Ate joka dugu Pantailaldia, Pantailak Euskarazek euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko eta aktibazio soziala bultzatzeko antolatutako ariketa kolektiboa. Ostiral honetan, azaroaren 11n, abiatuko da, eta astebetez luzatuko da.
Egitasmoak, halaber, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utzi eta erakundeak pausoak ematera bultzatzea izango du helburu. Izan ere, ekimenaren antolatzaileek gogorarazi dutenez, Euskal Herrian urtean zehar eskaintzen diren zinema emanaldien %1 soilik da euskaraz.
Bost boluntario
Ekimenean burubelarri murgilduko diren bost boluntario izango dira. Eskualde bakoitzean ekintzaile bat arduratuko da egunero bere sare sozialen bidez zein tokiko euskarazko hedabideen bitartez ikus-entzunezko edukiak proposatzeaz, euren bizipenen berri emateaz eta jarraipena egiteaz; Arabaren kasuan, Mitxel Elortza irakasle gasteiztarra izango da boluntarioa, eta ALEAren bitartez ere ekimenaren berri emango du.
Horrez gain, ehun pertsona baino gehiagok izena eman dute dagoeneko; zeuk ere egin dezakezu pantailakeuskaraz.eus loturaren bitartez, ostegunera arte (azaroak 10).
Non gauzatuko da ekimena?
Mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka da:
- Telebista
- Streaming plataformak
- Zinema
- Sare sozialak
- Bideo-jokoak
Non ikusi euskarazko edukiak?
Era berean, ekimenaren erronka betetzeko baliagarri izan daitezkeen euskarazko baliabideen zerrenda plazaratu dute antolatzaileek:
- Zernonikusi.eus: berriki sortutako egitasmoak streaming plataformetan euskaraz dauden edukiak zerrendatzen ditu, eduki bakoitza zein plataforman eskaintzen den adieraziz eta edukiaren gaineko bestelako informazio zehatza emanez. Horrez gain, zinemetako euskarazko estreinaldien inguruko informazioa ere biltzen du.
- Euskal Encodings: Euskarara bikoiztutako eta azpidatzitako edukien datu-basea, edukiak deskargatuta edo online ikusteko aukera eskaintzen duena.
- E-liburutegi publikoak
- Euskarazko telebista kateak: ETB1, ETB3, Hamaika TB, Kanaldude, Xaloa Telebista, 28 Kanala, Erlo Telebista, Goierri Irrati Telebista, Goiena eta Oizmendi Telebista.
- Hamaika Telebistako edukiak nahieran, Android, iPad eta iPhone-etarako app-aren bitartez.
- EITB Nahieran, euskarazko edukiak iOS eta Android sistemetarako.
- ETB3ren smartphone, tablet eta SmartTVrako aplikazioa, ETBren haurrentzako telesail eta filmak biltzen dituena.
- Berria TB, Berria egunkariaren telebista.
- Game Erauntsia. Euskarak bideo-jokoetan daukan presentzia areagotzea, ezagutaraztea eta biltzea helburu duen egitasmoa.
- Era.eus: Nafarroako toki-entitateetako 28 euskara zerbitzuek elkarlanean sortu dute webgunea, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikas-prozesua osatzeko.
- Ikusgela: Bideo pedagogiko libreak egiteko proiektua da. Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak bultzatua eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak lagundua.
- Geruzak.eus: Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, euskaraz eta euskaratik, feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzea helburu duen ikus-entzunezko sorta.
- Loa eta Laia: Etxeko txikientzat zein familia osoarentzat sortutako egitasmo digitala. Euskaraz bizi eta musikarekin gozatzeko proiektua.
- YouTubeko euskarazko kanalak:
- Euskal Encodings kanala
- Ene Kantak kanala
- Kantu Kolore kanala
- Katxiporreta TB kanala
- Disney eta Pixarreko abestiak euskaraz
- Gaztea kanala (EITB)
Nork parte hartu dezake?
Bost ekintzaileekin batera, edozein herritarrek izango du Pantailaldian parte hartzeko aukera. Parte-hartzaileek hainbat betebehar izango dituzte:
- Euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka betetzea.
- #Pantailaldia traola erabiliz, haien bizipenen berri zabaltzea sare sozialetan.
- Pantailaldiko profil irudia sare sozialetan jartzea.
Izena ematen duen parte-hartzaile orori Pantailaldiko profil-irudia, euskarazko ikus-entzunezko baliabideen zerrenda bat, eta agenda proposamen bat bidaliko zaio, astebeteko erronka errazago betetze aldera.
Agenda proposamena
Pantailak Euskarazek hainbat deialdi proposamen egingo ditu, esate baterako:
- Azaroak 11, ostirala: Berria.eus webgunean Berria TB, Berria Ikasgela eta Berria Podcast edukiak ikusi eta entzutea.
- Azaroak 12, larunbata: Jokoteknia euskarazko bideo-jokoen jardunaldia (Bilbon, 10:00etatik aurrera), Game Erauntsia elkarteak antolatuta.
- Azaroak 13, igandea: hiriburu bakoitzean, inoiz ezer euskaraz eskaintzen ez duen zinema areto batean, 17:00etatik 17:30era antolatutako protesta koloretsuekin bat egitea, Zinema euskaraz, gure eskubidea dioten kartelak eta puxikak etxetik eramanaz. Gasteizko hitzordua Yelmo Boulevard zinemetan izango da.
- Azaroak 14, astelehena: Argia hedabidearen Multimedia kanalean ikusgai dauden 488 dokumentaletako bat ikustea.
- Azaroak 15, asteartea: Hamaika Telebistaren app berria instalatzea eta gustuko duzun saio bat nahieran ikustea.
- Azaroak 16, asteazkena: Euskal-Encodings.eus webgunean, ohiko plataformek euskaraz eskaintzen ez dizuten filmetako bat euskaraz gozatu.
- Azaroak 17, osteguna: Twitch Euskaraz! 19:00etan, Pantailaldiko boluntarioekin elkarrizketa zuzenean ikustea, Eneko Oroz twitchlariaren eskutik, twitch.tv/ekintaekin kanalean.
- Azaroak 18, ostirala: Goazen! telesailaren denboraldi berriaren lehen atala ikustea, 21:00etan ETB1en.
- Aste osoan zehar:
- Astebetez soilik euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzea.
- Zernonikusi.eus webgunean bilatu zein eduki ikus ditzakezun euskaraz streaming plataforma ezberdinetan.
- Bilboko Zinebi nazioarteko jaialdian filme guztiak euskaraz azpidatzita ikus ditzakezu.
- Telebista euskaraz ikusi: ETB1, ETB3, Hamaika TB edota tokiko euskarazko telebistak.
Nork babestuko du ekimena?
Euskalgintzako eragile nagusiekin elkarlanean ospatuko da Pantailaldia, baina ikus-entzunezkoekin lotutako hainbat eragile izango ditu babesle berezitzat: Berria taldea, Hamaika Telebista, Argia hedabidea, Zinea.eus, Game Erauntsia Elkartea, Euskal Encodings komunitatea eta Zernonikusi.eus.