'Los reyes del mundo'

Erabiltzailearen aurpegia Iker Zabala 2023ko api. 14a, 08:00

Kolonbiako bake hitzarmenen ondorengo urteak dira filmean. / ZINEA.eus

"Hasieratik sumatuko dugu errealitate gordinaren marrazkia ukitu lirikoarekin erkatuko dela, eta uztartze hau izango da hain zuzen ere pelikularen bihotza".

Iazko Zinemaldian, urrezko maskorra besapean, garaile handiena izan zen Laura Mora kolonbiarra, publiko zein kritikak bat egin baitzuten gizarte bortitzeko coming of age basati eta aldi berean liriko honekin. Bere inguruari eta momentuari erabat hertsia, Kolonbiako bake hitzarmenen ondorengo urteak dira, bere oinarriak birdefinitzen ari den komunitatea dugu, baina erdibideko belaunaldi horiek pairaturiko oinazea ezin daiteke irauli. Linbo horretan ezarriko dira pelikula honetako nerabeak, munduan bakarrik dauden bost gazte galdu.

Pelikula Medellinetik 400 kilometrora dagoen galdutako paradisu horren bidaiaren kronika izango da

Bat-batean anabasa eta biolentziaren gotorleku den hiritik ateratzeko aukera ikusiko dute, haietako batek, Rák, eskutitza jasotzen duenean. Bere garaian amonari paramilitarrek kenduriko lurren jabe denaren jakinarazpena da. Pelikula Medellinetik 400 kilometrora dagoen galdutako paradisu horren bidaiaren kronika izango da.

Gauza interesgarri asko daude pelikula honetan. Lehenik eta behin testuinguru basatian hazten den gazteriaren argazki aberatsaren eratzea, nolabait munduan zintzilik dauden subjektuak balira bezala, familia dutenaren inguruko aipamenik ere egin gabe, errealitate desberdin batekin amets egitera kondenaturik.

Erretratu korala egiten da, itxuraz psikologismotik apartekoa, nahiz eta badiren hainbat pasarte haurtzaro gabeko gazteak direla iradokitzen dutenak (guztiak travelling ederrez gauzaturikoak), hala nola prostituta batzuek maitekiro amak balira bezala besarkatzen dituztenean; edo inozentzia betean lotan erakutsiko zaizkigun uneetan. [...]

Kontatzen dena soila izango da, baina konplexutasuna irudiaren bitartez iritsiko da

Eta denaren zentzua kameraren bitartez gauzatuko da era zoragarrian. Hasieratik sumatuko dugu errealitate gordinaren marrazkia ukitu lirikoarekin erkatuko dela, eta uztartze hau izango da hain zuzen ere pelikularen bihotza.

Kontatzen dena soila izango da, baina konplexutasuna irudiaren bitartez iritsiko da. Elementu sinbolikoekin jolas eginez, ametsaren eta delirioaren eremuetan sartuko gara era zirraragarrian. [...] Badira logika apurtzen duten uneak eta mugak, irudietan bertan esaterako, oso neurtuak dauden sentsazioa sor dezakete. Adibide garbiena da bukaera parteko suzko barrikadaren prestatzea, amesgaiztoa balitz bezala diseinaturikoa.

Baina zenbaitetan eszenetan bertan aurkituko ditugu errealitateren hausturak, eta honakoa izan liteke pelikulak duen altxor preziatuena, zinemak soilik era ditzakeen moduetan egiten baitira errealitate eta fantasiaren arteko zubiak: etxe barrura sartuko den travelling batean ikusten dugunak offean entzuten ari garena zalantzan jarriko digu. Pelikula detaile filmikoz beteta dago, eta interpretaziorako tartea zabal eta emankorra da. Honek ederki hornitzen du gizarte kateen, askatasun pertsonalaren eta barne purgatorioen parabola honen konplexutasuna.

 

Albiste hau ZINEA.eus hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago