Euskaraldia aski ezaguna izango da zuetako gehienentzat. Baina, ezagutzen al duzue Pantailaldia? Prest al zaudete pantailen arloan dituzuen hizkuntza ohiturak aldatzeko? Euskaraldia baino astebete lehenago, Pantailaldia antolatu du Pantailak Euskaraz ekimenak. Ostiralean hasita eta astebetez, azaroaren 11tik 18ra, ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean (edo sortzean) ditugun bizipenak eta zailtasunak azaleratzea izango du helburu.
"Kontsumoa handitzen ez bada, nekez emango diote euskarari dagokion lekua"
Horretarako, egun horietan, #Pantailaldia traola erabiliko dugu sarean, eta Pantailaldiko logoa jarriko dugu sare sozialetako gure kontu pertsonaleko perfilean. Nik Pantailaldian parte hartuko dut, eta zuek ere parte hartzera animatu nahi zaituztet.
Hausnartu dezagun ikus-entzunezkoetan zer ekarpen egin dezakegun, eta eskaintzen diren film edo telesail urriak euskaraz ikusteko ohitura ote dugun. Izan ere, eskaintza txikia izan arren, kontsumoa handitzen ez bada, nekez emango diote euskarari agintari zein streaming paltaformek dagokion lekua.
Beraz, saia gaitezen astebetez ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzen eta pantailen munduan euskarak dituen gabeziak azaleratzen. Eta ea astebeteko praktika egunerokora eramatea lortzen dugun.
Animatu eta parte hartu!
Pantailaldia ekimenaren Arabako boluntario gisa arituko da Mitxel Elortza azaroaren 11tik 18ra, bere sare sozialetan, baina baita ALEAren bitartez ere. Bere artikulu guztiak hemen izango dituzue ikusgai.