Iritzia

Zuria beltzaren gainetik

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2025eko irailaren 23a

Argazkia: DNA Batzordea.

"Udalak zer dio hemengo hedabide baten egoera tamalgarriari buruz? Ez dut ezer entzun"

Azken bi urteetan Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldien hitzaldi batzuetara gerturatu naiz. Aproposak dira niretzat. Ez dut gaurkotasuna sakon jarraitzen, eta ondo etortzen zaizkit gai potoloak eguneratu zein ezezagunak kokatzeko. Adibidez, iaz, Alemaniaren igoera faxista, Ane Irazabalekin. Aurten, Afrikako mugimenduak, Hilaria Vianekeren eskutik.

Ezin zen beste modu batean izan. Amaitzean, titularra zenbakia izan zen. Errekorra!, dio Udalak. Iaz baino… hamar pertsona gehiagok hartu dute parte programan. Bueno, bale, errekorra... Nola edo hala, garrantzitsua da munduan arreta jartzea. Horretaz aparte mugitzen ari gara pixkanaka, ezta? Gazaren kasuan, adibidez. Zerbait esnatzen ari da. Manifestazioak, ekintzak, proposamenak... Gizon batek galdera bota zuen hitzaldi batean. Ez zekien zer egin. Denboraldi honetan Baskonia ikustera joan ala ez. Bi talde israeldar egongo omen dira Euroligan. Hizlariek gomendatu zioten gehiegi ez kezkatzea, ezin zela boikota muga guztietara eraman. Nire ustez ez da baztertzeko tresna bat, baina bueno... Iruditu zitzaidan lagunak saskibaloiaz gozatzera joan nahi zuela eta legitimazio bila zebilela. Lortu zuen. Galdera batzuk eskasagoak izan ziren, ez pentsa.

Ez dut nire hitzaldia ondo prestatu. Oraindik ez diot gakoari heldu. Agian sare sozialek arreta galarazi didate? Duela gutxi klip labur bat ikusi nuen. Seun Kuti, Felaren semea, Glastonbury jaialdian. "Badakit Palestina aske, Kongo aske, Sudan aske, Iran aske nahi dituzuela. Astero, beste bat gehiago... (etenaldia) Europa askea!". Gure kontinenteko arazoak konpondu eta berehala, gehitu zuen, Afrikakoak bukatuko dira.

Ironiaz zein arrazoi osoz hitz egin zuen musikariak. Kanpoko kazetari aparten hitzak entzuten genituen bitartean, zer gertatzen da hemengoekin? Urte hasieran, Diario de Noticias-eko langileek sinadura greba hasi zuten. Kontu asko salatzen dituzte. Lazgarriena, duela hamabi urteko soldata berbera dutela. Eta hitzarmena ez dela betetzen. Eta adimen artifizialarekin egiten direla berri batzuk esku falta orekatzeko. Eta presioak pairatzen ari direla hori dena salatzeagatik… Eta abar. Entzun duzu zerbait? Nik ALEAn eta egunkari digital batean baino ez. Agian beste batzuek kontatu dute, baina horrela izatekotan nahiko gutxi. Hedabideek babesten dute elkar. Lehiakideen praktika txarren aurrean ezikusiarena egin, besteek berdin egiteko zurekin. Udalak zer dio hemengo hedabide baten egoera tamalgarriari buruz? Ez dut ezer entzun. Lorezainena, adibidez. Ostrukaren taktika arazo guztietarako. Egunero irekitzen du –ziur izan– alkatearen taldeak egunkaria, eta, kazetarien sinadurak ez ikustean… beraiei bost. Penagarria da bidegabeko tinta hori zuritzea. Zuria beltzaren gainetik.

Primeran daude jardunaldiak, benetan. Astiro ikusten da errealitatea. Gainera, beti gustatu zait entzutea hitz egitea baino. Baina batzuetan zerbait esan behar dugu. Arabako egunkari baten egoera iraingarria dela, esate baterako. Aspalditik esaten da idatzizko egunkariak bukatzen ari direla. Ez dut uste. Aldatuko dira. Zer egin eraldaketa hori duintasunez egiteko? Orain, ez bihar, bertatik bertara esatea: Free Arabako kazetariak! Eta free irakurleok ere bai! Benetako errekorrak behar ditugu. Ez AAk egindako titularrak.

David Mangana.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago