Beltza Weekend, fedeari eutsiz

Erabiltzailearen aurpegia Klask! 2023ko abu. 28a, 12:20

Irailaren 7tik 9ra ospatuko da Beltza Weekend jaialdia, Iruñean. KLASK

Irailaren 7tik 9ra ospatuko da Beltza Weekend musika jaialdia Iruñean. Gautxoriak Soul Clubeko kideek sortu eta antolatutako jaialdiaren 5. edizioa izango da aurtengoa eta izen handiko artistak izango dira oholtza gainean, Eli Paperboy Reed eta J.P. Bimeni kasu.

Klask! fanzinearen lehenengo zenbakian argitaratutako erreportajea. Fanzinea eskuratu nahi izanez gero, idatzi honako helbide elektronikora: klask.hb@gmail.com

Irudimenak osatzen eta borobiltzen ditu oroitzapenak. Eta 2022ko Beltza Weekend jaialdiaren gogorapenaren gozoak asmamen puntu bat duela dirudi. Ezin ezer hain zirraragarria izan. Ostiral gauekoa, adibidez, gau berezia izan zen. Alexis Evans bikain aritu zen Zentral aretoko gau-jaia irekiz, fin eta dotore. Tito Ramirezek, bere aldetik, astindu ederra eman zien publikoaren bihotzei. Asmamena izan edo ez, gogoak dio Pal Barrio abestitzarra entzun genuela aurrenekoz Beltza Weekenden. Aho bete hortz gelditu ginen. Txunditzeak alaitasunari eman zion bidea, eta latin soul doinuak dantzatzera abiatu zen Zentral aretoan biltzen zen zalego osoa. Hori bai luxua.

2017an hasi ziren Beltza Weekend musika jaialdia antolatzen, eta urtero Iruñea Euskal Herriko musika beltzaren hiri nagusia bihurtzea lortu dute

Zaletuei horrelako mementoak oparitzeko lan eskerga egin behar da. Eta hori Gautxoriak Soul Clubeko ume basatien buruhastea da. 2017an hasi ziren Beltza Weekend musika jaialdia antolatzen, eta urtero Iruñea Euskal Herriko musika beltzaren hiri nagusia bihurtzea lortu dute. Soula, rhythm & bluesa eta soinu jamaikinoak ipar, Lee Fields, Roy Ellis, Hannah Williams & The Affirmations, The Excitements, MFC Chicken eta entzute handiko beste artistak ekarri dituzte Iruñera.

Ez da makala lortutakoa. Mirakulu txiki bat da tamainako ekitaldi musikala antolatzea. Gautxoriak Soul Cluba irabazi asmorik gabeko elkarte bat denez gero, Beltza Weekend biziraun dezan jaialdian zehar sartzen den diru guztia festibalean berrinbertitzen dute. Bestalde, ikusten ez den lana handia da: koordinazio lanak, batzuekin eta besteekin negoziatzea, ekitaldi desberdinak antolatzea, diru-laguntzak eskatzea, oztopo orori aurre egitea... Hala baieztatu digu Xabierrek, Gautxoriak Soul Clubeko kideak, posta elektroniko bidez.

Lan horrek ordainsaria du, eta ez soilik publikoarentzat. Zentral aretoa jendez lepo ikustea, musikarekin bat eginik, dantzatzen eta abesten, hunkigarria zaie Gautxoriak Soul Clubeko lagunei. Askoren artean, teloia igotzerakoan zaleatuak txaloka eta txistuka ikustea aparteko momentua dela azpimarratzen du Xabierrek.

COVIDak sortutako krisialdiak kolokan jarri zituen horrelako uneak eta, beraz, Beltza Weekend jaialdiaren etorkizuna. 2019ko edizioa benetan arrakastatsua izan zen, Lee Fields kartelburu izanik, eta 2020ekoa potente zetorren, talde sonatuekin. Baina COVIDak geldiune batera behartu zuen. Bi urteren ondoren berriz hastea zaila izan zitzaien, oztopoak biderkatu ziren. Zentral aretoa jabez aldatu eta horrekin batera programazio-politika ere aldatu zen; haien ordutegietara moldatu behar. Eta gainera musika jaialdiz bete zen iraila. Antolatzaileek azken unerarte ez zuten erabaki aurrera egin edo ez. Zorionez, 2022koa edizio gogoangarria suertatu zen.

Zailtasunak zailtasun, soul eszenari dagokionez Beltza Weekend gero eta ospetsuagoa da, Euskal Herrian (batez ere Mojo Workin' desagertu zenetik; 2024ean edizio berri bat egingo dute) erreferente nagusia izateraino eta Estatuan leku garrantzitsu bat egiteraino. Finean, bertako publiko saldo fidela lortu dute, eta kanpoko jendea erakartzen dute urtero. Ez dago tronpatzerik Beltza Weekend musika beltzaren zaletuen gogokoenetarikoa dela esaterakoan.

Gauzak horrela, Iruñerriko musikaren sasoi onaren arduradunetako batzuk dira Gautxoriak Soul Clubeko lagunak. Xabier, aldiz, apaltasunez dihardu. Musika beltzaren eszena duela urte batzuk baino osasuntsuago egonagatik, oraindik minoritarioa da. Soilik reggaeren ingurukoak gaitasuna du burua altxatzeko. Soulak katakonbetan gordeta jarraitzen du. Nolanahi ere, Gautxoriak Soul Cluba Euskal Herriko soul klub garrantzitsuena eta Estatuko preziatuenetakoa da.

2015. urtean Gautxoriak Soul Clubeko kamisetak atera eta, bide batez, izen berdineko kluba sortu zuten. Bidea agerikoa zirudien: musika jaialdi bat sortzea

Ez daude hain urrun hasierako garaiak, soula maite zuten lagun kuadrilla bat zirenekoa. Urteetan zehar pintxadak antolatu dituzte, fanzineak sortu, gertuko eta urruneko kontzertu eta musika jaialdietara joan... Baina 2015. urtean Gautxoriak Soul Clubeko kamisetak atera eta, bide batez, izen berdineko kluba sortu zuten. Bidea agerikoa zirudien: musika jaialdi bat sortu eta, horrela, etxetik atera gabe, maite zituzten musika taldeekin eta abeslariekin gozatua hartu. Iruñeko eta Nafarroako aldaketa politikoaren ilusioarekin kutsaturik, Mojo Workin'-en moldea (bi talde eguneko, selektore sesioak arratsaldez eta gauez) antzeratu zuten, gaur egun errepidean dauden taldeak gonbidatuz. Honetaz gain, programazio kultural (liburu aurkezpenak, film emanaldiak, erakusketak, umeentzako saioak...) zabal batekin eta ostegun eta larunbat eguerdiko kontzertuekin osatu zuten jaialdia. Horra hor Beltza Weekend.

Etorkizunera begira, berriz, erronka franko zerrendatzen ditu Xabierrek. Beltza Weekend jaialdiaren eskaintzak ez du jendetza erakartzen, are gutxiago gazteak. Desafioa da festibala belaunaldiartekoa bilakatzea, errelebo falta sumatzen du publikoan. Eta sustrai bereko musikak izan arren, bilatzen zuten soularen eta reggaeren arteko sinergia lortzeke dute oraindik.

Musika jaialdi handien molde berriek, musika eskaini baino jolas-parke bihurtu direnek, festibal txiki eta espezializatuen zailtasunak ugaritu dituzte. Oro har, Beltza Weekend bezalako jaialdi txikiei etorkizun zaila iragartzen die Xabierrek. Azken aldian, gainera, artistek haien katxeak igo dituzte, kontratazioa zailduz, batez ere prezio herritarrak mantendu nahi dituzten antolatzaileentzat, Gautxoriak Soul Cluba kasu.

Gauzak ondo bidean eta publikoak erantzuten jarraitzen duen bitartean, haatik, Beltza Weekend jaialdiak bere horretan jarraituko du. 2023an, udaren ondoren, irailaren 7an, 8an eta 9an bueltan dator Beltza Weekend, eta ez edonolako edizioarekin. Egungo eszenako bi soul izar estimatuenetarikoak bildu dituzte: J.P. Bimeni (ostiralean) eta Eli Paperboy Reed (larunbatean). Biek bizkartzain ezin hobeak izango dituzte: The Ready Mades eta The Four Breakers, hurrenez hurren. Ostegunean, ordea, The Titanians taldearen reggae doinuak izango dira Rockcollection lokalean. Akatz ska talde mitikoak biribilduko du kartela, larunbateko bermuta animatuz. Beltza Weekend zaletuek zaletuentzat egindako musika jaialdia da, Pal Barrio lehenengoz entzutearen zirrara moduko hamaika unez osatutako utopia txikia. Pasioa militantzia bihurtuz soilik da posible Beltza Weekenden musika jaialdiaren ereduari eustea. Eskerrak Gautxoriak Soul Clubeko ume basatiek fedeari eusten dioten bekatariak direla eta musika beltzaren garra ez dutela itzaltzen utziko.

Klask! fanzinearen 1. alea eskuratzeko, Old Tower Stuff disko dendara (San Bizente Aldapa, 3 - Gasteiz) hurbildu zaitezke edo klask.hb@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago