Naroa Iturri

"Beraien asmoa ez da errezatzea, klinika ixtea baizik"

Anakoz Amenabar 2022ko aza. 3a, 09:56

Askabide klinikako Naroa Iturri. / Askabide

Gasteizko epaitegi batek berretsi egin du klinika bateko atean abortuaren aurkako protestak egiteko debekua, eta ehun metroko urruntze agindua ezarri die arduradunei.

Abortuaren kontra protesta egiten duen taldeak –40 días por la vida elkarteko kideak– ezingo du aurrerantzean Askabide osasun zentrotik ehun metrora gerturatu. Kautelazko urruntze agindua ezarri die Gasteizko epaile batek klinikako arduradunek jarritako salaketaren ondoren. Naroa Iturri Askabideko kideak pozik hartu du albistea. 

Donostian aurretik egin moduan, orain Gasteizen ere ezingo dute klinikara gerturatu. Nola baloratzen duzue ebazpen hau?

Oso pozik gaude. Izan ere, Gipuzkoan bide hori egina geneukan, behin behineko neurri horiek onartuak ziren, ehun metroko urruntze aginduarenak, baina Araban epaiaren zain ginen. Bitartean, honen aurretik, elkartzen zirenei Ertzaintzatik jakinarazi zieten 80 metrora egon behar zutela, baina hori Ertzaintzak bere kabuz aktibatu zuen protokolo bat zen, gero EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuena, argudiatuta hori egiteko eskuduntzarik ez zuela. Orain, berriz, epaile batek jarri ditu behin behineko neurriak, eta ondorioz ehun metro baino gutxiagora ezin dute jarri. Autoak dioenez, beraiek errezatu nahi baldin badute, eta hori baldin bada beraien helburu bakarra, gutxienez ehun metrora egin beharko dute, ez da beharrezkoa izango gure klinikaren aurrean egotea.

Ez al da debekua hankamotz geratzen, kliniken aurrean abortuaren aurkako protestak egitea debekatzen duen legea indarrean izanik?

Hankamotz geratzen da alde guztietatik. Izan ere, aurten berritu duten legeak hutsune asko ditu, pintzekin hartzeko modukoa da; bakoitzak egiten duen interpretazioarekin alde batera edo bestera joan daiteke. Nik ulertzen dudan moduan, edo ulertu nahiko nukeen moduan, hauek ezingo lukete egon ez ehun metrora, ez berrehun metrora, ez hirurehun kilometrora, emakumeak bere gorputzarekin nahi duena egiteko eskubideaz hitz egiten ari garelako. Eta, azken batean, hauen azkeneko asmoa ez da errezatzea, klinika aurrean egon nahi dute, eta, beraien plataforman jasota duten moduan, helburua klinikak ixtea da. Ehun metro gutxi direla? Hankamotz? Bai, baina bada zeozer behintzat.      

Adierazpen askatasunaren argudioa zirrikitua da oraindik elkartu daitezen uzteko?

Bai, elkartzen hasi zirenean eta egoera salatzeko Ertzaintzara deitzen genuenean hori esan ziguten. "Ulertu behar duzue adierazpen askatasuna eta biltze askatasuna zein den...". Eta bai, oso ondo, herri honetan inon baino hobeto dakigu adierazpen askatasuna eta biltze askatasuna non geratzen den beste edozeinek urraketa eragin diola sentitzen duenean. Hemen lege bat dago, eta lege horrek dio emakumeen eskubideak babestu egin behar direla, eta emakumeenak bezala langileenak ere; ondorioz, beraiek duten biltzeko eta adierazteko askatasuna amaitzen da gureak urratzen dituzten momentutik.

"Tentuz, hemen bat-batean dena irauli baitaiteke, oinarrizko eskubidetzat ikusten duguna kenduz"

Nola bizi dute etenaldia egitera doazen emakumeek?

Askok ezinegonez. Asko ez dira gustura sentitzen. Batzuk epaituak sentitzen dira, beste batzuk negar batean sartzen dira, besteei haserrea pizten die. Denetarik dago,  eta ez bakarrik etenaldia egitera datozenen artean. Zenbait langilek oso gaizki eraman dute, badira klinikara etorri ez direnak beraiek hor parean ez ikusteagatik... Bakoitzak bere motxila dauka, eta inork ez digu esan behar hor kanpoan "gurekin" dagoen edo ez dagoen, hori egiteko badituzte beraien esparruak, besteak beste, eliza. Hasieran klinikaren ate ondoan jartzen ziren, eta emakumeengana hurbiltzen saiatzen ziren, "laguntzeko prest" zeudela esanez; hori segituan bideratu zen, eta beste espaloira pasa ziren. Orain elkartzen jarraitzen dute, baina beste modu batera bideratzen da; Ertzaintza dator, banan-banan identifikatzen ditu elkartu direnak, eta ostean guk salaketa jartzen dugu, epaitegira joko dugu horien guztien kontra, ebazpen orokorrago baten bila; alegia, inor ezin da jarri. Kito.    

Ez al lukete hori erakundeek bermatu behar?

Bai, hori hurrengo pausoa litzateke. Gu klinika pribatu bat gara, baina beti gogoratzen dugu akordioa daukagula Osakidetzarekin etenaldiak egiteko; Osakidetzatik datozenek ez dute ezer ordaintzen, alegia beraientzat lan egiten dugu. Eta askotan horren babesa faltan botatzen da; hemen egiten dugun lan honekin erakunde publiko baten babesa beharko genuke: eta argi esan beharko lukete ezin dutela elkarretaratze hau hemen egin, suposatzen dudan bezala anbulatorio baten aurrean ezingo liratekeela jarri. Baina, aipatu bezala, ertz asko dauzka.

Ingurura begiratuta, abortu eskubidean aurrerapausoak ala atzerapausoak ematen ari dira?

Ez da broma. Iruditzen zaigu gauza batzuk de facto bizi guztirako direla, eta, kontuz. Hau ez da 60 metroko lasterketa bat, kilometro askotako lasterketa baizik, eta badakigu sistema honetan emakumeari eskubideak murriztea eta zapaltzea barneratuta dagoela. Ikusten ari gara indar korrelazioak geroz eta gehiago oso eskuin muturrekoak direla, eta, tentuz, hemen bapatean dena irauli baitaiteke, oinarrizko eskubidetzat ikusten duguna kenduz. Borrokan jarraitu behar dugu, beste behin emakumeen eskubideak aldarrikatuz.

Mugimendu Feminista eta anti-abortistak, aurrez aurre. / Argazkia: @GasteizkoMF

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago