IRITZIA

Esta(tis)tikoa

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2023ko uzt. 8a, 10:00

Argazkia: 'Smoke'.

"Soziologoak elikatzeaz gain, baliogarriak al dira etengabeko inkestak?"

Liburutegiko leihotik alde zaharreko antenei begira geratu naiz. Portu bateko mastak dira?

Zaldiak bezala, itsasontziak, zutik eta ametsetan, nahiz eta aingurei helduta egon, nahiz eta estatikoak iruditu, etengabe kulunkatzen dira itsalsaldiaren sehaskan, ur sakonen egarri. "Mugimenduak kontsolamendua dakar", esan zidan osabak behin. Eta esaldia iltzatuta geratu zitzaidan, antena baten moduan, trepanazio ongarri bat nire teilatuan. Egia da. Urduritzean, ibiltzea beti izan da niretzat erremediorik onena. Ezkutuko ihesa? Bai, baina primerakoa. Etsaia nekatu egiten da, gehienetan.

"Gehienetan, normalean, orokorrean…". Horrela hitz egiten dugu, multzokatuz. Eta zentzua dauka. Nola bideratu solasaldiak, eztabaidak, hausnarketak, dena pixka bat laburbildu gabe? Ez gara takigrafoak. Nola edo hala, hitzak, irudiak, gertakizunak… Ahal dugun neurrian errealitatea gorde, pilatu eta sailkatzen dugu. Hezur-haragizko bete gabeko egunkariak gara.

Hedabideetan lanean hasi nintzela inkesten kopuruak harritu ninduen. Erakunde guztiek egiten zituzten, bata bestearen gainetik, tipula zifratu bat, eta urtez urte errepikatu, jarraipena egiteko. Tabakoa eta gazteak, irakurtze-ratioak, birziklapenaren maila…  Zentzua zeukan, pentsatzen nuen, dena neurtu behar da. Bestela, nola erabaki konponbide zuzena?

Orain, berriz teilatuei helduta, ez daukat hain argi. Soziologoak elikatzeaz gain, baliogarriak al dira etengabeko inkestak? Osasun arloko arduradunek ez dakite, enegarren zenbaki zaharberrituak jaso gabe, adikzioen esparruari txertaketa non jarri? Beharrezkoa da excell-lerro amaigabeak betetzea irakurtzearen errealitatea zein den kontatzeko? Ehuneko ehun zehatza ez badaukagu, ingurumen-arazoen sustraiak ez dira argi eta garbi azaleratzen?

Smoke pelikulan Harvey Keitelek, egunero, 08:00etan, Brooklyngo izkina beretik argazki bat ateratzen zuen. Ez zekien haren keinuaren hazia edo helburua. Ez zekien zergatia, baina William Hurt argazki horien albumak ikusten hasi eta berehala, Harveyk dio: "Ulertzeko, geldoago joan behar duzu". Modu berean, inkesten zenbakiek, patxadaz, mundua erretratatzen omen dute, baina estatistikoa... ez da aspalditik guztiz estatikoa? Balantzeak kulunkatzen dira, bai, iazkotik aurtengora, baina ez gaituzte mugitzen. Portu berean jarraitzen du errealitate zenbatuak, ainguratuta, eta haren mastak antena horiek bezain aspertuta daude, inoiz ikusiko ez duten satelite baten ekiloreak, betiko kanalean. Erreposizioa da estreinua.

Jendea Keitelen objektiboren aurretik, klik, errutinaz blai edo ezustean, klik, lagun zaharrak zein berriak agertzen zaizkigun moduan, klik, ezberdintasuna errepikapenaren bihotzean. Inkestak ez dira interpretatzen dagoeneko. Argazkia egiten da, asmorik gabe, album binario batean betiko lurperatzeko. Estatistika burokraziaren fidantza da, errua aitorlekuan, misteriorik gabeko kodea, aitzakien aitzakia. Nirea bezala. Edo zeren bila nago liburutegiko leihoan? Izarrei begira zerbait irudikatu daiteke, baina bakarrik lurrera gogoz bueltatzeko, asmoa bultzatzeko. Ni denbora galtzen ari naiz baino ez, egunero legez, alde zaharreko antenei begira, trepanatuta, iritzi artikulua behingoz ez hasteko. Zerua edo itsasoa, zein da benetako ispilua? Hiru, bi, bat…

Klik!

 

David Mangana.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago