Martxoaren hasieran, Udaltzaingoak 37, 39 eta 40 urteko hiru pertsona atxilotu zituen Gasteizen, etxebizitzen alokairuan iruzur egiten zuen talde kriminal bateko kide izatea egotzita. Ustez, 30 pertsona inguru iruzurtu egin, hertsatu eta, zenbait kasutan, mehatxatu zituzten. Eta, besteak beste, kontraturik gabeko gelen azpierrentamenduan eta errolden faltsutzean aritzen ziren.
Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak eta Kontseilu Sozialistak ohartarazi zuten kaltetutako pertsonen egoerak "okerrera" egin zuela polizia operazioaren ostean: "Kontraturik edo erroldarik gabe jarraitzen dute, etxegabetze mehatxupean, etxeetan pilatuta eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe. Gainera, argindarraren mozketa etengabeak jasaten ari dira, berrakuratzaileak kontratatutako tentsioa jaitsi baitu", azaldu dute.
Desegindako trama kriminalak iruzurtutako herritarren artean, Prado kaleko 4. zenbakiko bi familia zeuden. Astelehen honetan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak etxegabetu dituzte, sarrailagile baten laguntzarekin. Dozenaka lagun bildu dira atariaren aurrean, etxegabetutako pertsonei elkartasuna adierazteko eta etxegabetzeak gelditzea eskatzeko.