Saretzen 2.0 ekimenaren barruan immigrazio prozesuei buruz hitz egin du Xabier Aierdi Urraza (Zeberio, Bizkaia, 1957) soziologoak. Immigrazio eta gizarte zerbitzuetan aditua da, eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren sortzailea eta zuzendaria izan zen 2003tik 2011ra bitartean. Era berean, immigrazio gaietan Begirune Ikerketa Laborategiko zuzendaria izan zen 2011tik 2013ra, eta Eusko Jaurlaritzaren aholkularia 2014 eta 2016 urte bitarteetan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailean.
Hogei urtean nabarmena da jatorri ez espainiarra duten pertsonen hazkundea Hego Euskal Herrian?
Errealitate berri baten aurrean gaudela erakusten dute datuok, baita errealitate hau egiturazkoa izango dela ere. Norbaitek uste badu joan-etorriko pertsonen aurrean gaudela, hori ez da horrela: datozen pertsonak bertan geratuko dira eta bertan euren bizitza garatuko dute. Pentsatu behar dugu gizarte berri bat sortuko dela, jatorri desberdinez osatua, eta erronka dela nolabaiteko hiritartasun praktikoa bultzatzea.
Zein da erronka horren ardatza?
Gizarte bat sortu behar dugu bizitzeko merezi duena. Denentzako aukera berdinak egongo direla, eta pixkanaka-pixkanaka aukerak berdinduko direla ikusi behar dugu. Eta etorkizunera begira, etekinak emankorrak izango direla pentsatu. Askotan planteatzen da immigrazioa alboko bide bat bezala, eta oso inportantea da jakitea immigrazio prozesua oso gogorra dela. Azken finean lortu behar duguna da goranzko mugikortasuna bermatzeko tresneria bat ipintzea, adibidez, etorkinen seme-alabek bertan ikas dezaten.
"Immigranteak gurera etorri dira guk konpondu ezin ditugun premia batzuk asetzera"
Etorkinen bigarren belaunaldia litzateke.
Hala da. Immigrazioaren lehen belaunaldiak askotan barneratuta ekartzen du nolabaiteko sakrifizio bat edo autoimmolazio bat. Hau da, badakite eurak hona datozela, badakite hemen kokatuko direla, badakite bizitza gogorra egingo zaiela, baina edozein familiak edo gurasok bezala nahi dute gauza oso sinple bat: seme-alabei ondo joan dakiela.
Ondorengoen ongizatea bermatzea, alegia.
Bai. Immigrazioa da beharbada bizitzan dagoen fenomenorik arruntena. Hau da: "Zer nahi duzu? Bada nire ondorengoek izan dezatela agian nik izan ez dudan bizitza, eta ondorengoen ondorengoek izan dezatela bizitza arrunt bat".
Elkarrekin bagaude, baina nahastuta egotea zailagoa dela esango zenuke?
Nahastuta egotea gizarte bezala izan behar dugun helburu bat da. Askotan ahaztu egiten zaigu bertako guztiekin ez garela ondo konpontzen, bertako askorekin ez dugula egon nahi. Batzuetan esan ohi da auzokide onak izateko onena dela hormak existitu daitezela eta euren artean ez dezatela harremanik izan. Esate baterako, zenbait hiriburutan auzo txinatarrak, auzo irlandarrak, auzo latinoak daude, hau da, gizarteak eta hiriak segregatuta egoten dira, eta hori, azken finean, ez da eredu on bat.
Zergatik daude hiriak segregatuta?
Normalean arrazoi ekonomikoengatik. Esate baterako, badaude zonalde batzuetan aberatsak bizi direla eta beste auzo batzuk, baztertuak ez badira ere, askoz ere zaurgarriagoak direla. Multikulturalitateak esango diguna da jende multzoak daudela, baina ez dela euren artean kontaktua eskatu behar. Interkulturalitatera pasatzen garenean, oso inportantea da ahal den eta kontakturik handiena bermatzea. Hiru elementu aipatzen dira: helburu gisa berdintasuna lortzea; desberdintasuna errespetatzea; eta interakzioa bultzatzea. Hiru elementu horiek nahastea izan beharko litzateke gure gizartearen helburua.
Argi izan behar ditugu hiru elementu horiek, beraz.
Hiru elementu horiek argi izan behar ditugu, eta gero etorriko dira nahasketak. Duela 60 urte Espainiatik 600.000 pertsona etorri ziren gurera, eta hasieran pentsatzen zen inbasio bat izan zela. Biztanleria ia bikoiztu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroaren kasuan beranduago iritsi zen immigrazioa, 80. hamarkadan.
"Mundu berri bat eta bertan egoteko modu berri bat sortzear daukagu"
Gaur egun gertatzen denaren antzekoa, ezta?
Bai. Espainiako immigranteak etorri ziren hona, bertan kokatu ziren, eta gaur egun dauden seme-alabak orduan etorri zirenen ondorengoak dira. Pentsatu dezagun berrogei urte barru horrelako zerbait gertatzea ere, baina Espainiatik etortzeaz gain, beste herrialde batzuetatik datozela.
Migrazio prozesuez galdetuko banizu…
Migrazioak oso prozesu sinpleak dira, baina prozesu horren barruan gogortasun gradu desberdinak daude. Zoritxarrez, immigrazioaren fenomenoa desenfokatu egiten dugu: pentsatzen dugu dena dela Mediterraneoa edo dena dela sufrimendua. Eta ez. Migrazioen %90 beti funtzionatu duen mekanismoa izan da gure gizartean: norbait dator eta norbait horrek deitzen du bere anaia, neba, arreba edo ahizpa, eta gero horiek deitzen dituzte bere auzokoak, ezagunak, lagunak… Eta horrela heltzen gara toki askotan gertatu izan denera: jatorri eta herri berbereko jende multzo bat dagoela kokatuta auzoetan.
Zergatik etorri ohi da jendea atzerritik?
Azken finean sumatu duelako hemen eskasia bat zegoela. Eta eskasia non zegoen? Bada beharbada guk ikusten ez genuen arlo batean. Esate baterako, etxeko lanak eta zaintza lanak ikusezinak izan dira. Egon dira aldaketa oso sakonak familietan: txikitu egin dira, zaintza lanak geratu dira bete ezin gabe, eta guri heldu zaigu batez ere biztanleria latinoamerikarra, eta batez ere feminizatua, arlo hori guztia kubritzeko.
Hortaz, guk bete ezin ditugun premiak asetzera etorri dira immigranteak gurera?
Tokian tokian aurki genitzake osaera desberdinak udalerri desberdinetan, udalerri horietan dauden premia desberdinen arabera. Hori oso inportantea da. Orduan, zertara etorri dira? Bada guk konpondu ezin ditugun premia batzuk asetzera, bai.
2002an batez ere Latinoamerikatik etorri ziren etorkinak Hego Euskal Herrira. Hogei urte ondoren, gorabehera gehiago eman eta Europatik edo Afrikatik ere etorri dira herritarrak.
Hemen ditugu, alde batetik, premietara zuzenean zuzentzen diren jatorriak, batez ere, latinoamerikarrak eta Europa erdialdetik etorritakoak. Beste fenomeno bat ezin duguna baztertu da Afrika oso gertu dagoela, eta horrek ere bere baldintzak inposatzen ditu. Maroko da nolabaiteko erreguladore bat, baita Libia, Tunisia eta Turkia ere.
"Tresna berriak asmatu behar ditugu integrazio soziala bermatzeko "
Horrek zer esan nahi du?
Europako Batasunak kristoren dirutzak ematen dizkie estatu horiei urtero immigrazioa erregulatu dezaten. Batzuetan erregulatu egiten dute beste batzuk etorri ez daitezen, eta beste batzuetan eurek behar dutenean nolabaiteko presioa kentzea jendea bidali egiten dute. Pentsatu behar duguna da Afrika pasatuko dela 1.000 milioi pertsonatik 4.000 milioira. Beharbada 4.000 milioira ez da helduko, baina 3.500 milioira heldu daiteke erraz. Hori izango da mende honetako aldaketarik garrantzitsuena demografi koki. Ordezkapen demografikorako ez da arazorik egongo, baina logikoena izango da 150 milioi afrikar egon litezkeela mendea bukatu orduko Europan. Aldaketa berria Afrikan dator.
Migratzaileak gurera etortzeak eragin ekonomikoa izango du?
Eragina ikaragarria da, baita isila ere, eta horretan dago arazoa. Alde batetik, nola irudikatzen du biztanleria autoktonoak immigrazioaren etorrera? Esan ohi da gugandik bizitzera datozela, gure tarta jatera datozela, gure gizarte politikak aprobetxatzera datozela… Hori ez da horrela: migrazioak modu askotan, modu isiletan, modu ikusezinean eta modu material oso nabarmenetan ekarpen ekonomiko handia egiten du gurean. Ikuspegik egin ditu ikerketak, eta askotan oso datu urriekin bakarrik oso erraz frogatzen da ia laukoiztu egiten dutela sortu egiten duten kostua. Era askotako ekonomiak daude: badago ekonomia material bat —monetarioa—, baina badago ekonomia afektibo bat ere. Hau da, gaur egun zaintza zelan baloratzen dugu? Nork konpontzen du? Zenbat gatazka familiar saihestu da immigrazioaren etorrerarekin? Beste kontu bat, eta hau kezkagarriagoa izan liteke: immigrazioaren eta oro har sektore askoren integrazio segururako, beharbada gaur egungo enplegu sistema oso ahula da. Luis Enrique Alonso soziologoak esaten du: "Enplegu oso ahul baten gainean oso zaila da gizarte sendo bat eratzea". Orduan, immigrazioak ekonomikoki ekarpen handi bat egiten du gizartean? Bai, ikaragarria!
Prekarietatea mugatzea noren erantzukizuna da?
Gizarte osoaren ardura da: bertakoena eta indarra balute, agente instituzionalena ere bada. Zoritxarrez, globalizazioaren ondorioz, ekonomiak sarraski sozialak sortzen ditu, eta hori normalean demokraziaren kaltean joaten da. Jendeari galdetzen badiozu zer nolako sistema politikoa nahiko lukeen, seguruenik esango dizu pixka bat autoritarioa izan arren, ekonomikoki efizientea izatea nahi duela. Esate baterako, Ingalaterran, Brasilen edo AEBetan jende asko sentitzen da babesgabe, eta orduan nahiago du lider gogor bat, demokrazia debaluatuko duena, kontrakoa baino. Mende honetako borroka izango da hori ere.
Epe laburraz hitz egin duzu, baina epe ertainera eta luzera begira, zer?
Bada, ez daukat ideiarik ere ez. Uste dut mundu berri bat sortzear daukagula, eta munduan egoteko modu berri oso bat sortzear daukagula. Polarizazio gero eta handiagoa dago, gizartea gero eta gehiago zatikatzera eramaten duten praktikak daude, eta momentu horretan, egoera horretan gaude. Egon liteke sektore bat oso kontziente egoera honetaz, baina gero eta zailagoa da kontzientzia hori helaraztea, adibidez, ekimen politikora. Beste alde batetik, kontua da tresna berriak asmatu behar ditugula integrazio sozialerako.
Zein tresna lirateke horiek?
Bada, adibidez, Oinarrizko Errenta Unibertsala edo antzeko tresnak. Horretarako gizartea prestatu egin behar da, kontzientzia hartu behar da. Bere garaian antropologia marxistek esaten zuten gizakiaren benetako izaera ekitea zela eta ez lan egitea. Orduan, horri guztiari buelta asko eman beharko dizkiogu, lasaitasunez, baina hausnarketa handiarekin.
Migrazioarekiko ikuspegia aldatu dela esango zenuke?
Migrazioarekiko irudia lasaitu egin da. Bere momentuan zeuden usteak ziren nolabait nobedadearekin batera zetozenak, baina era berean, beldurtu egiten zutenak neurri batean. Ikara horren ondorioz, bazegoen mesfidantza handiagoa immigrazioarekiko. Ikuspegik ateratzen dituen datuak ikusten ditudanean konturatzen naiz tolerantzia indizeek gora egiten dutela, lehen zeuden kezkak baretu egin direla. Horrek adierazten du normaltasun bat. Eta seguruenik horren atzean badago kontzientzia nabarmenago bat hau estrukturala izango dela adierazten duena. Gizarte honetan balore oso positibo asko dago eta immigrazioaren onarpen handia dago. Beste gauza bat da diskriminazio leunak: etxeak ez alokatzea, eskoletatik alde egitea migrante asko datozenean… Horrelakoak ere egon badaude, egongo dira, eta horiek zuzendu beharko dira tresneria instituzionala ipinita. Hala ere, oro har esango nuke badagoela onarpen handiago bat. Pentsatu behar dugu hau etorkizuneko ezaugarri bat dela, Euskal Herriko gizartearen osaera oso konplexua izango dela.
Onarpena nabarmena da, baina eskuin-muturra dugu politikan mezu xenofoboak zabaltzen.
Nire hipotesia da Vox alderdia, esate baterako, gehiago dela procés-aren kontrako erantzun bat immigrazioaren edo xenofobiaren erantzun bat baino. Eurek ateratzen dute armamentu ideologiko guztia, eta hondartza kakaztu ahal badute, kakaztuta utziko dute, eta debate horiek ere sartuko dituzte jokoan. Badaukat esperantza horri guztiari aurre egin ahal zaiola. Ni osasun-hesiaren oso aldekoa naiz, eta alderdi politikoek, posible duten bitartean, badute ahalmena horrelako alderdiei gobernuetara sartzen ez uzteko. Horrela jokatu behar da, erradikaltasun guztiarekin. Oso adi egon behar dugu gure gizartean dauden sektore zaurgarriak zenbatean sentitzen diren babesgabe ala ez. Gure gizartean badago sektore bat gero eta txarrago egongo dena ekonomikoki, gero eta baztertuago egon litekeena, eta denborarekin ikusten badu inork ez duela babesten, beharbada pasatu daiteke horrelako alderdien alde. Horregatik hitz egiten dugunean integrazio sozialaz, egitura laboralaz, elementu hauek kontuan hartu behar ditugu. Zure posizioa ez baduzu argi ikusten, zure eremua eta zure bizitza arriskuan daudela ikusten baduzu, lan oso ahulak dituzula… orduan bai kezkatu behar dugu, horrek guztiak eman dezakeelako beste erako aukera bat.
Albiste hau GEURIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.