Egunero autobusa hartzen dut lanera joateko. Tiketa hartu eta ilaran jartzen naiz, gidariak atea zabaldu eta barrura sartzen utzi arte itxaron egin behar baitugu. Bost minutu lehenago iristen naiz, ez gara asko eta busa ez da betetzen. Baina, ze maaaaantso, astiiiiiro, soseeeeus… pasatzen den denbora itxoiten zaudenean.
Itxoitea denbora eta aldarte kontua da. Etorkizunean, hurbila ala urruna, zerbait gertatutako delako itxaron egiten dugu. Geldirik, mugimenduan... gertakizun hori iritsiko delako emango dugu denbora itxoiten. Inbertitu egingo dugu gure denbora, gure desioa, gure nerbioak, gure ametsak... iritsiko den horri itxoiten, gurari bat, esperantza bat, hutsune bat beteko baita.
Zutabe hau argitaratzen denerako 262 egun, 6.288 ordu, 377.280 minutu, pasatu dira Hutsunea izeneko zutabea argitaratu zenetik hementxe bertan. Orduan, Oihaneder proiektuaren amaieraren mina aipatzen nuen (Oihaneder mina), daborduko denbora asko igaro zela eta haren falta sumatzen nuela. Baina proiektu berri baten esperantzaz idazten nuen, itxoitea luzea egiten ari bazitzaigun ere, laster euskararen talaia berri batean elkar ikusiko genuen esperantzaz.
Beno ez, ez gaude puntu berdinean, nekatuago, desilusionatuago gaude, gogaituta, haserre
Eta 262 egun, 6.288 ordu, 377.280 minuturen ostean, hemen gaude, puntu berdinean. Beno ez, ez gaude puntu berdinean, nekatuago, desilusionatuago gaude, gogaituta, haserre.
Azken egunotan Izaskun Arrue kulturguneari buruzkoa irakurri ostean, buruan doinu bat daukadala konturatu naiz. Hitz bat, molde bat, jarrera bat, ahots bat… Negu Gorriakek abesten dit:
Amari itxoiten, itxoiten / aitak besoetan har nazan, itxoiten / Lehen eskola egunari, itxoiten / titiak noiz haziko, itxoiten / Itxoiten! / Esaminari, itxoiten / lana noiz lortuko, itxoiten / norbaiti, itxoiten (...) Itxoiten!
Abestu nirekin: estrofetan jarri neke ahotsa eta "itxoiten!" entzutean egin garrasi.
Nik ere, hutsunearen minaz, garrasi egiteko gogoa baitaukat.
Irati Iciar.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.