James Booker was a rascal

Erabiltzailearen aurpegia Klask! 2023ko ots. 17a, 12:30

James Booker abeslari eta pianista Montreuxen, Suitzan (1978). / Argazkia: Lionel Decoster

Drogek eta zorakeriak gutxitutako talentu handi baten historia da James Bookerrena. Alde batetik, erokeriaren mugan kulunkatzen zen beltz herren, begibakar, homosexual eta jonki bakartia izan zen. Bestetik, Professor Longhair, Allen Toussaint, Tuts Washington, Jelly Roll Morton eta enparauen pare jarri behar den pianojole bikaina. Dikotomia horrek zeharkatzen du Bokerren irudia.

New Orleansek erditutako musikari xelebreen artean bitxiena zen. Begibakarra, izar kromatutadun adabaki bat erabili ohi zuen. Eszenatoki gainean ileordeak eta kapak erabiltzen zituen. Eta heroinak, kokainak, alkoholak edo inoiz ez diagnostikatutako erokeriak bultzatuta ikuskizun eszeniko bortitza eskaintzen zuen, eroaldi baten modukoa.

Piano aurrean esertzerakoan Bookerrenak ez ziren atzamar soilak, teklen gainean dantzatzen ziren armiarmak baizik

Baina xelebrekeriek ez zuten lortu pianojolearen jeinu musikala ezkutatzea. Piano aurrean esertzerakoan Bookerrenak ez ziren atzamar soilak, teklen gainean dantzatzen ziren armiarmak baizik ("spiders on the keys" moduan deskribatu zuen Harry Connick Juniorrek Bookerren jotzeko era). Ezker eskuak agintzen zuen, erritmo bizi-bizia sortuz; eskuin eskuak, ordea, tradizio beltzaren zapore minarekin blaitzen zuen musika-lana. New Orleanseko estandarrak, pop abestiak eta musika klasikoaren izen handien konposizioak pasa ziren haren atzamarretatik.

Haur prodijioa

James Carroll Booker III.a New Orleans sortu zen 1939ko abenduaren 17an. Ama gospel kantaria eta aita dantzari profesionala izandako ministro baptista, txiki-txikitatik erlijio senarekin batera musika zaletasuna sortu zitzaion James Bookerri. Bay St. Louisen hasi zen musika eskolak jasotzen, arrebarekin batera izebaren etxera aldatu zenean. Sei urterekin piano ikasketak hasi eta azkar hartu zion tamaina irakaslearen eskolei. Hamabi urte bete zituenerako, diotenez, pianoa guztiz menperatzen zuen.

1953. urtean, aita hil eta gero, arreba eta biak New Orleansera bueltatu ziren, amaren etxera. Aldaketa erabakigarria izan zen. Xavier Preparatory School ikastetxean sartu zen ikasle, Allen Toussainten eta Art Nevilleren ikastegi berean. Ikastetxeko lagunekin (horien artean, Art Neville) sortu zuen bere aurreneko taldea: Booker Boy and the Rhythmaires. Betty Jean arreba, bere aldetik, WMRY irratian gospel abeslari hasi zen; askotan James Bookerrek irratira laguntzen zion. Irratiko ekoizleek gaztetxoaren gaitasunez ohartu eta hamalau urte zituela WMRY-eko larunbateko jazz eta blues irratsaioan pianoa jo zezan proposatu zioten. Jazz, blues eta rhythm'n'blues abestiekin batera, Bach, Beethoven, Chopin eta maisu desberdinen konposizioekin hornitzen zituen programak. Booker Boy and the Rhythmaires taldeak ere tartea izan zuen.

Hamabi urte bete zituenerako, diotenez, pianoa guztiz menperatzen zuen

Irratian entzun zuen Dave Bartholomewek lehenengoz James Booker. Gazteaz liluratu zen. Kontratua sinarazi zion eta, horrenbestez, Imperial Recordseko musikari bihurtu zuen. Doing The Hambone singlea izan zen bien arteko elkarlanaren lehenengo emaitza, Little Booker izena erabiliz zigilatu zuten 1954. urtean. Diskoak ez zuen izan aurreikusten zitzaion arrakasta. Hala ere, Bookerren dohainekin engainaturik eta mutikoak besteen estiloa imitatzeko zuen trebetasuna probesteko asmoz, Dave Bartholomewek estudioko pianora kakotu zuen gaztetxoa, besteak beste, Fats Dominoren abestiak grabatu zitzan. Dave Bartholomewren babesean hasi zen Booker birak egiten, adibidez, errepideko bizimoduarekin gogaitutako Huey Piano Smithen ordez.

Ez bakarrik Dave Bartholomewek, Chess Recordseko A&R arduradun Paul Gaytenek ere begiak gaztearen gainean jarri zituen. Hasiera batean Art Nevillerekin batera grabatu behar zuen singlea, Arthur Booker misteriotsuarekin egin zuen: Heavenly Angel. Berriro ere, diskoak ez zuen arrakastarik izan. Joe Texen bitartez, saiakera egin zuen Ace Recordsen, hiru urteko kontratua sinatuz. Open The Door zazpi hazbetekoa argitaratu zuen 58an. Diskoen arrakasta urriak eta Johnny Vincentek (Ace Recordsen burua) Bookerren grabaketen gainean Joe Texen ahotsa erabili izanak gaztea nazkatu zuten. Bere adingabetasuna aitzakiatzat erabiliz, kontratua eten zuen Bookerrek eta musika industriatik aldendu zen. New Orleansetik Batoun Rougera lekualdatu zen Southern University unibertsitatean izena emanez.

 

Soldatapeko zaila

Drogen mundu ainubean guztiz murgildurik, diru premiak errepidera bueltatzera behartu zuen James Booker. 60. urtean, Baton Rougeko unibertsitatea utzi eta Houstonen grabatu zuen haren diskorik arrakastasuena: Gonzo, Peacock Recordsen zigilupean. Hamaika aste jarraian eman zituen 60ko Billboard-en zerrendan, 43. postua lortuz. Beste hiru zazpi hazbeteko sortu zituen Peacock Recordsen sostenguarekin baina Gonzo-ren gerizpean usteldu ziren denak.

Gonzo-k lortutako arrakastak eta teklak jotzen zuen egundoko abilezia musikala baliaturik, estudioko eta zuzeneko musikari moduan eman zuen 60. hamarkada osoa. Little Richarden, Lloyd Pricen, Wilson Picketten, King Curtisen, B. B. Kingen eta beste hainbat izarren soldatapean egin zuen lan. 60. hamarkadaren amaieran James Bookerren xelebrekeriek gora egin zuten. Haren irudi berezia finkatu zen: erotutako jenio musikala. Adibide moduan, Tipitina aretoan pardela jantzita agertu zen eszenatoki gainean. Errebolberra buruan paratu eta kokaina lortu ezean bere buruaz beste egitearekin mehatxatu zuen publikoa.

Taldekide zaila zen. Aldarte txarrekoa oso, lan egin zuen talde guztietan ezegonkortasun faktore nagusia bihurtzeko gaitasuna zuen

Taldekide zaila zen. Aldarte txarrekoa oso, lan egin zuen talde guztietan ezegonkortasun faktore nagusia bihurtzeko gaitasuna zuen. Besteen gainetik nabarmanetzeko nahiak eta pianoa jotzeko zuen maisutasunak taldekideen papera gutxitzen zuten. Haren homosexualitate irekiak taldekideen pentsaera hertsia kolpatu zuen; biretan maitaleak eraman ohi zituen hoteleko gelara. Arazo handiena, ordea, James Bookerren drogamenpekotasuna izan zen. Zuzenekoak baldintzatzen zituen, emanaldi kaskarrak eskaintzeraino eta taldearen irudia kaltetuz.

Gauzak horrela, ez zuen postu finkorik lortu. Dr. Johnek, Bookerren apopilo izandakoak, adibidez, taldean aukera bat eman zion, baina sortzen zituen arazoengatik bi asteetako ordainsaria eman eta taldetik kanporatu zuen. Dr. Johnen hitzetan, New Orleansek sortutako pianoren maisu beltz, gay eta begibakar onena izan zen.

Fenix hegaztiaren antzera

1970. urtean atxilo eraman zuten soinean heroina eramateagatik. New Orleanseko Dew Drop Inn klub lizunaren kanpoaldean suertatu zen atxiloketa eta Louisianako Estatu Presondegian, Angola beldurgarrian giltzaperatu zuten bi urteko zigorra bete zezan. Soilik sei hilabete egon zen espetxean. Kartzelako liburutegian lanean hasi eta musika-programa bat abiatu zuen. Ereduzko jokabidea medio, kalera irten zen.

Libre, New Orleanseko musika eszenaren gainbeheraren aurrean, errepidera bueltatzeko saiakera egin zuen. Horretarako baldintzapeko askatasuna urratu ostean (ezin zen Louisianatik atera), hurrenez hurren, New Yorkera eta Los Angelesera joan zen zorte bila. Entzute handiko musikarientzat lan egin zuen garai horretan ere: Ringo Starr, The Doobie Brothers, Charles Brown, T-Bone Walker... New Yorken King Curtisentzat eta Aretha Franklinentzat grabatu zuen, azkenengo horrentzat Hey now hey LPko So Swell When You're Well abestia konposatuz. Atlantic Recordserako morroitza lanetan, Jerry Wexlerrekin batera hainbat abesti propio grabatu zituen. Ez zuten argirik ikusi. 70. hamarkadaren erdialdetik aurrera, iraganean bezala, James Bookerren jite txarrak eta drogazaletsunak bakarlari izatera kondenatu zuten.

Kritika onak jaso zituen Junco Partner diskoak eta James Bookerrek, behingoz, iheskorra zitzaion errekonozimendua izan zuen

Baldintzapeko askatasunaren urradurarengatik absolbitua izan ostean, New Orlansera bueltatu zen 1975. urtean. New Orleans Jazz and Heritage Festival sonatuan emandako kontzertuak industria musikalaren ateak ireki zizkion. Junco Partner (Island Records, 1976) lan luzea grabatu eta argitaratu zuen hogeita hamazazpi urte zituela. Kritika onak jaso zituen diskoak eta James Bookerrek, behingoz, iheskorra zitzaion errekonozimendua izan zuen.

Junco Partner diskoaren arrakastak Europan lana aurkeztea ahalbidetu zion. Amodiozko istorioa izan zen James Bookerren eta Europaren artekoa, laburra bezain emankorra. Hainbat musika jaialdietara gonbidatu zuten eta, bide batez, zuzeneko disko uzta ederra utzi zuen: The Piano Prince of New Orleans (AVES, 1976), Live! (Gold Records, 1978) eta Blues & Ragtime From New Orleans (AVES, 1980). 76ean Zuricheko Boogie Woogie & Ragtime txapelketa irabazi zuen eta The Piano Prince of New Orleans diskoak Grand Prix de Disque de Jazz saria jaso zuen 1977an.

Gainbehera

Europan bi urte eman ondoren, New Orleansera bueltatu zen. Jaiolekuan ospe apalagoa zuenez, aretoetan edota tabernetan jotzera behartuta ikusi zuen haren burua. Maple Leaf Bar izan zuen egoitza moduan, han eman zituen azken ikuskizun gogoangarriak. James Bookerren osasun mentalak eta fisikoak behera egin zuten. Drogak lagun bakar gisa, depresioak, paranoiak eta eskizofreniak jota biziraun zuen New Orleanseko tabernazuloetako zirkuitoan. Behin baino gehiagotan Charity Hospitalean ospitaleratu behar izan zuten.

1983ko azaroaren 8an sartu zuen James Bookerrek azkenengo kokaina marra

Gibeleko harribitxi moduan, 1983. urtean Rounder Recordsekin batera Classified sortu zuen, James Bookerrek bizirik grabatu zuen azkenengo LPa. Grabazioa kaos bat izan zen hasiera-hasieratik: lehenengo grabaketa egunean ez zuen nahi izan estudiora joan, bigarrenean osasun txarrak ez zion utzi. Azkenik, hirugarren egunean Bookerren trebetasunaren adibide xarmagarria diren abesti bilduma grabatu zuen.

1983ko azaroaren 8an sartu zuen James Bookerrek azkenengo kokaina marra. Konortea galdu eta New Orleanseko Charity Hospitalera eraman zuten. Han hil zen gutxiegitasun kardiako eta pulmonar baten ondorioz. Berrogeita hiru urte zituen.

Testuaren egilea: Iggy Klask!

Klask! fanzinearen 0. alea eskuratzeko, Old Tower Stuff disko dendara (San Bizente Aldapa, 3 - Gasteiz) hurbildu zaitezke edo klask.hb@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago