Harrimena Lantzeko Ariketak

Irauntza

Erabiltzailearen aurpegia Edu Zelaieta 2024ko mar. 17a, 12:00

"Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, iraultzearen eta irautearen artean", AA-ren arabera. Dall-E, Bing

"Nola uler liteke Gasteizko Udalaren kudeaketa Izaskun Arrue Kulturunearen inguruan?"

Berriki ezagutu du Pessoak Korrikaren istorioa. Ez nuen nik, aitzitik, fede handirik alde horretatik: bizimodu sedentario eta alkoholikoa egin zuen lisboatarrak joan den mendean, eta 47 urte zituela zendu zen. Bide batez, euskarazko wikipedian ikusi dut gibelaren zirrosia "berezko heriotza" modura sailkatzen duela entziklopedia digitalak.

Zurrutari dagokionez, askoz bizimodu osasungarriagoa darama harrimenaren bidaideak XXI. mendean. Zorionez. Egia bada ere oso jarduera fisiko gutxi egiten duela bigarren bizialdi honetan ere. Halako batean, baina, txandala –hortera samarra– jantzita agertu zait, eta luze gabe bota du gerra oihua: ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika! Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, irauntza!

Artean harriduraren eraginpetik ateratzen ari nintzela, galdera ozena egin du: nola uler liteke Gasteizko Udalaren kudeaketa Izaskun Arrue Kulturunearen inguruan? Ondoren, deiadarka hasi da berriz: Gasteizko Udala, ireki antzokia! Ea, ea, ea, euskararen etxea!

(Irauntza: euskaratik iraultzea, euskaraz iraun dezagun)

Edu Zelaieta Anta.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago