'Passages'

Erabiltzailearen aurpegia Ander Makazaga 2023ko ira. 23a, 10:00

'Passages'

"Pasioz, baina baita maitasun toxikoz betetako istorioa dakarkigu 'Passages'-ek"

Bere filmografia ia guztia girotu duen New Yorketik urrun, bigarrenez aurkitu du babesa Ira Sachs zinemagile estatubatuarrak Europan. Portugalera eraman zituen Frankie (2019) filmeko pertsonaiak, Sintra hiri historikoko lorategi eta jauregietara, eta udazken beteko Paris kaletar eta hurbila izan du oraingoan agertoki. Frantziar zinemagintza kanon narratibo zein formal klasikoetatik aldendu zuten 60ko hamarkadako olatu berriko autoreen askatasun senaz kutsatuta, bikote harremanez, eta horien askotariko aukera eta formulez hausnartzeko erronkari heldu dio berriz ere, Love Is Strange (2014) eta Married Life (2007) bere aurreko lanetan bezala.

Aski ongi funtzionatzen duen umore hotza bidelagun, pasioz, baina baita maitasun toxikoz betetako istorioa dakarkigu Passagesek. Rainer Werner Fassbinder alemaniarraren melodrama autoreflexiboak, FranÁois Ozon frantsesaren atrebimendu transgresorea, eta Xabier Dolan kanadarraren gaztetasun lotsagabea erreferentzia ukaezin dituela, krisian dagoen bikote homosexual bat jarri du Sachsek erdigunean. Bere film berrienaren azken sekuentzia errodatzen bukatzear dagoen Tomas (Franz Rogowski) zinemagilea da protagonista, Martin (Ben Whishaw) senarrarekin ezkonduta badago ere, diskoteka batean ezagutuko duen Agatherekin (Adèle Exarchopoulos) oheratuko dena. Honek baina, zintzo bezain harro aitortuko dio senarrari gertatutakoa, eta itzulerarik gabeko zurrunbilo afektiboan murgilduta ondorio latzak pairatzera kondenatua izango da.

"Askatasun sexual, indibidual zein afektiboen mugez ari zaigu"

Filmaren lehen sekuentziatik bertatik, bere burua besteenaren gainetik dagoela uste izan, eta hala jokatzen duen zinema-zuzendariaren egozentrismoak haren intentzioez zalantzati izatera bultzatuko gaitu. Christian Petzolden lanetan –Transit (2018), Undine (2020)– parte hartu duen Rogowskik haragituta (erregistro aldaketa eszentrikora bikain moldatu dena, egia esatera), hartu-eman destruktiboa sortuko du bikotearekin, dena nahi izan, eta ezer gabe gelditzeko arriskuaz jabe izan gabe.

Sexu eszenei behar adina denbora eskainiz, Passages-ek hiru pertsonaia nagusien enkontru fisikoak goratuko ditu. Erromanizatuta edota eder erakutsi ordez, horien izaera elektriko bezain frenetikoak ezkutatzen duen barne-sentimenduen hauskortasunean jarriko du arreta, filmeko protagonistak senarrarekin zein maitalearekin duen jokabide inpultsibo eta berekoiak, tantaka-tantaka, duintasunaren kupela bete eta gainezka nola egiten duten erakutsiz. Askatasun sexual, indibidual zein afektiboen mugez ari zaigu Passages hizketan, norbanakoek nartzisismo hutsez hartutako erabakiek gainerakoengan eragiten dituzten zauriez ere ohartaraziz.

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago