"Sare kriminala atxilotua izan eta gero, instituzioek ez zieten familiei babes errealik bermatu"
Duela astebete, hiru familia etxegabetu zituzten Prado kaleko etxebizitza batetik. Familien egoera ezaguna zen dagoeneko hirian, alokairuekin iruzur egiten zuen sarearen biktimak izandakoak baitziren. Azpierrentatzailearen partetik indarkeria mota guztiak pairatu ondoren, Gasteizko Udalaren arduragabekeria onartezina ere jasan behar izan dute.
Sare kriminala atxilotua izan eta gero, instituzioek ez zieten familiei babes errealik bermatu: alternatibarik gabe, hor bizitzen jarraitu behar izan zuten kontraturik eta erroldarik gabe, hots, inolako berme juridikorik gabe eta etengabeko etxegabetze mehatxupean. Gizarte Zerbitzuek hasiera-hasieratik izan zuten egoeraren berri: etxebizitza bisitatzera joan ziren, bizigarritasun baldintza txarrak eta familia zaurgarriak zeudela egiaztatu zuten, eta haiekin harremanetan jarri ziren.
Gainera, guk geuk behin baino gehiagotan lagundu izan diegu gizarte langileekin zituzten hitzorduetara. Hala eta guztiz ere, ez zuten inolako borondate errealik izan alternatibak bilatzeko, kasu batzuetan oinarrizko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) ere ez zieten eskaini, hala nola, haurren zaintza eta higienerako laguntzak.
Gertakarien garapenak zenbait galdera plazaratzera behartzen gaitu:
"Kaltetutako familiak gaizkileak balira bezala tratatu dituzte, pairatu behar izan duten egoeraren erantzukizuna haien gain jarriz"
- Non egon ziren Zerbitzu Sozialak etxegabetzea eman bitartean?
- Epaitegiak ez al zuen alokairuekin iruzur egiten zuen sare kriminalaren berri? Ez al zekien etxebizitza horretan familia zaurgarriak bizi zirela? Familia zaurgarrien kasuan, ez al du Gizarte Zerbitzuekin egoera baloratzeko betebeharra?
- Etxegabetze egunean, zergatik urratu zituzten poliziak eta komitiba judizialak familien oinarrizko eskubideak, hala nola, ordezkatuak izateko eskubidea eta laguntza jasotzeko eskubidea? Etxegabetu behar zituzten familiak zaurgarriak zirela jakinda, zergatik ez zuten Gizarte Zerbitzuetara deitu? Zergatik utzi zuten etxegabetzea exekutatzen?
- Zer ulertzen dute Gizarte Zerbitzuek bizileku alternatibatzat? Aldi baterako apartahotel bati alternatiba deitzea? Paperekin laguntzea edota aterpetxeko zerrendetan izena ematea da eskaintzen duten irtenbidea?
Gure aldetik, Gasteizko Udalaren arduragabekeria salatu nahi dugu, bereziki Zerbitzu Sozialen eta Udaltzaingoaren jarduna. Batzuek zein besteek, egoera ondo ezagutzen zuten arren, ezikusiarena egin eta eskuak garbitu dituzte. Are gehiago, kaltetutako familiak gaizkileak balira bezala tratatu dituzte, pairatu behar izan duten egoeraren erantzukizuna haien gain jarriz.
"Etxegabetze guztiak baldintzarik gabe eta betirako eten daitezen borrokatzen eta antolatzen jarraituko dugu"
Kasurik onenean, inozotzat hartu dituzte, jazotakoa bizilagunen errua balitz bezala jokatuz. Oro har, baina, bizilagunak kriminalak bailiran jokatu dute, hau da, egoera jasanezin hori haiek bilatutakoa balitz bezala eta, ondorioz, alternatibarik merezi ez balute bezala. Basakeriatik ateratzeko antolatzeko eskubiderik ere ez dizkiete onartu, ez ordezkatuak izatekoak, ez lagunduak izatekoak, ezta babestuak sentitzekoak ere.
Horrekin guztiarekin, hurrengoa darabilkigu buruan: horrelako zenbat kasu ematen dira itzalpean? Zenbat familia geratzen dira etxebizitzarik, alternatibarik eta babesik gabe egunerokotasunean? Gehiegi. Eguneroko etxegabetzeen basakeriaren aurrean, poliziaren zein aparatu judizialaren indarkeriaren aurrean eta instituzioen arduragabekeriaren aurrean, etxegabetze guztiak baldintzarik gabe eta betirako eten daitezen borrokatzen eta antolatzen jarraituko dugu.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatua
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.