'Decision to leave'

Erabiltzailearen aurpegia Iker Zabala 2023ko ots. 24a, 08:00

Park Chan-Wookek zuzendu du 'Decision to leave'. / 'Decision to leave'

"Gertatu dena egia den edo nolabaiteko ametsa den identifikatzea zaila izango da"

Pelikulak aztertzeko bideak ugariak izaten dira beti. Akaso pentsa genezake pelikula zenbat eta mamitsuagoa izan orduan eta helduleku gehiago eskaintzen dituela. Tira, honek ez du zertan hala izan (norabide bakarreko pelikula soil zoragarriak badira, eta beste batzuk, horrenbeste elementuz puztuak, bere kontzeptu horretan ito eta koherentzia galtzen dutenak), baina Decision to leave bezalako pelikularen aurrean irakurketarako hastapenak ugariak izan litezke, pelikula konplexu, anitz eta korapilo guztiak (edo nahi dituenak behintzat) lotuta dituen pelikula baten inguruan ari garela kontutan hartuta. Park Chan-wook-ek bere ibilbideko biolentzia gehiegikeriak (Old Boy zoragarria horren zeinu) albo batera utzi eta sortze heldutasunera iritsi da, sentsibilitate zein estetikaz bor-borka dagoen film honetan.

Generoari behatuko bagenio zine beltzaren molde gustagarrien inguruan mintzatu beharko ginateke, itxuraz, moldearen klasikotasunak markatzen dituen osagaiak hortxe baitira: heriotza misteriotsua (Hilketa? Istripua? Suizidioa?), polizia inspektore profesionala (Hae-Joon, Park Hae-Il-ek haragitua), eta aurrekoaren ohorea kolokan jarriko duen Song Seo-rae, hildakoaren alarguna, femme fatale (edo ez?), Tang Wei aktore txinatarrak interpretatua (oso adierazgarria nongotasunaren alorra, altxorrera eramango gaituen ogi apur ugarien artean bat baino ez da). Bertatik eratorriko den maitasun istorio mingotsa eta eremu erromantikoetarako hurbiltzeak ere klasikotasun-zoragarri-aren lurraldea zeharkatuko du. Laura edo Double indentity bezalako lanak aipatzea zilegi da? Bada, beste ukitua da ezbairik gabe, baina akaso klasikotasun horren oihartzunak badira sustrai sakonenetan.

"Pelikula osoak du kutsu onirikoa, nolabait denbora luzez lo egin ez duen baten oroitzapena"

Baina hausturak badira. Hasteko, pertsonaiak ez direlako inola ere gardenak, eta bere desioen barren horiek ihesean dabiltzan artefaktu bezala somatuko ditugulako. Istorioa konplexu samarra da, jarraitzeko zaila, aktoreak kontentzioaren eremuetara bideratzen dira eta bere jokabidearen noraeezak etengabeko zalantza iradokitzen digu, ezingo dugu logikaren ardatz ohikoa baliatu. Hala, pentsa genezake zinemaren modernitatearen pertsonaia hustu horiengan, Antonioniren filmetako arima galdu horietan, edo saminean errotutako maitasun istorio ezinezko horietan, Wong Kar Wai-ren In the mood of love-en kasu. Halere, badira aspektuak pertsonaiak marraztu egiten dituztenak, nolabait bere borondatetik aparte egongo direnak, hala nola, beldurrak edo ezintasunak. Ardatz ukaezin horien bitartez ere egin liteke pelikularen analisia? Saia gaitezen.

Insomnioa:

Detektibearen zama astuna da, bere bizitza baldintzatzen duena. Polizia askori bezala, zintzilik geratutako kasuek, itxi gabeko hilketa horien odolak, barrena urratzen diote etengabe, eta ez du atsedenik. Hari honetatik emankor tiratzen du Park Chan-wook-ek, pelikula osoak baitu kutsu oniriko eta arrotza, nolabait denbora luzez lo egin ez duen pertsona baten oroitzapena balitz bezala. Irudien arteko fundido suabeak (askotan beltzera), extradiegetiko uste genuen musika ezustean diegetiko bilakatzea, itxuraz zentzu gabe kasu zaharren inguruko flashback luzeak, eta espazio eta denbora arrazionalaren etengabeko haustura.

Azken hau pelikulak eskaintzen duen tresnarik ederrenetarikoa da, ezbairik gabe: Jang Hae polizia, susmagarri den Song Seo-ren zelatan ari dela, etxe barruan ikusiko dugu detektibea, urruti dagoen autoan beharrean; edo mendi baterako egiten den igoaldia hiru denbora ezberdinetan azalduko zaigu muntaia zatikatu bitartez, aldaketa nabarmenak tarteko. Denbora hautsi baino, era dotorean moztu eta berrordenatuta eskainiko digu Park zuzendariak, horretarako tresna zinematografiko izugarri aberatsak plazaratuz. Izan ere, filmaren eszenaratze zein muntaiaren koordinazio eta funtzionamendua sinestezina da, eta badira eszenak bere horretan maisu lan direnak. Horren adibide da, esaterako, komisaldegian lehen galdeketa eta bazkaria, ispiluz beteriko gela aldi berean intimo eta indiskretoan.

Gertatu dena egia den edo nolabaiteko ametsa den identifikatzea zaila izango da zenbaitetan, eta pelikularen misterio eta interpretazio anitzak biderkatu egingo dira. Insomnioaren elementuak eszena eder gehiago ere utziko dizkigu, hala nola neskaren gomendioa loa lortzeko, norbera itsaso barreneko marmoka bezala identifika dezagun.

Bertigoa:

Tang Wei-ren pertsonaiaren zama, hasiera batean hiltzailea ez dela argudiatzeko baliatzen duena, bere altuerekiko beldurra da. Pelikularen hastapena mendi batetan gertatzen da, hemendik eroritako gorpuak jarriko ditu filmaren engranajeak martxan. Elementu agerian hitchcokianoa (zuzendari britaniarraren eragina, adierazkorretan adierazkorrena Vertigo-rena, nabarmena izango da pelikulan), ezintasunari eta beldurrari erreferentzia egingo diona, baina aldi berean kontrolatu ezin den desira ere adieraziko duena. Elkarrenganako magnetismoaren, eta aldi berean urruntze horren zeinua genuke bertigoa, erortzear gaudenaren sentsazio eta zirrara.

Hala, bi pertsonaien artean sortzen den maitasun istorio honetan asko dago konbentzioaren mugak hautsi ezin izanaren beldurretik (gizon ezkondua da, polizia izatearen kode zurrunak gizonaren ohorea marrazten du…), edo etengabeko kontrolaren atzaparren mehatxua isila ere hor da: gailu digitalek nolabait gure iragana eta oraina, esan eta egin dugun oro, kodifikatuta izango balute bezala.

Pelikularen itxierak, berriro ere konbentzio klasikoen bidera bueltatuta, asko izango du sakrifizio eta eremu tragikotik. Baina, halaber, era ederrean uztartuko dira maitasun istorio honetako bi pertsonaia banandu (eta banaezin) horien istorioak, nolabait baten itsasoa eta bestearen mendia (zein ote da zein?) uztartuz.

Azken ohar bat. Pelikulak kromatikoki ere jolas egingo du bi pertsonaien arteko anbiguotasun horrekin, momentuaren arabera berde edo urdin diren mendi eta itsasoaren sinbologiarekin. Azken finean, zer da iruzkin honen lagun den argazkian dagoen paretako irudi hori, mendia edo itsasoa? Erantzuteko ezintasun zoragarri horren marra fina da Park Chan-wook-ek planteaturiko bide miragarria.

Artikulu hau Zinea.eus webguneak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko artikulua hemen duzu ikusgai.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago