Elkarrizketa: Asier Muelas Garaizabal (Lokarri Kirola) / Bideoa: Mikel Buruaga
Arabako ALEA eta Lokarri Kirola proiektua elkartu dira Arabako kirola beste ikuspuntu batetik begiratzeko, eta gure lurraldeko kirolariekin solasean aritzeko. Lehen atalaren protagonista Nekane Alda izan da, La Avispa ezizenarekin ere ezaguna.
Martxoaren 18a egun garrantzitsua izango da Nekane Alda (Gasteiz, 1993) K1 kickboxing borrokalariarentzat. MFC Championship-ek Bilboko La Casilla kiroldegian antolatutako gaubelaren barruan, Eva Sorribes katalanarekin lehiatuko da; bertan, bere ibilbide profesionaleko bosgarren garaipen jarraia lor dezake gasteiztarrak.
Sergio Dinamita Sanchez entrenatzailearen gidaritzapean, urte gutxian amateur izatetik profesional izatera igaro da Alda. Aurreneko borroka profesionala iazko apirilean egin zuen, Dulantzin, eta ordudanik gora besterik ez du egin.
Ikuslegoaren ikuspuntutik kirol bizi eta ikusgarria da, eta oholtza gainera igo baino lehen, lan eta prestakuntza ugari egin behar izaten dira. Borroka bat prestatzeko unean, ringera igo aurretik aurkaria ahalik eta gehien ezagutu behar dela nabarmendu du kirolariak. Duela gutxira arte gizonezkoena baino ez zen eremu batean gustura dabil Alda, eta pixkanaka kirol honetara gero eta emakume gehiago hurbiltzen ari direla azaldu du.
"Aukera dagoenean, saiatzen gara borrokaren aurrean gure aurkaria izango dena ikusten"
Oholtza gainean ikusten zaitugu orain. Baina, orain arte, nolakoa izan da zure ibilbidea?
Txikitatik hasi nintzen kirola egiten, baina zaldiekin, ez futbolean edo horrelakoetan. Gero, K2 gimnasioan hasi nintzen, kirol makinak, spinning eta horrelakoak egiten. Lagun batek proposatu zidan kickboxing-aren taulara joatea, hor barrenak askatzera, probatzera ea nola moldatzen nintzen horretan. Sergio Sanchez entrenatzailearekin hasi nintzen orduan, eta ondo joan zen. Izan ere, familia harreman oso ona genuen. Halere, nire aldetik bederen, ez nuen asmorik borroka egiteko, baina, berriro ere, Sergiok esan zidan intergym bat egiteko. Gero, amateur moduan, hasi zitzaizkidan deitzen, eta boxeoa egiten ere hasi nintzen, Gasteizen, Jose Luis Zelaiarekin, Sergiok esan zidalako nire jardunerako oso garrantzitsua izango zela eskuak lantzea. Horrela hasi nintzen boxeora hurbiltzen, ordura arte ere ez nuelako ezagutzen. Euskadiko Txapelketa egin nuen: boxeoan, bi egin eta biak irabazita ditut, eta baita kickboxing-ean ere. 2022an hasi nintzen profesionalki, K1 modalitatean. Lau borroka egin ditut orain arte, laurak irabazita momentuz.
Ibilbide paregabea, beraz! Kanpotik dena oso polita ematen du, baina horren atzetik prestakuntza asko egongo da ere. Nolakoa da egunerokotasuna?
Entrenamendu asko dago atzean. Ahal izatekotan, saiatzen gara aurkaria ikusten, horretarako aukera dagoenean. Horrela eginez, aukera dugu gure entrenamendua prestatzeko aurkari horren ezaugarriei begira; horri enfokatuta egoteko. Janaria ere beste faktore bat da, pisu jakin batera egokitu behar dugulako. Beraz, jaten duguna horren arabera egokitu behar dugu ere.
"Janaria faktore garrantzitsu bat da, pisu jakin batera egokitu behar dugulako"
Zein da zuretzat gogorrena? Entrenamendua ala janaria kontrolatzea?
Janariarena da gogorrena. Izan ere, entrenatzea gustatzen zaigu, eta egin egiten dugu. Baina janaria asko moztu behar dugu. Adibidez, karbohidratoak eta beste elikagai asko kendu behar ditugu.
Ibilbide arrakastatsua egin duzu. Kanpotik ikusita ematen du borroka baino ez dela, baina suposatzen, dut atzean sakrifizio asko egongo dela, ezta?
Bai, asko. Gainera, Euskadin, neskei dagokienez, bakarrik nago. Aurkariak Bartzelonatik edo Madrildik etorri behar dira. Baina amateur moduan hasi ginenean neska gutxi ginen, eta horregatik ere zailagoa da aurkariak aurkitzea, eta baita mugitzea ere. Baina pixkanaka neskak gehiago animatzen ari dira mundu honetan sartzen.
"Aldageletan beti mutilekin nago, aurkariak gela batean eta gu beste batean gaudelako"
Zer esango zenioke kirol honetan sartzeko zalantzak izan ditzakeen neska bati?
Hor gakoa dela zure lekua bilatzea eta gustura egotea. Batzuetan, klasean sartzen nintzenean, atentzio handia ematen zidan ikusteak zeuden gehien-gehienak gizonezkoak zirela, eta ni nintzela neska bakarra. Nik, dena dela, zorte asko izan nuen Sergiorekin.
Emanaldietan ere nabarmena da nahiko giro maskulinoa dagoela. Horrek nola sentiarazten zaitu? Aldageletan beti mutilekin nago, aurkariak gela batean eta gu beste batean gaudelako. Ez daukagu aldagela propiorik. Baina nire kasuan bederen ondo moldatu naiz, baina egia da mutil edo gizon giroa dela nagusi.
Aurrera begira, zer erronka dituzu aurrean? Zeri begira zaude?
Momentuz, martxoaren 18ko borroka daukat Bilbon. Horretan enfokatuta nago orain.