'Master gardener'

Erabiltzailearen aurpegia Iker Zabala 2023ko eka. 23a, 10:00

'Master gardener'

"Gauero loreen inguruko datu bilketa egiten du, eta berezitasunen inguruan idazten du"

Pelikularen hastapen kredituetan jada soma dezakegu lorea dela Master gardener honetako iparrorratz sinboliko nagusiena. Sinatzaileak pantailaren erdi batean aurkezten dira, eta beste ondoan, lore koloretsuak, kolore eta forma anitzetakoak. Lore hauek pantailaratzean, edonola, bi gauza nabarmendu litezke: lehenik eta behin, denek antzeko mugimendua egiten dute, irekitzen ari dira, normalean izaten duten irudi estatikoa baztertuz; eta honekin lotuta, oso azkar gertatzen da mugimendu hau, era eder, baina aldi berean, desnaturalizatu eta artifizialean, denboraren manipulazioa agerian geratuko balitz bezala. Bi aspektu hauek, mundura irekitzea (loreek bere ugalketarako –maitasunerako?– irekitzen omen dute bere "gorputz" koloretsua) eta denboraren bilakaera, film honen gaietako batzuk dira.

Pelikularen ardatza Narvel pertsonaia da, Joel Edgertonek haragitua. Iheskor eta misteriotsua, AEBetako hegoaldeko etxe handi batetako lorategien ardura dauka. Gauero bere gela sinple eta ilunean, loreen inguruko datu bilketa egiten du, eta ezaugarri eta berezitasunen inguruan idazten du eskuz (pertsonaia kartzela itxurako gela soil batean idazten, Schraderren pelikulen ikurra da), era zurrun eta metodikoan. Etxe horretako jabearekin (Sigourney Weaver) duen erlazioa izango da lehen terminoan pelikularen motore, zehazki emakume nagusi honek eskatzen dion mesede/agindua: bere ahizparen biloba, Quintessa Swindellen pertsonaia, har dezan lorategiko ikasle gisa. Honek irekiko dituen ateak izango dira filmaren ardatza.

"Pelikularen bihotza, aurreko pelikuletan bezala, erdiguneko pertsonaian dago, Edgertonek ematen dion hermetismo horretan"

Schraderren gai eta obsesio berdintsuak daude denaren muinean, eta, are gehiago, First Reformed eta The Card Counter-ekin osatzen da erredentzioaren edo barne askapenaren inguruko trilogia tematikoa. Kontatze moldeei dagokionean ere, antzeko bideak baliatzen ditu zuzendari estatubatuar beteranoak: klasizismoaren eremuan ezarria, slow cinema eredura egokitzen diren tresna asko aurkituko ditugu, filmaren lehen erdian batez ere. [...]

Hala, pelikularen bihotza, aurreko pelikuletan bezala, erdiguneko pertsonaian dago, Edgertonek ematen dion hermetismo horretan eta izatasun torturatu horren iradokitzean. Egia esan, pare bat erabilpen zalantzakor badira. Aipa liteke gorrotoaren haziaz mintzatuko diren flashbacken erabilpen arbitrario samarra. Bestalde, voice over etengabea ere baliatzen da, honen bitartez egingo zaizkigu gizaki eta loreen arteko konparaketak, kutsu humanista hori azpimarratuko dutenak. Baina, edonola ere, gidoi, kamera eta aktorearen artean konpontzen dira pertsonaia ederra sortzen, kontraesanez betea eta mezu boteretsua uzten duena: azalean bertan erruaren ikurra badugu ere, maitasunak norbere deabruak uxatzeko beste indar dauka.

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago