Proiektu eoliko eta fotovoltaikoak, AHTaren obrak, erraustegiak, azpiegitura handiak... Tamaina handiko proiektu horien aurka Araban piztutako indar metaketak beste maila bat hartu du gaur, Euskal Herria Bizirik plataformaren sorrerarekin. Hogei bat kolektibo bildu dira, tartean Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHT Gelditu, Aramaixo Bizirik, Aiaraldeko Mendiak Bizirik, Lautadako AHTrik Ez, Arabako Haranetako AHTrik Ez eta Ekologistak Martxan, Euskal Herriko beste hainbat eragilerekin batera.
Plataforma berriaren lehenengo hitzordua udal eta foru hauteskundeen atarian iritsiko da: maiatzaren 20an, larunbatean, Gasteizen manifestazioa egingo dute, Lurraren defentsan, Euskal Herria Bizirik! lelopean. Mobilizazio deialdiarekin batera, manifestu bateratu bat plazaratu dute.
Azpiegitura handien kontra
"Azken aldi honetan, natura guneak eta landa ingurunea industrializatuko dituzten azpiegitura berri ugariren eraso bortitza pairatzen ari gara", diote manifestuan. "Kezkagarria da ikustea nola inbertitzaile handiak gure lurraldera datozen berriz ere, ingurune naturala hondatzen jarraitzeko eta orain arte kontserbatu diren baliabide natural urriak lapurtzen segitzeko".
"Trenbide proiektu eta azpiegiturak, zentral eolikoak edo fotovoltaikoak eta horiei dagozkien banaketa-lineak, erraustegiak, negutegi industrialak eta animaliak hazteko ustiapen intentsiboko fabrikak. Horiek guztiak agertzen dira Euskal Herriko mapan, jada martxan dauden proiektuak edo laster gauzatzekoak direlako. Proiektu horiek eremu komunalak eta laborantza lurrak bereganatzen dituzte, gure lurraldea egituratzen duten eta bizitzari eusten dioten ekosistemen desagertzea dakartelarik", ohartarazi dute. Horren guztiaren asmoa "landa eremua eta bertako bizimodua apurka-apurka desegitea" dela deritzote, "komunitate txikiak eta baserriak desagerraraziz".
"Politikari askok, enpresa handiek ezarritako ibilbidea berea eginez, diru publikoa patrika pribatuetara eramaten" dutela salatu dute: "Hau ez da lapurreta ekonomikoa bakarrik; proiektu horiek pertsonen osasunari ere egiten diote kalte. Hori gutxi ez eta administrazioak lagundu egiten du, legeria korporazio handi horien interesetara egokituz. Udalei eta kontzejuei beren lurraldeen gaineko erabakiak hartzeko aukera kentzen diete, eta haien subiranotasuna urratzen dute".
"Krisi ekosoziala"
Euskal Herria Bizirik plataformaren ustez, trantsizio energetikoa edo deskarbonizazioa bezalako terminoek "beren esanahia galtzen dute gaur egungo krisi ekosoziala eragin duten berberek behin eta berriz erabiltzen dituztenean".
"Merkatuaren logikak produktuen eta energiaren kontsumo neurrigabe eta zorora bultzatzen gaitu", kritikatu dute. "Ingurune naturala eta laborantza lurrak mantentzea ezinbestekoa da bizitza bermatzeko. Horiek hondatzen baditugu, atzerabueltarik gabeko ondorioak izango dituzte ekosistema naturalak, landa eremuko ekosistemak, eta baita ekosistema sozialak ere".
"Ez dugu onartuko kontsumoa nabarmen murriztea eta produkzio sistema berregituratzea aurreikusten ez duen politikarik; produkzio sistema ondasun komunala hobetzera bideratu behar da", aldarrikatu dute. "Horregatik, natura benetan babestuko duen politika eskatzen dugu, gure habitata babestea, inbertitzaileen diru goseari men egin gabe; energia eskuratzeko aukera unibertsala ekarriko duen politika, pertsonen beharrei erantzungo dien eredu deszentralizatu eta tokikoan oinarritua".
"Erabakiak pertsonengan jarriko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak: garraio sistema sozial bat garatzea, eskala txikiko nekazaritza eta abeltzaintza eredua bultzatzea, energia berriztagarrien hedapena eta biodibertsitatearen kontserbazioa bateratzea...", gaineratu dute. "Euskal Herriko mendiak, natura guneak eta landa ingurunea ez dira kapitalak konkistatzeko guneak".