Sei dira Sansohetako gertakariak direla-eta atxilotutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko aza. 15a, 11:49

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu du informazioa; horietako bat, psikologo kliniko bat, behin-behinean espetxera bidali zuen epaileak duela zenbait egun.

Sansohetako adingabeentzako zentroko erabiltzaileen prostituzio sarearen ikerketa dela-eta sei pertsona hartu dituzte atxilo. Atzora arte pertsona bakarra zen atxilotua, psikologo kliniko bat. Hala ere, Segurtasun Sailak esan du gaur beste bost pertsona atzeman dituztela, Arabako Foru Aldundiaren legezko zaintzapean dauden adingabeen prostituzioarekin lotura dutetakoan. Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiak sekretupean du ikerketa.

Ikertzen ari diren adingabeen prostituzio sarearen lehen zantzuak apirilean gertatu ziren. Hala aitortu zuen atzo Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak. Arabako Foru Aldundiaren Sansoheta zentroko adingabe batek apirilean salatu zuen prostituitu egiten zutela. Salaketaren berri izan zuten Aldundiko adingabeen ataleko teknikariek, Arabako Adingabeen Fiskalak eta Gasteizko Udaltzaingoak. Alabaina, ikerketak ez zuen emaitzarik izan, Gonzalezek gaur goizean jakinarazitakoaren arabera.

Ikerketa martxan dago argitzeko zentroko bost erabiltzaile prostituitu egin ote dituzten. Gonzalezek jakinarazi du espetxeratutako psikologoak ez duela 2015etik lan egiten aldundiarentzat; halaber, aipatu du Sansohetako langile bat "lanetik aldendu" dutela, adingabeekin izandako elkarrizketan haren izena agertzen zelako.

Salaketaren barruan dauden adingabeak 14 eta 17 urte artean dituzte. Horietako bat iragan apirilean salaketa jarri zuen adingabea da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago