Iritzia

Mahaipamundia

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2023ko abe. 26a, 10:00

Mafalda/ Irudia: Quino.

"Ireki eta nire aurrean agertu zen, bi dimentsiotan; mundua ukitu nezakeen"

Arreta da besteari eskaini diezaiokegun handiena. Esaterako, opari bat egiterakoan. Biktima zintzo entzun, beti. Konturatu gabe, arrastoa utziko dizu. "Orain...". Neurona fosforitoz azpimarratu. Pazientziaz aurkitu eta, klik, giltzapean gorde, emateko unera arte. Baina oparia ez da kolorezko paper azpian bildutako objektu hori. Oparia ukiezina da. Ez da produktua, ez da dirua. Bestearengan pentsatzearen isla da. Orduan... Norena da? Ematen duenarena? Jasotzen duenarena?

Ez dakit noiz, baina lagun bati mundu-bolak gustatzen zaizkidala esan nion. Erraldoiak. Jauregi bat izatekotan, halako bat imajinatzen dut berrehun metroko egongelaren erdian. Barruan botila batzuk, zerbait ospatzeko lurrazalaren estalkia irekiz kortex bat trepanatzen den eran. Nire urtebetetzeagatik topa egiteko geratu ginenean, laguna zilindro luze batekin agertu zen, oparia zela ezkutatu ezinik. Normalean une hori luzatu egiten da, emaileak erabakitzen duen arte:

-Tira, zorionak!

Irriak, kirioak dantzan, biak pixkat galduta urtean behin antzezten diren segundo dibertigarri horietan… Ireki eta nire aurrean agertu zen, bi dimentsiotan. "Ilargia jaitsiko dizut", dio poetak, azukre maila kontrolatzen saiatuz.

Mundua ukitu nezakeen.

Planetako etxekogizonik txarrena, pisuan, koadroak baino gehiago, posterrak dauzkat, eskulanetan ez murgiltzeko. Txikle urdina hartu eta mapa horman jarri nuen, telebistaren gainean. Gainera, zerbait behar nuen hutsune hori betetzeko! Hori ere azal-azaletik esan nuen eta lagunak hartu zuen kontuan...? Dotore geratu zen. Nire etxetxoan ez dago 3Dko erraldoiak jartzeko aukerarik. Begira geratzen nintzen, ase, pozik… erori zen arte. Oihalezkoa da eta grabitateak bere lana egin zuen. Kontraesana dirudien arren, batzuetan alferrok ziztu bizian aurkitzen ditugu ustekabeko konponbideak… arazoak ez pilatzeko. Amen batean ikusi nuen mahai baxua neurri berekoa zela. Eureka!

Arreta da besteari eskaini diezaiokegun handiena. Esaterako, opari bat egiterakoan.

Orain benetako eragina daukat munduan. Bat-batean –miraria!–, kontinente lehorretan elurra hasi du nire ogi-malutei esker. Ezin dut berotze globalaren kontra borrokatu, nahiz eta edari hotzak bazter guztietatik utzi. Batzuetan ardo pixka bat erori eta odolaren oroitzapenak berpizten dira, berdin herrialdea, mugen orbainak berriz zabalduz...

Bere garaian, dezente mugitu nintzen: Turkia, Irlanda, Italia, Portugal… Agian, zure bidaiekin alderatuta, joan-etorri pobreak dira, baina nire gurasoenekin, adibidez, Marco Polo sentitzen naiz. Nola aldatu den hori hamarkada gutxitan... Azken denboraldian, aldiz, barneko nire Livingstone pixkat iltzatu zait, baina badakit boomerang-a berriro aireratuko dela.

Bizitza-dinamikak bezala, jasotako opariek ere desagertu eta agertzeko gaitasuna dute. Gaur, beste lagun batek oparitutako Erantzi. Katamalo zuzenean diskoa jarri dut, bart Urbizu Leihotikan-ekin telebistan ikusi nuelako. Izorratuta dago, etengabe entzundako diskoak egon behar diren bezala, eta gozatzen ari naiz idazten dudan bitartean, mahai-zapia den nire mahaipamundiaren gainean bazkaldu baino lehen. Ostean, recogemigas-ekin planeta aise konpondu eta hurrengo bidaia imajinatuko dut…

Hortxe nago. Souvenirrak ez diren opariak kolorezko paper batean oheratzen, ospatzeko eguna esnatu arte. "Norena da oparia?", galdetu dut, mundua begi-ninietan, abestiak belarriak laztanduz, estimua taupaka… Ukiezina jaberik gabea da.

David Mangana.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago