Arabako Bertsolari Txapelketaren XVI. edizioa aurrera doa, lehen txapelketa jokatu zenetik 40 urte bete diren urtean. Hiru final laurdenen ostean, larunbat honetan, otsailaren 24an, Aramaioko Kultur Etxean jokatuko da lehenengo finalerdia, 17:30etik aurrera.
Kantatuko duten bertsolariak honako hauek dira:
- Ekaitz Samaniego Curiel (Gasteiz): 2023an Kuadrillartekoa irabazi zuen, Katuko Muñoak taldearekin (Eli Zalduarekin batera).
- Eli Zaldua Barquin (Gasteiz): Arabako Eskolarteko Txapelduna, 2013an eta 2014an; 2020ko Kudrillartekoan irabazi zuen, Aramaioko Izenbakuek taldearekin (Danel Herrarterekin batera); eta 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna da.
- Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku - Gasteiz): 2002an eta 2003an, Arabako Eskolarteko Txapelketan txapeldun. 2004tik Arabako Bertsolari Txapelketan finalista, eta 2019ko txapelduna. 2023 Arabako Kuadrillartekoa irabazi zuen Katuko Muñoak taldearekin.
- Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio): 2000ko Arabako Eskolarteko txapelduna; 2010, 2018 eta 2020ko Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan, Aramaioko talde txapeldunetako kide izan zen (Xabi Igoarekin batera). Euskal Herriko 2013 eta 2022ko Txapelketa Nagusian parte hartu zuen. 2011 eta 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketetan txapeldun.
- Peru Abarrategi Sarrionandia (Aramaio): Arabako Eskolarteko Txapelduna 2013an eta 2014an. 2020ko Kudrillartekoan irabazi zuen, Aramaioko Izenbakuek taldearekin (Manex Agirrerekin batera). 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako txapelduna da.
- Unai Anda Delika (Ametzaga - Zuia): 2013an hasi zen bertso eskolan, Uxue Diaz de Ceriorekin. 2014ko eskolartekoan kantatu zuen lehen aldiz. Egun Bertxoko sariketan eta Arabako Kuadrillartekoan parte hartzen du. 2019an Arabako Bertsolari Txapelketan kantatu zuen lehenengoz.
Gai emailea Etxaun Otaño Zinkunegi (Altza / Gasteiz) izango da. Sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke, saioaren eguneko 16:30ak arte. Sarrerarik geldituko balitz, 16:40an zabalduko litzateke txarteldegia. Aretoko ateak 17:10ean irekiko dituzte.
Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.
ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA
Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio:
- Final laurdenak:
- Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
- Otsailak 4, igandea: Oion (jokatuta)
- Otsailak 11, igandea: Laudio (jokatuta)
- Finalerdiak:
- Otsailak 24, larunbata: Aramaio (oraingoz, Peru Abarrategi sailkatuta)
- Martxoak 2, larunbata: Dulantzi (oraingoz, Aroa Arrizubieta sailkatuta)
- Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian
Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.
Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.
Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.