Egomendioak

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2022ko abe. 12a, 10:04

Arg: Hermana Furia.

Irakurzale bat sumatzean, "zeintzuk dira zure liburu kutunenak?" galdetzen diot berehala, aurkikuntza berrien irrikan.

Turroiak aspalditik daude supermerkatuan, eta nik ere gabonetarako gomendioak emateko eskubidea daukat, ezta? Goazen, ba!

Baina, iep, itxaron, zer nezesidade...? Ez al da harrokeri hutsa izango nire gustuak azpimarratzea, gainerakoen gainetik? Eta, gainera, disko bat goraipatzen badut, zuretzat Olentzerori eskatzeko aproposa delakoan, ez naiz beste diskoei mespretxu egiten ari? Eta baita zuei ere! "Zuk baino lehenago aurkitu dut bitxi hau, usaimen finagoa daukat eta".

Duela gutxi, Adurtzan, "Egoalde" izeneko taberna bat ikusi nuen. Toponimoen kontuak? Hasierako "H" hori nahita jan dute? Nietzschezaleak dira? Ego-aldekoa izango naiz nire podium-ari garrantzia emateagatik?

Gustuek gerturatu eta, aldi berean, urruntzen gaituzte. Irakurzale bat sumatzean, "zeintzuk dira zure liburu kutunenak?" galdetzen diot berehala, aurkikuntza berrien irrikan. Liburu horiek nire betiko eremuan mugitzen badira, lotura bat sortuko da. Bide berdinak zeharkatu ditugu, bakoitzak bere aldetik, baina nola edo hala elkarrekin. Kontrako esparru batean egotekotan, aldiz, atzerapausoa egiten dut. Baina ez nengoen, hain zuzen, irakurketa berrien bila?! Askotan, aurretik eman ditugun erantzunak baino ez ditugu entzun nahi.

Gainera, zertarako kultur gomendioak? Gustuek ez dute baliorik. Zimurrak baino ez dira. Berez politak, batzuetan landuak, ulertezinak beti. Baina kulturarik gabe bizi gaitezke. Urte gehiago, agian; begiak ez dira letrek jota nekatuko, entzumenak ez du bafleen diktadurarik sufritu beharko.

Nerabezaroan, lagun batek eta biok zerrendak egiten genituen. Gure musikari, zinemagile, idazlerik kutunenak… Luzeak ziren karpetetan galdu ziren zutabe haiek, politeismoaren gosez blai. Adiktiboa zen gure erreferenteen olinpoa eraikitzea.

Zein izan da nirea, 2022an? "Turroi"-ra: Musikan, zuzenekoak. Hiru kontzertu zoragarri gozatu ditut aurten Gasteizen. Hermana Furia, Kubik aretoan. Tatxers, txosnetan. Cuchillo de Fuego, Jimmy Jazzen. Eta badaukat sarrera Bala eta Biznagarekin zerua ukitzeko Helldoko infernuan, urtarrilean.

Eguzkiari emandako buelta honetan irakurri ditudan liburuak zerrendatu ditut. Inoiz baino gehiago izan dira. Hainbat bizitza galdu dut beste bizitza batzuk plazer handiz zeharkatzen: El hereje, Mr. Gwyn, La comunicación no verbal, El gran cuaderno, Mesfidatu hitzez, Si te comes un limón sin hacer muecas, Matar un ruiseñor, Moscardón azul, Chucherías Herodes, Valle inquietante… Nahiko!!

Nire buruari ere zerrenda bat jarri diot, Florida zinemetan karneta eginez. Zinea zineman ikustera bueltatu nahi nuen. Ahaztuta neukan sentsazio. Pelikulak ikustera joatea. Jaula, Modelo 77, Argentina 1985, As bestas… Uzta oparoa izan da. Eta Irati, nola ez, zerumugan dago… Ez dut etxean dena ikusi nahi. Ez dut aretoen desagerpenean lagundu nahi.

Agian hori da gomendio bat. Ez onartzea. Horregatik, inbasio baten itxura dauka. Hunkitu zaituenarekin lagunak kutsatu nahi dituzu. Batzuetan, nahi gabe, txarto. "Benetan? Ez zaizu gustatu? Bueno, hurrengoan, ezta? Hurrengoan gure egoak elkartuko dira".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago