Iritzia

Katagorriaren sindromea

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2024ko aza. 26a, 10:27

Argazkia: 'La ardilla roja'.

"Bidegurutze horretan gelditu naiz: beste eleberri bat ireki ala ez, beste ipuin bat hasi ala nire begiei atseden eman"

Irakurtze-krisi batean murgilduta nago. Gertatu zaizu? Liburuak hasi eta ia berehala alde batera uzten ditut. Eleberri beltz, komiki edo entsegu errazen bat baino ez dut amaitzen, goxoki horien bidez gosea esnatzen saiatuz. Aleak txarto aukeratuko ditut? Nekatuta nago? Gogorik gabe? Agian krisi hitza erabiltzea gehiegikeria da kasu honetan, baina modan dago, edozein kontu epaitzea legez. Kontua da azkenaldian gutxi irakurri dudala, eta aldiz, orekatzeko, inoiz baino film gehiago ikusten ari naiz. Lagun batek plataforma baten pasahitza pasatu dit eta zukua ateratzen ari naiz. Hor egongo da koxka?

Katagorriarena egiten ari ote naiz. Negua ailegatu baino lehen, han eta hemen fruituak lurperatzen dituzte, aurrerago, urri direnean, ateratzeko. Hala ere, hainbeste pilatzen dutenez, jaki-toki horren mapa nahasten dute. Ez dute gogoratzen kontserbak non kokatu dituzten eta ahazte horrek, nahi gabe, laborantza apetatsu bat bultzaten du. Nik ere, hainbeste pelikula kontsumituz, zinefilia lantzen dudala sentitzen dut, eta, aldi berean, batzuetan, jarri eta ordu laurdenera, konturatzen naiz ikusita neukala. Ona bada, askotan errepikatzen dut.

"Sasikrisi batean murgilduta zaudela, zeure burua epaitu baino lehen hobe da aukera berriak bilatzea"

Azken urteetan, liburuekin gertatu zait. Ikastaroren batean 60 baino gehiago irakurri ditut, nire marka guztiak hausten. Nahiko bitxia da kultura, gehiago kontsumitzearekin ez baituzu uste gutxiago geratzen zaizunik irakurtzeko. Eleberri dotore bat bukatzean, sortzaile horren ahotsarekin maiteminduta, haren bibliografia irekitzen zaizu. Kontrazalek beste izen batzuetara bidaltzen zaituzte. Eleberriekin ere ahazten zait, noizean behin, irakurri ditudala, eta berriro hartzen ditut liburutegian. Horregatik, uste dut diagnostikoa zuzena dela. Katagorriaren sindromea pairatzen dut. Hori kasualitatea hori, La ardilla roja-k, nire pelikula kutunenetako batek, amnesia gaiarekin jolasten du. "Nolakoak dira zure begiak?", galdetzen dio Nancho Novok istripu bat izan berri duen Emma Suarezi. Niri ere oinarrizkoa ahaztu zait? Narrazioaren kolorea aurkitzea?

Hori gutxi balitz, paraleloan, idazte-blokeoa ere izan dut. Azkenaldian hainbeste idatzi dudanez, lehor nago, baita artikuluak egiteko orduan ere. Kaxkarrak atera dira azkenak, eta tiraderan gorde ditut. Dena den, hori da ohikoena idaztean, behintzat nire kasuan. Erdia baino gehiago botatzen dut. Nire ordenagailuak edukiontzi urdinaren antza dauka.

Sasikrisi batean murgilduta zaudela, zeure burua epaitu baino lehen hobe da aukera berriak bilatzea. Horregatik, gaztelaniaz errazago idazten dudanez, ama-hizkuntzan idazten hasi naiz, gero euskaratzeko. Atseden hartzea ere komenigarria izan daiteke blokeo bat saihesteko, eta hori erabakita nuen, hibernatze literario batean murgiltzea, lerroz lerro gose naizela nabaritu dudan arte. Zer egin orain? Segi ala gelditu? Fruitu gehiagoren bila joan ala lurpean denbora eman, hazi bihurtzeko? Nola erabakitzen dute katagorriek hibernazioaren hasiera? Bidegurutze horretan gelditu naiz: beste eleberri bat ireki ala ez, beste ipuin bat hasi ala nire begiei atseden eman. Eta, bitartean, dena mugitzen ari da. Artikulua, adibidez, euskaratzeko prozesuan, guztiz eraldatu da –ez fruitua, ez hazia–, itzultzaile fidagarri bat ez naizelako, askoz gutxiago nirekin… Bai! Hori da! La ardilla roja jarriko dut, erabakiari denbora emateko. Behintzat, badakit hori ikusi dudala, ez dakit zenbat aldiz. Buruz dakit amnesia horren istorioa.

David Mangana.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago