IRITZIA

Teloneroak

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2023ko eka. 2a, 10:00

Arg: Frenzee

"Logaritmoen konfort gunetik aparte daude, freskoak dira, dena emateko aukera dute… Ez dute ezer galtzerik"

"Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan…". Aspalditik hona kontzertuetan teloneroak ustezko talde protagonistak baino gehiago gustatzen zaizkit.

Boteprontoan, agian beraiekin askeago sentitzen naiz. Kartelburuak amu errazagoak dira: bizpahiru disko dituzte, maiz entzun duzu, haien bideoklipak ikusi dituzu. Nola edo hala, etxean sentitzen zara errepikatutako abesti horiek berriro entzutean, abestean, eta hori atsegina da, baina, aldi berean… sentsazioa ez da hain garbia. Nobedadearen boterea?

Txarrak izatekotan, teloneroek ez dute aukerarik izango. Publikoa barran babestuko da, eta eszenatokiaren parean marrazten den koldarren lehen lerroko amildegi hori zabalduko da, tristuraz. Aldiz, indarrez, arimaz blai agertzekotan, teloneroek xarma ekarri badute… Ez dago parekorik. Musika-itxaropena berreskuratu, oinak iparrorratz, eta bizi zenuen lehenengo zuzeneko hartan egongo zara bueltan, bueltaka, pogo berean.

Baina, ez. Ez da hori zehazki… Oraintxe konturatu naiz. Logaritmoen konfort gunetik aparte daude, freskoak dira, dena emateko aukera dute… Ez dute ezer galtzerik. Berdin jendea, lekua, ordua… Erditu berriak dira, eta ozen egin nahi dute oihu, eztanda egin arte korrika egin. Kasu egingo diezu? Beraiei bost. Taulako jolasleku hori baino ez dute behar bizitzeko, erori eta altxatzeko, denon aurrean hazteko.

Frenzee taldearekin konturatu nintzen. Helldoradoko taula beraganatu zuten. Lehen emanaldia ikusita, ez nuen gehiagorik behar. Gorputzak hitz egin zuen. Hutsik bezain beteta nengoen, askotan sentitzen dudanaren kontra; izan ere, kokoteraino nago. Sentitzen dut mundua epaiketa bat baino ez dela, nonahi. Hedabideen tertulianoen azaleko iritziak. Sarean aurreiritziak. Lagunek lagunak salatzen. Helegiteen helegiteak. Justizia etorkizunaren mamu bat besterik ez da? Paraleloan, jainkoen begirada paternalistak. Eta, biribiltzeko, etsaia etxean: urtez urte eraiki dudan etika prokastinatzen, ez naiz behar dudan bezain produktiboa, denbora xahutzen... Barneko epailea gogor eta isil entrenatu digute, geure kontra.

Pentsamendu kritikoaren oinarria ezabatuta, debekatu diogu geure buruari beste gauza bat esatea, beste ideia bat asmatzeko aukera. Hobe entzundakoa errepikatu, iritzien korrontean murgildu, eta segi beste meandro baterantz, beste arketipo baterantz, hurrengo estereotipora, hurrengo etiketara. Zertarako hausnartu? Coach-ek gu geu izatea diote, baina beti haien bandoan.

Teloneroei hori guztia berdin zaie. "Altxatu egunero azken eguna balitz bezala...". Haiek kontrakoa. Lehena balitz bezala ateratzen dira. Publikoak epaituko gaituela? Ez dugu mailu barregarri hori onartuko. Horregatik gustatzen zaizkit. Nire bizitzaren teloneroa izan nahi dudalako. Bost axola begiradak, kritikak, togen koloreak. Sakontasunetik argira igo, eta amorruz jo… Badago gehiagorik? Egunero epaitzen gaituzte, geure buruaren kontra botatzen ditugun erruak saihesten saiatu bitartean, nik neuk aldizkari batean, iritziak botatzen ditudan bitartean, zaku berberean pozoindua, begibakar itsuen erreinuan. Iritzien kartzelatik teloneroen bafle baten barruan egin nahi dut ihes. Benetan jaio, nire musika jo, hil arte bizi.

Intensito jarri naizela azken? Ulertu emozioa. Azken abestia da taula zuri utzi baino lehen, talde nagusiari... Honetarako jaio nintzen, ta honengatik hilko naiz. Zein da zure helburua? Zein aburua?

David Mangana.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago