Iritzia

Ospatu!

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2024ko uzt. 26a, 11:09

Argazkia: ALEA

"Diskurtso ederra iruditu zait. Jaien bizipoza gorpuztuko duenari ezin gehiago eskatu, ezta?"

Maiatzaren erdialdetik ia abuztua erdialdera arte, astean zehar zein asteburuetan, Gasteizen ez da jaigirorik falta. Auzoetako jakiekin batera bestelako ekitaldiak gainjarriko dira, direla jaialdiak, feriak, kirol-lehiaketak...

Ez dakit zuek, baina ni neu ezin aukeratuta ibiltzen naiz, ez bakarrik gustuko eskaintza askotarikoagatik, baita norberaren indarren araberakoak aukeratu behar direlako, neurrian, dagoeneko ez ditugula hogei urte!

Ba bai, ez naiz ni kuadrillako parrandera ofiziala. Adina badugu eta momentuko aldartearen arabera aukeratzeko baimena ematen diogu geure buruari, hainbestekoa baita eskaintza, kalera irteten garela agenda begiratu gabe, ea musikak nora eramaten gaituen...

Kalean, kalean gauzatzen, gorpuzten, irudikatzen, bizitzen, performatzen baitira jaiak. Udaberri-udaren eguraldi onak lagunduta, kaleen irekitasuna, bat-batekotasuna baliatuko dugu bizipenak elikatzeko... Nor topatuko dugu kalean? Ba, ikusi nahi duzun hori edo inor ere ez, ezin jakin.

"Atentzioa eman dit zenbat aldiz aipatzen duen maitasuna bere elkarrizketan..."

Oso gustura irakurri dut, eta uste dut artikulua irribarre batekin amaitu dudala, ALEAk Iñaki Kerejazuri, Zeledon berriari, egin dion elkarrizketa. Atentzioa eman dit zenbat aldiz aipatzen duen maitasuna bere elkarrizketan, maite duen jendea izango duela ingurua, maite duen hiriari egiten dion ekarpena dela, lagun eta taldekideekiko maitasuna, bere familiari diona... Diskurtso ederra iruditu zait, jaien bizipoza gorpuztuko duen pertsonaiari ezin gehiago eskatu, ezta?

Horregatik guztiagatik, ezin dut ulertu, ez zait buruan sartzen, ez zait bihotzean kabitzen, jaigiroan ematen diren biolentzia ekintzak, edozein motakoak, eta are gutxiago emakumeen kontrako erasoak. Ezin badiozu eutsi, gelditu zaitez etxean, ozen esango dugu.

Ba hori, kalean elkar ikusiko dugula, kalean ibiliko garela, kaleak ibiliko ditugula eta ospatuko dugula, bizirik gaudela eta elkarrekin egoteko plazak dauzkagula... Pentsalari handi batek dioen moduan, "ospatzen ez dena ez baita existitzen".

Irati Iciar.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago