Mugimendu Feministako kideek ALEAri azaldu diotenez, Ertzaintzak elkarretaratzean parte hartzen ari ziren lau lagun identifikatu dituen bitartean, klinikaren aurrean abortu eskubidearen aurka protesta egiten ari ziren pertsonak ez ditu identifikatu.
"Badira hilabeteak hainbat pertsona abortatzeko kliniken aurrean kontzentratu eta emakumeak akosatzen dituztela. Akoso hau emakume eta sexu-genero disidenteon gorputzaren gaineko kontrol heteropatriarkalaren adierazle zuzena da", salatu du Mugimendu Feministak, ohar batean.
Horren aurrean, gogorarazi dute praktika horien atzean "nazioarteko erakunde antolatuak" daudela, eta ez pertsona isolatuak. "Euren ekintzak akosotik kanpo ulertarazi nahi dituzte, baina hamarkadetan zehar antolakuntza feministak borrokatu izan dituen eskubideen kontra baino ez dute egiten, gure gorputzen askatasunaren aldeko aurrerapausoak geldiarazi nahian. Modu zuzen zein zeharkakoan gure gorputzaren gaineko erabakiak inposatzea indarkeria da".
Apirilaz geroztik, emakumeon gaineko ekintza intimidatzaileak ilegalak dira, baina Gasteizko Mugimendu Feministak Eusko Jaurlaritzaren, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren jarrera zalantzan jarri du: "Antolakuntza feministaren kriminalizazioa eta emakumeon menderatzeari babesa", salatu dute. Hortaz, "instituzio publikoen ardura" seinalatu nahi dute, "oinarrizko eskubidea izan beharko lukeenaren kudeaketa bere ez egiteagatik".
"Osasunaren pribatizazioa eta interes merkantilistak jartzen dira, beste behin ere, gorputz, pertsona eta komunitateen ongizatearen aurretik", gaineratu dute. Eta, azkenik, antolakuntza feminista indartzeko deia zabaldu dute, "kolektibotasunak indartu, babestu eta zaintzen gaituelako erasoen kontrako erantzun irmoak ematerako orduan".