Musika beltzaren inguruko 'Klask!' fanzinea jaio da

Erabiltzailearen aurpegia Klask! 2023ko ots. 17a, 11:00

Kalean da Klask! fanzinearen 0. zenbakia. / Argazkia: HALA BEDI

Hala Bedi irratiko Klask! irratsaioa fanzine bihurtu da, eta dagoeneko kalean da lehen alea: 0. zenbakia. Besteak beste, Old Tower Stuff disko dendan eskuragarri dago ume basatientzako doinu beltzen inguruko argitalpena.

Udazkenean jaio zen Azido Beltza irratsaio berria (Hala Bedi irratian entzungai, astelehenetan 15:00etan eta larunbatetan 17:00etan), Klask! irratsaioak agur esan eta gero. Orain, neguarekin batera, Klask! Ume basatientzako doinu beltzak fanzine proiektuak bere bide propioa egiteari ekin dio, bi irratsaioen esatari Igarki Robles a.k.a. Iggy Klask!-en eskutik. Kalean da jada 0. alea, 2023ko negukoa; dena ondo bidean, udaberrian zehar iritsiko da hurrengo zenbakia.

Bluesa, jazza, rhythm & bluesa, soula, funkya, reggaea... musika beltzaren hamaika aurpegiri buruzko testuak biltzen ditu fanzineak, 70 orrialdetan. Erreportajeak, elkarrizketak eta erreseinak dira oro har, eta, musikari bezala, hura inguratzen duten azpikultura eta gai soziopolitikoei ere heltzen diete. "Modua aldatu arren, haren oinarriei fidela izaten jarraitzen du proiektuak", sar hitzean bertan diotenez, do it yourself arimari eutsiz.

Hilabeteak eman dituzte fanzinea sortzen, "patxadaz, mimoz eta umiltasunez" eraiki nahi baita proiektua. Pixkanaka eta komunitatean. Horregatik, hainbat izan dira, Iggy Klask! bultzatzaile nagusiaz gain, kolaboratu duten lagunak: Ok!antza, Hala Bediko 3 Kortxea saioko esataria; Eneko Alberdi, irratsaioko kolaboratzailea; Lola Shane; Mikel Makala; Lidia Insausti eta Tony Vardek sinatu dituzte testuak, besteak beste.

Hala Bedi irratiko kolaboratzaile gehiagok ere hartu dute parte. Old Tower Stuff disko dendako Rufok gomendio zerrenda bat osatu du (denda horretan bertan dago fanzinea eskuragarri, Gasteizko Alde Zaharrean), eta Lola Shanek, bestalde, emakume afroamerikarrek sortutako swing banden inguruko artikulua idatzi du, batzuk aipatzearren.

Klask! fanzineari, sortzeko motibazioei eta lantzen dituen edukiei buruz jarduteko, elkarrizketa egin zioten Igarki de Roblesi Hizpidea magazinean, duela aste batzuk. Bere musika zaletasunari buruz mintzatu da Igarki, musika beltzari buruz, eta beste hainbat konturi buruz. Entzun hemen elkarrizketa osoa.

Klask! fanzinearen 0. alea eskuratzeko, Old Tower Stuff disko dendara (San Bizente Aldapa, 3 - Gasteiz) hurbildu zaitezke edo klask.hb@gmail.com helbide elektronikora idatzi.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago