Ganborraldera igo dira mendietan egin gura dituzten azpiegituren kontra

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Madina Milikua 2023ko api. 3a, 10:00

Arabako Mendiak Aske plataformak abiatutako mendi martxen edizio berriaren baitan, Aramaioko parajeetan ibilaldia egin dute larunbatean, Statkraft enpresak zentral eolikoa jarri gura duen inguruetan.

Babestu maite duzun mendia leloarekin ekin zioten joaten den astean Arabako Mendiak Aske plataformak deitutako mendi martxen edizio berriari, eta larunbat honetan Aramaio inguruetan egin dute mendi ibilaldia, Statkraft enpresaren proiektu eolikoa kokatuko litzatekeen lurretan. Ibarratik abiatu dira batzuk eta Kurtzetan batu dira beste hainbat lagun, Ganborralde mendira igotzeko. Han irakurri dute Aramaio Bizirik taldekoek ibilaldiaren harira idatzitako manifestua.

Ibilaldia gidatu duen Araba Bizirik taldeko Judit Arriolabengoak esan duenez, Aramaion jarri gura duten proiektu eolikoa bezalakoak "ez dira energia berriztagarrien ereduaren adibide", eta "suntsipen handia" ekarriko dute herrirako: "Aramaioko eta beste tokietako mendiak bakean uztea eskatzen dugu, badaudelako energia lortzeko beste eredu batzuk. Gainera, urteetan ez da gaiaren inguruan hitzik egin, eta orain, bat-batean eta gauzak aztertu gabe, mendi guztiak eolikoekin bete gura dituzte. Gauzak teilatutik eta zentzu barik hasi dira egiten". Konponbidea "plangintzatik eta kontsumo mailaren murrizketatik" etorriko litzatekeela gaineratu du.

Maiatzaren 20an, manifestazio nazionala

Gaurko ekimenaren antolatzaileek, beste hainbat talderekin batera, Euskal Herrian egin gura diren makro-proeiktuen kontrako manifestazioa nazionala deitu dute maiatzaren 20rako, Gasteizen.

Albiste hau GOIENAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide