Azken hitza esateko beharrak bultzatuta, filmografia osoa zeharkatzen duen obra kirurgikoa aurkeztu du Victor Ericek, berriki Nanni Morettik Il sol dell’avvenire-n egin bezala. Pasioz bizi duen zinemari italiarrak eskainitako agur gutunak duen komedia eta satira kutsutik urrun, drama dentso eta pausatua eraiki du bizkaitarrak, finean baina, bietan oinarri diskurtsiboa berdin berdina da –zinema eta bizitza banatzeko ezintasuna, adierazpen artistikoen aldarria–, nahiz eta Ericeren figurarengan eraiki den mitoak itsutu egiten gaituen.
El espíritu de la colmena (1973) estreinatu zuenetik 50 urte pasatu direnean, hau abiatu zuen tokian bertan bukatuko du Ericek Cerrar los ojos film melankolikoa. Zinema areto batean izan genuen Ana Torrent aktorearen berri, Frankenstein (James Whale, 1931) ikusi eta munstroa inbokatuz begiak nola ixten zituen ezagutuz, eta orain, 20 urtez desagertuta izan duen aitaren aldamenean (Jose Coronadok interpretatutako Julio Arenas aktorea), honek filmatutako azken sekuentzia elkarrekin ikuskatu aurretik errepikatu egingo du keinua, berriz ere espirituei eta mamuei dei eginez bezala. Bada, bi lanotan Ana izenez ezagutuko dugun neskato/emakumearen begiradek marraztuko dute Ericeren bide profesionalaren zirkulua, nolabait, Luis Buñuelek Un chien andalou (1929) eta Cet obscur objet du désir (1977) filmak batu zituen antzera, begia bera motibo sinbolikoa bilakatuz. […]
"Tokiz edo garaiz kanpo dagoen filma dirudi: pertsonaia guztiak iraganean iltzatuta daude"
Tokiz edo garaiz kanpo dagoen filma dirudi: pertsonaia eta egintza guztiak iraganean iltzatuta daude, eta bere lan bukatugabeak zein frustratuak (oso) presente ditu. Batetik, jakina da ekoizleekin tirabirak izan ostean El Sur-en (1983) bigarren zatia ezin izan zuen errodatu, eta orain, lan hark zuen egitura narratiboa berrartu du, protagonista Madriletik Granadara bidaliz. Bestetik, argia ikusterik izan ez zuen La promesa de Shanghai proiektuaren arantza kenduko du La mirada del adiós meta-filma baliatuz.
Eszenaratzea ere arrotza egingo zaigu. Kontaketa erabat klasikoa da, zinema modernoaren iraultzak ekarri zuen irudiaren indarraren eta horien balio narratiboaren gainbeheraz etsita, inoiz ezagutu ez diogun bezala, hitzak beteko du zuloa. Elkarrizketak dira nagusi; sortzaileak isilik eman dituen urte luzeen ostean ahotsa altxatu nahian, esan beharrekoak esateko eta interferentzia intelektualegirik gabe herritarrongana zuzenean jotzeko, bere testamentu zinematografikoa dialektikan ardaztuta egituratu du. Izan ere, isiltasuna haizeak darama, eta ahanzturari aurre eginez memoria goratzeko modu bakarra hitz egitea da bizkaitarraren aburuz, batik bat gaur egun. Mirakuluengan sinesten jarraitu nahi du Victor Ericek, sentimenduak eta emozioak transmititzeko bidaide du zinema, nondik gatozen eta nor garen ezagutzeko arnasgunea.
Ander Makazaga.
Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko kritika hemen duzu osorik ikusgai.