Ikerketa martxan dago argitzeko Arabako Foru Aldundiaren legezko zaintzapean dauden adingabeak prostituitu dituzten. Gutxienez bost gazteren salaketak daudela baieztatu du aldundiak. Gasteizko bigarren instrukzio epaitegiaren eta Ertzaintzaren eskuetan dago kasua. El Correo egunkariaren arabera, pertsona bat espetxera bidalia du epaileak, eta beste hamalau atxilotu eta galdekatu dituzte.
Nerabe guztiak Sansoheta zentroan bizi dira, Gasteizko kanpoaldean. Gurasoek zaintza galdu eta epaile batek foru erakundeen esku utzi dituen gazteak dira. Familia eta portaera arazoak dituzte, batez ere. Sansohetan hogei bat gazte daude, erregimen irekian, eta eguneroko kudeaketa egiten du Bizkaiko Urgatzi irabazi asmorik gabeko elkarteak.
Joan den urriaren 6an jakin zuten lehen aldiz zentroko arduradunek gertaerari buruz. Tutorearekin egiten duten ohiko bilera batean, gazte bat prostituitzeari buruz mintzatu zitzaion. Egoera ikusita, beste nerabeak elkarrizketatzeari ekin zioten, eta haietako batzuk "noizbehinka" prostituitzen zituztela adierazi zuten. Guztira, bost gazte dira, neskak eta mutilak, 14 eta 17 urte bitartekoak. Ertzaintza, adingabeen fiskaltza eta Arabako fiskalburua jakinaren gainean jarri zituen ondoren foru aldundiak.
Ikerketa horren barruan pertsona bat espetxeratu du instrukzio epaileak. Aldundiak egindako salaketetatik aparte beste batzuk ere ikertzen ari da Ertzaintza, polizia judizial gisa. Instrukzio auzitegiak sumarioa sekretupean jarri du.
Psikologoa da epaileak behin-behinean espetxera bidali duen pertsona. Ez dela foru erakundeetako langilea ziurtatu zuen Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuetako diputatuak, argibideak emateko egindako premiazko agerraldi batean. "Ez da Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko langilea, eta adingabeek ez dute izan inolako harremanik psikologo horrekin aldundiaren zaintzapean egon diren bitartean".
Langile bat, identifikatuta
Foru erakundearen eta psikologoaren arteko harreman bakarra urte hasieran egindako adopzio ebaluazio batzuk dira. "Inoiz ez ditu tratatu adingabeak zuzenean", Artolazabalen hitzetan. Prostituzioa, gertatzekotan, foru aldundiaren egoitza eta espazio publikoetatik kanpo gertatu dela adierazi zuen, halaber.
Nerabeen eta espetxeratutako psikologoaren arteko lotura non dagoen ez dakitela zehaztu zuen Artolazabalek. Hala ere, ikerketaren barruan gazteek Sansohetako beste langile bat —begirale bat— identifikatu zuten, kasuan nahastuta egon zitekeelakoan. "Susmoak izan bezain pronto" lanetik kendu zuten, eta gaur egun ez da ari aldundiarentzat beste inon lanean. Gazteen gurasoei gertatutakoaren berri eman zieten, eta bost adingabeak babesteko neurriak hartu dituztela azaldu zuen Artolazabalek.