraldoia dela beren barrenetan sentituko duten hutsunea. Nork ez du azken besarkada batek utzitako bihotzerre nostalgikoa malkoekin salatu?

Ander Makazaga.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago