Iritzia

Gasteizko Mugimendu Feministaren kontrako kriminalizazioa

Ertzaintzak lau kide identifikatu zituen 2022ko urrian. / Argazkia: Gasteizko MF

"Abortatzeko eskubidearen alde egiteagatik jasotako errepresioa salatu nahi dugu: identifikazioak, mehatxuak eta, azkenik, isunak".

Gasteizko Mugimendu Feministaren kriminalizazioa salatu nahi dugu. Oraingoan, emakume, trans eta bolleron eskubide sexual eta erreproduktiboak defendatzeagatik zigortuak izan gara. Abortatzeko eskubidearen alde egiteagatik jasotako errepresioa salatu nahi dugu: identifikazioak, mehatxuak eta, azkenik, isunak.

"Kontzentrazioa desegin, hiru kide identifikatu eta laugarren bati Mozal Legea ezarri zioten"

Askabide Klinikaren aurrean emakumeak jazartzen zituzten anti-abortisten kontrako ekintza batean, ertzainek Gasteizko Mugimendu Feministako kideek antolatutako kontzentrazioa desegin, hiru kide identifikatu eta laugarren bati Mozal Legea ezarri zioten. Ertzainek talde anti-abortista babestu, eta, aldiz, Mugimendu Feministaren kontra oldartu ziren.

Gogora ekarri nahi dugu anti-abortisten presentzia Gasteizen eta Euskal Herriko beste toki batzuetan eskuin-muturreko talde kontserbadoreek Espainiako estatuan antolatutako kanpaina baten barruan kokatu zela. Kanpaina horren baitan, autobus markesinetan emakumeon* eskubideen kontrako publizitatea jarri zuten, eta 40 egunez Gasteizko klinika bateko emakume* eta langileen aurkako eguneroko jazarpena antolatu zuten.

"40 egunez klinikako emakume* eta langileen aurkako eguneroko jazarpena antolatu zuten"

Gasteizko Mugimendu Feministaren kriminalizazioa eta anti-abortisten inpunitatea gure gorputz eta bizitzen gainean erabakitzeko dugun eskubidearen aurka doan estatu politikaren baitan kokatzen da. Gure helburua emakumeonganako* indarkeria sistematikoarekin amaitzea da, eta ez dugu onartuko gure gorputzei eta gure bizitzei erasotzen dion ekintzarik. Ez hemen, ez inon!

Erabakitzeko eskubidearen alde! Abortu libre eta doakoa izateko eskubidearen alde!

Gora borroka feminista!

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago