Iñaki Kerejazu 'Zeledon'

"Modu desberdinetan egin daiteke iraultza, baita hitzekin ere"

Anakoz Amenabar 2024ko uzt. 22a, 08:00

Iñaki Kerejazu, San Migelgo balkoian. Argazkia: Erlantz Anda

Gorka Ortiz de Urbinaren 23 urteko ibilbidearen ostean, hurrengo bost urteetan Iñaki Kerejazu izango da Zeledon. Zalduondoko pertsonaiari "bere ukitua" eman nahi dio, eta aldaketa bereziki hitzartzean nabaritu daitekeela uste du, besteak beste, Zeledonen ahotan euskarak "aurrerapauso bat" eginez.

Zainetan daramatza Andre Maria Zuriaren jaiak Iñaki Kerejazuk (Gasteiz, 1998). Lehenengo aldiz, zazpi hilabeterekin jantzi zuten blusaz gurasoek, 2004an Zeledon Txiki izendatu zuten, eta aurten, Gorka Ortiz de Urbinari lekukoa hartuta, jaietako protagonista nagusia izango da. Erronka handia du aurretik: hainbeste miresten duen pertsonaiaren larruan sartu, eta herritarrei jaietarako ongi etorria ematea.

Nor izango da Zeledon berria?

Gasteiz maite duen gazte bat da, blusa izatea oso barruan daramana, eta hiriak eskaintzez duenaz gozatzen duena: kultura, kirola... Hamazortzi urte bete nituenetik, nire aitaren erruz, abuztuaren 4 guztietan plaza zeharkatzen izan naiz Zeledonen laguntzaile modura, Gorkaren laguntzaile, eta beti oso harro egin dut lan hori; plaza gurutzatu, buelta eman eta plaza gainezka ikustea izugarria da, oso berezia. Orain, balkoitik izango da, are eta bereziagoa.

Zerk bultzatu zaitu jauzi hori ematera?

Egia da jende askok esan didala nik izan behar nuela hurrengo Zeledon, presio bat izan da alde horretatik, baina erabakia ez dut hartu presio horregatik, nik benetan nahi izan dudalako baizik; gustura hartzen dut eginkizun hau.

"Prest da abuztuaren 4ko taldea; maite dudan jende asko izango dut laguntzaile"

Etxean zer esan dute?

Hasieran edo orain? Kar-kar... Hasieran ama oso urduri jarri zen. Uste dut lasaien neskalagunak hartu duela, patxadaz hartu du, nahiz eta barrutik daraman kezka... Egun hauetan ikusten ari da nolako estualdia den hau aurrera eramatea, hedabideen elkarrizketak tartean, eta zenbat konpromiso ditudan, eta, egia esan, eskertu behar diot daukan pazientzia handia eta nola zaintzen nauen momentu hauetan.

Andre Maria Zuriaren plaza jende artean zeharkatzea izango da zailena?

Abuztuaren 4an plaza zeharkatzeak ez nau batere kezkatzen, badakit disfrutatzeko momentua izango dela, momentu berezia, eta horretara egongo naiz. Gehien kezkatzen nauena, aldiz, egun horietan zaindu behar ditudanak behar bezala ez zaintzea da, ondokoekin egoteko denborarik ez izatea...

Ulertuko dute konpromiso ugari izango dituzula egun horietan...

Seguruenik bai, baina niri amorrua emango dit.

Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa hartuko du Iñaki Kerejazuk abuztuaren 4an. Argazkia: Erlantz Anda

Plazarako dena prest? Nolako taldea izango duzu?

Taldea prest da, eta horrek asko pozten nau, nire inguruko jende asko batu delako Zeledon elkartera. 2007an hasi zen talde hau antolatzen, udaltzainek uztearekin batera; nire aita eta beste lagun batzuk hasi ziren plaza zeharkatzen blusak eta neskak bakarrik zeuden taldean, eta orain ere horrela izango da. Aurten, egia esan, dezente berritu dute taldea, eta nire ondoan eramango ditut nire betiko kuadrillako jendea, eta horrek izugarri poztu nau; blusa kuadrillako jende asko eta maite dudan jende asko izango dut inguruan. Taldetxo batzuk daude antolatuta, eta, noski, aita nire ondoan joango da, hori baita bere urteko momenturik bereziena. 2007 hartan hasi ziren guardia zaharreko batzuk ere etorriko dira.

"Nahiko nuke euskarak behar duen lekua izatea niri dagokidan paperean"

Gomendiorik eman al dizu Gorka Ortiz de Urbinak?

Bai, dezente...

Eta kontatu daitekeen baten bat?

Bereziki medioekin kontuz ibiltzeko, kar-kar. Esan beharrekoak ondo neurtzeko eta galderak ondo entzuteko, berak izan dituen arazoak ez errepikatzeko. Jendearengan konfiantza handia dut, nahiko gardena naiz, eta batzuetan horrek atsekabeak ekartzen dizkit, beraz, horrekin kontuz ibiltzeko. Gehienbat disgusturik ez izateko eta benetan gozatzeko honetaz guztiaz.

Zapi gorria ere prest duzu.

Bai, hasieratik izan du Zeledonek zapi gorria, gerriko gorria, praka milamarraduna eta blusa laukiduna, zahatoa eta aterkiaren batera, eta hala jantziko dut. Nik gorria abuztuaren 4an bakarrik janzten dut, gainontzeko egunetan blusa kuadrillak janzten duena. Baina, bestalde, zapi gorriak badu niretzat esanahi berezi bat; aitonak erakutsi zidan laneko zapia koadroduna dela eta jai egunetakoa gorria, eta, hain justu, abuztuaren 4 batez hil zen bera, zapi gorria jantzita. Beraz, hari egindako omenalditxo bat ere bada. Gauza askok egiten dute berezi abuztuaren 4a niretzat, inportanteak eta hunkigarriak diren gauzatxo askok.

Tradiziozalea zara?

Bai, batzuena, eta uste dut, zorionez, Gasteizen beste tradizio batzuk alde batera utzi ditugula, herriak berak apurtu duelako horiekin. Oraindik hemen gaude tradizioak garaietara moldatzeko eta Gasteizko jaiak guztiontzako izan daitezen lortzeko; zerozer aldatu behar bada, gure esku egongo da. Uste dut kaleak egiten dituela Gasteizko jaiak berezi; 24 orduz bizi ditzakezu jaiak kalean.

Nola irudikatzen duzu aurtengo Zeledon? Aurrekoaren jarraipena izango da, aldaketa txikiren bat ekarriko du, ala iraultza ekarriko du berriak?

Iraultza modu desberdinetan egin daiteke, baita hitzekin ere. Uste dut nire kutsua emango diodala jaiari, azken batean bakoitzak bere modura egin izan duelako hau, baina niri benetan nire forma ematea gustatuko litzaidake, eta uste dut gehienbat hitzartzean izaten dela norbere puntua emateko momentua. Hor nabaritu daitezke aldaketak. 

Zenbateko askatasuna izango duzu horretarako?

Erabatekoa. Badaude diskurtso horretan jaiei begira nahitaez esan beharrekoak, eta esango ditudanak, eta gero beharbada niri barruagotik ateratzen zaizkidanak. Horrela egingo dugu. 

"Aurrerapauso bat eman behar dute neska eta blusek kolektibo indartsu bat osatzeko"

Euskarak nolako garrantzia izango du Zeledonentzat?

Uste dut honetan ere aurrerapauso bat eman behar duela Zeledonek. Gorkak bere lana egin du euskaraz egin eta urteekin hobetzeko. Eta nik, zorionez, euskaraz ikasi dut, euskara erabiltzen dut, eta euskaraz bizitzen saiatzen naiz. Nahiko nuke euskarak behar duen lekua izatea niri dagokidan paperean.

Baten bat arantzarekin geratuko da aurten ere ez delako izango emakume bat Zeledon... Noizbait izango ote da?

Helduko da. Helduko da momentua zeinetan Zeledonek Zeledon izaten jarraituko duen eta azpian emakume bat, gizon bat edo dena delakoa izango den, eta bakoitzak bere moduan emango dion kutsu berezia pertsonaiari eta hiriari, nolabait hiriaren irudia ere badelako. 

Zer esan zuten bederatzi urteko ikasleek euren iraskalea Zeledon izango zela jakitean?

Superpozik daude. Izaki mitologiko baten moduan ikusten naute, kar-kar. Sekulakoak imajinatzen dituzte, Zeledonen trajea egiten duten "fabrikara" laguntzera etorri nahi dutela diote, berezia izango dela ziur... ez dakit Willy Wonkaren fabrikaren antzeko zerbait imajinatzen duten. Eurentzako berezia da, eta gustatzen zait beraiek ere honen parte sentiaraztea, gure tradizio hau eurena ere badela sentitzea, eta oso gertu daukatela.   

Bien bitartean, Blusen eta Nesken Federazioa eta Batzordea bakoitza bere aldetik.

Tontakeria bat da banatuta egotea. Ez du inolako zentzurik. Bost urte dira blusa eta nesken kuadrillak sekulako indarra hartu dutela, eta uste dut aukera dugula kolektibo indartsu bat egiteko; kolektibo bat zeinetan mundu guztia sentitu daitekeen eroso, sentitu daitekeen seguru. Eta hori guztion lanarekin eta batasunarekin egin ahalko da. Ez du zentzurik egoera honek. Batez ere gehienbat jende jakin baten arteko arazo pertsonalak direlako tartean; hiri berean bizi gara, eta gero lanean ez dago arazorik federaziokoak eta batzordekoak elkarrekin aritzeko. Uste dut aurrerapauso bat eman behar dugula denok, eta adostasun batera heldu kolektibo potente bat egiteko; azken helburua guk jaiez gozatzea eta hiria gozaraztea baita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago