Hutsik dagoen espazioa. Espazio fisiko, mental eta emozionala. Hutsik, hustuta, sumatzen dudan espazioa da aipatu nahi dizuedana. Ez naiz fisikak ematen dion azalpenera batuko, berez ez dagoela hutsik, airez beteta baizik.
Halaber, egia da, agian ez da hutsunea, x-mina baizik, zerbaiten falta. Ez da herrimina, Gasteizen sumatzen baitut. Ez da maitemina, inguruan babes mugimendua sumatzen baitut. Jakin-mina? Ba bai, nebulosa batean sentitzen bainaiz.
Oihaneder-mina esanda dago? Horixe da hain zuzen sentitzen dudana: Oihaneder fenomenoaren indar zentripetuaren falta. Oihaneder egitasmoa amaitu eta ekainean ateak itxi zituenetik Gasteizko euskaldunok dinamika galdu dugula sumatu dut. Ez gaizki ulertu, jarduerak, kontzertuak, ekitaldiak, aurkezpenak, orokorrean "ebentoak" antolatzen jarraitu dugu. Baina dispertsatu egin gara. Eta euskararen mugimenduak talaiak behar ditu iparra eta dinamika ez galtzeko.
Ez naiz ezkor jarriko, lasai. Laster izango dugu zabalik beste topagune bat, Gasteizko Antzokia eta Euskararen Etxea, Gasteizko euskaldunon etxean, alegia. Laster izango dugu ospatzeko aitzakia. Laster izango dugu elkarrekin lanean aritzeko, ikasteko, gozatzeko, dantzatzeko, mintzapraktikatzeko, pote bat hartzeko… gunea. Laster izango da bai, baina maratoia luze egiten ari zait. Aspaldi baitzen laster.
Izaskun Arrue kulturgunea da hutsune hori betetzera, osatzera, hornitzera datorren egitasmoa. Halaber, euskaldunok emango diogu erabilera eta nortasuna, agian baita familia-izena ere: Arrue? Izas-enea? Oihaneder Berria?
Laster beraz, bertan elkar ikusiko dugulakoan, ez adiorik, gero arte baizik!
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.