Iritzia

Prado kalea 4, iruzurrak eta etxegabetzea: erantzukizun guztiak, kontakizun osoa

Erabiltzailearen aurpegia Etxebizitza Sindikatua 2023ko ira. 12a, 19:25

Prado kaleko 4. zenbakiko etxegabetzea, astelehenean. Argazkia: ALEA

"Kontakizuna ez litzateke osoa izango jabearen inpunitatea eta jarrera biolentoa aipatuko ez bagenu. Azpierrentamenduaren iruzurraren erantzule zuzena ez den arren, hilabetero dirua jasotzen zuen bitartean ez zen arduratu egoeraz".

Duela hilabete batzuk, aditzera eman zen alokairuekin iruzurra, kontraturik gabeko gelen azpierrentamendua, errolden faltsutzea eta mehatxu eta derrigortze delituak egiten zituen talde kriminalaren atxiloketa. Sare horretako hiru pertsona atxilotuak izan baziren ere, kaltetutako pertsonen egoerak okerrera baino ez zuen egin.

"Udalak zein Zerbitzu Sozialek, sare kriminalaren biktimak babestu beharrean, lehen baino babesgabeago utzi zituzten"

Prado 4 kaleko bizilagunek Gasteizko Etxebizitza Sindikaturengana jo zuten, haien egoera jakinarazteko: legez kanpoko etxegabetze mehatxuak jasotzen zituzten, hilabeteotan hornidura elektrikoaren etenaldi etengabeak pairatzen zituzten kontratatutako tentsioaren jaitsieraren ondorioz, kontraturik gabe zeuden, eta, gainera, batzuek asteak itxaron behar izan zituzten errolda soziala lortzeko. Udalak zein Zerbitzu Sozialek, sare kriminalaren biktimak babestu beharrean, lehen baino babesgabeago utzi zituzten.

Sindikatutik, atzo eguerdian etxegabetutako familien larrialdi deia jaso genuen. Dagoeneko etxe barruan zeuden polizia, jabeak eta segizio judiziala, zeinek, hainbatetan eskatuta ere, ez zieten etxegabetze agindua erakutsi. Etxegabetutako familiei haien gauzak jaisten laguntzen ere ez ziguten utzi. Gainera, etxebizitzatik hainbat ondasun ateratzea eragotzi zieten, ustez zeregin hori jabearen ardurapean utziz.

"Ez zitzaien etxegabetzea jakinarazi. Duela aste batzuk epaitegietan galdetzean, adierazi zieten urriaren 3rako aurreikusita zegoela"

Dakigunez, etxejabeak etxegabetze prozedura ireki zuen, baina ez bertan bizi direnen aurka, baizik eta azpierrenta kontratuak egin zituen azpierrentatzailearen aurka. Aitzakia horrekin, ez zitzaien etxegabetzea jakinarazi. Are gehiago, duela aste batzuk epaitegietan galdetzean, adierazi zieten urriaren 3rako aurreikusita zegoela. Arrazoi horregatik, bertan bizi diren hiru familiak etxegabetuak izan ziren atzo, inolako agindu judizialik ikusi gabe edota inolako ohartarazpen ofizialik jaso gabe.

Zentzu horretan, aipatzekoak dira epaitegien arbitrariotasuna, ez baita arduratu etxean bizi ziren pertsonen benetako egoera balioesteaz, ezta arduratu etxegabetze agindua komunikatzen; poliziaren arbitrariotasuna, segizio judizialarekin edozein bitartekaritza eta familiei laguntzea eragotzi baitzigun; baina, batez ere, Udalaren eta Gizarte Zerbitzuen arduragabekeria. Horiek, etxegabetzearen berririk ez dutela aitzakiarekin, ez dute egoera behar bezalako larritasunez aurreikusi edo tratatu. Baina, ez al du Etxebizitza Legeak jasotzen, familia zaurgarrien kasuan, Gizarte Zerbitzuek egoera baloratu behar dutela? Gizarte Zerbitzuek ez al zuten Prado 4 kaleko egoeraren berri? Iruzurraren albistea hedatu ondoren, ez al ziren etxebizitzan egon gertatzen ari zenaren berri izateko?

"Ez al du Etxebizitza Legeak jasotzen, familia zaurgarrien kasuan, Gizarte Zerbitzuek egoera baloratu behar dutela?"

Guk ondo dakigu baietz, behin baino gehiagotan lagundu baitiegu maizterrei gizarte langileekin zituzten hitzorduetan. Kasu horietan, instituzio horien arduragabekeria egiaztatu dugu: azalpenik gabeko atzerapenak, berandu zehaztutako hitzorduak, alternatibak bilatzeko borondaterik eza, eta abar. Oro har, badirudi onartutzat ematen dutela baliabide ekonomiko gutxi dituzten familiak izateagatik egoera hori bizi behar izatera kondenatuta daudela, eta, une batzuetan, egoera horren erantzule ere egiten dituzte.

Baina kontakizun hau ez litzateke osoa izango jabearen inpunitatea eta jarrera biolentoa aipatuko ez bagenu. Azpierrentamenduaren iruzurraren erantzule zuzena ez den arren, hilabetero dirua jasotzen zuen bitartean ez zen arduratu egoeraz. Sare kriminala agerian utzi ondoren, maizterren egoera erregularizatzeari uko egin dio, eta ez du lagundu nahi izan hornidura elektrikoaren tentsioa berrezartzen. Are gehiago, maizterrei ez die inolako bermerik eman higiezinean geratu diren ondasunak itzultzeko, eta etxebizitza barruan geratu ziren ondasun guztiak zaborretara botatzeko mehatxua egin du.

Guk, gure aldetik, kaltetutako pertsonak laguntzen eta aholkatzen jarraituko dugu. Oraingoz, Gizarte Zerbitzuek apartahotel batean astebeteko egonaldia eskaini diete bi familiari, egoera aztertu bitartean. Arduragabekeriaz joka ez dezaten eta jabeak maizterrei zor diena itzul diezaien bermatzeko lanean egongo gara.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago